Anbulantzien zerbitzua zuzenean kudeatzeko eskatuko dio ESKk Osakidetzari

Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Organoak azpikontratazio pleguak bertan behera utzi ostean, egoera «inflexio puntuan» dagoela iritzi dio sindikatuak, eta Alberto Martinez Osasun sailburuari bilera eskatu dio, kudeaketa zuzena baloratzeko.

ESKko ordezkariak, gaur Gasteizen egindako agerraldian. BERRIA
ESKko ordezkariak, gaur Gasteizen egindako agerraldian. BERRIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko azaroaren 20a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste norbaitek ez badu ongi egiten, hobe norberak egitea. Iritzi hori adierazi du ESKk Osakidetzaren anbulantzia zerbitzuarekiko: 1.400 milioi euroko azpikontratazio pleguak bertan behera geratu ostean, Osakidetzak zerbitzua bere gain hartzea merkeagoa litzatekeela iritzi dio Patxi Nicolauk, sindikatuko eledunak, eta zerbitzua zuzenean kudeatzeko eskatu du. Helburu horrekin, Alberto Martinez Osasun sailburuari «presazko» bilera eskatu diotela iragarri du, hain zuzen ere, zuzeneko kudeaketa hori posible egiteko borondaterik ba ote den aztertzeko.

Atzo jakinarazi zuen sindikatuak Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Organoak, KEAO delakoak, ontzat eman zituela sindikatuek eta enpresa elkarte batek anbulantzia zerbitzuaren azken lizitazioari aurkezturiko helegiteak. ESKz gain, ELAk, LABek eta LSB-USOk ere errekurtsoak aurkeztu zituzten. LABen eta ESKren errekurtsoak onetsi ditu KEAOk, bi sindikatuek ohar bidez adierazi zutenez; ELAk irailean atzera bota zuen bere helegitea, baina atzo argitara emandako oharrean KEAOk haien helegitea «partzialki» onartu zuela zioen sindikatuak.

Gasteizen gaur egindako agerraldian, KEAOk 1.400 milioi euroko lizitazio hori bertan behera uzteko eman dituen arrazoiak zehaztu dituzte ESKko eledunek. Nicolauren arabera, Eusko Jaurlaritzak ez du behar bezala justifikatu zerbitzu horren azpikontratazioa: «Horrelako zerbitzu bat kanpora eramaten denean, administrazioak beti zuritu behar du jokabide hori, zerbitzua baliabide propioekin ematea ezinezkoa dela adierazten duen memoria ekonomiko baten bidez. Kasu honetan, Osakidetzak ez du memoria hori aurkeztu, eta zerbitzua azpikontratatzeko emandako arrazoi bakarra 'Ez dugu baliabide nahikorik' zioen paragrafo soil bat zen. Hori ez da juridikoki nahikoa».

Zuzeneko kudeaketa, merkeagoa

Jaurlaritzak egindako lana sindikatuak egin zuela azaldu du Nicolauk, aurkezturiko helegiteetan txosten ekonomikoa gehitu baitzuten, zerbitzua Osakidetzak zuzenean kudeatzeak lekarkeen gastua kalkulatuz. «Gure ekonomialariek hainbat simulazio egin zituzten, eta, kasurik okerrenean, Osakidetzak zerbitzua bere gain hartzeak %6ko aurrezkia suposatuko luke. Batez beste, ordea, zuzeneko kudeaketa %12 merkeagoa dela kalkulatzen dugu». Nondik dator aurrezki hori? ESKren arabera, lizitazioko pleguek enpresarentzako «ezkutuko diru laguntza» ziren hainbat gastu aurreikusten zituzten.

«Esate baterako, kontratuaren %11 koordinazio zerbitzu batera bideratzen zen, baina Osakidetzak badu jada anbulantziak koordinatzeko zerbitzu propioa. Anbulantzia berriak erosteko dirua ere bazegoen, baina ibilgailu horiek enpresaren jabetzakoak lirateke, eta kontratuak gero Osakidetzari edo azpikontrataturiko hurrengo enpresari saltzeko aukera zekarren». Diru hori guztia aurrezteko konponbide onena egungo lantaldea subrogatzea eta zerbitzua Osakidetzak berak kudeatzea litzatekeela uste du ESK, eta horregatik Alberto Martinez Osasun sailburuari «presazko bilera» eskatu diote.

Bilera horretara, ordea, ez dira gainerako sindikatuak batu, momentuz. «Ulertzen dugu gure sindikatuak baduela legitimazioa bilera horretara bakarrik joateko, egin dugun lan eskergaren ostean. Prest gaude, noski, batasun sindikalerako eta beste edozein sindikatu batzeko, baina haiek eman beharko dute lehen urratsa, batez ere, batzuek afera honetan izan duten jarrera zalantzatiaren ondoren», azaldu du Nicolauk. «Jarrera zalantzati» hori leporatu dio ELAri Nicolauk: «Nik badut iraileko dokumentu bat, ELAk bere helegitea atzera botatzen zuela esanez. Partzialki onartu dietela diote orain. Nik ez dakit zer gertatu den, baina kontu hauetan irmotasuna eta argitasuna behar ditugu».

«Inflexio puntua»

Lizitazioa bertan behera geratzearen ondoren, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren gainerako zerbitzu publikoak «inflexio puntu» baten aurrean daudela baloratu du ESKk. Blanca Saez de Ibarra eledunak adierazi duenez, «EAJ oso ohituta egon da zerbitzuak azpikontratatzera, azpikontratazio hori behar bezala justifikatu gabe. KEAOren ebazpen honen ondoren, atea zabalik dago orain arte behar bezala justifikatu ez diren lizitazio asko bertan behera gera daitezen». Eta gaineratu du: «Espero dugu horrek gure zerbitzu publikoen kudeaketan aldaketak ekartzea, zerbitzu gehiago zuzeneko kudeaketara igaro daitezen».

Anbulantzien kasuan, zerbitzua zuzeneko kudeaketara igarotzeko «abagune historikoa» da honakoa, zerbitzuko langile eta ESKko kide Jagoba Udaetaren ustez: «Anbulantzia zerbitzua ez du inoiz Osakidetzak zuzenean eskaini. Hasiera batean, Gurutze Gorriak eta DYAk kudeatzen zuten, eta 2002ra arte nahierara esleitzen zitzaizkien kontratuak. Geroztik, enpresa batetik bestera joan da zerbitzua, arazo handiekin, eta bi urte daramatzagu larrialdiko kontratu bat luzatzen». Udaetaren hitzetan, hori ez da «onargarria», eta zerbitzuko langileak «defentsarik gabe» sentitzen dira haien eskubideak errespetatzen ez dituzten enpresen aurrean. Hainbatek zorrak utzita laga dute zerbitzua.

Ez dago argi zein izango den Jaurlaritzaren hurrengo urratsa. Kontratu berria 2027ko urtarrilean indarrean sartzea espero zuen Osasun Sailak. Zail ikusten du Nicolauk data horretarako plegu berriak aurkeztu ahal izatea: «Urte hauetan guztietan egin ez duten lana hilabetean egitea ez dut posible ikusten». Lizitazio berriak aurkeztu ordez, zuzeneko kudeaketa da konponbidea, sindikatuaren aburuz, eta horretarako «borondate politikoa» baino ez da falta: «Iaz Donostiako ospitale onkologikoa Osakidetzan integratzea ahalbidetu zuen borondate horixe behar dugu, orain anbulantzien zerbitzua ere Osakidetzak bere gain hartzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA