Anbulantzietako langileak hiru eguneko grebara deitu dituzte

Urriaren 9an, 10ean eta 11n egingo dituzte lanuzteak. Sindikatuen arabera, «blokeatuta» dago lan hitzarmen berriaren negoziazioa

Anbulantzia bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hiru eguneko greba egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek. Hain zuzen, urriaren 9an, 10ean eta 11n izango dira lanuzteak, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Erosahalmenari eustea eta lan baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea eskatuko dute.

Sindikatuek kritikatu dutenez, urte eta erdi baino gehiago daramate negoziatzen: lan hitzarmen autonomiko berria sinatzeko 25 bilera egin dituzte. Eta, denbora horretan, patronalak «etengabe blokeatu» du negoziazioa, sindikatuek aurkeztutako eskaerei erantzun gabe. «Negoziazioarekin zerikusirik ez duten sabotaje ekintzak baliatu ditu negoziazioa blokeatzeko». Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lan gatazkan esku hartzeko, eta patronala bultzatzeko negoziazioak «edukiz» hornitzera.

Enpresen finantzaketa %30 handitu da lehiaketa berrian, sindikatuek baieztatu dutenez. Hala ere, langileek «gehiago eta okerrago» egin behar dute lan hilabete amaierara heltzeko. Haien arabera, langileen soldaten egoera «larriagotu» egin da KPIaren gorakadarekin: «Bi urtean soilik, %12 inguruko erosahalmena galdu dute».

Hiru eguneko grebara ez ezik, beste mobilizazio batzuetara ere deitu dute sindikatuek. Irailaren 29an elkarretaratzea egingo dute Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean; 09:30ean bilduko dira bertan. Urriaren 5ean, berriz, Eusko Legebiltzarraren aurrean egingo dute protesta, 10:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.