Tolosako alkateak salatu du «informazio manipulatua» zabaldu dela udaltzainen auzian

Andoni Alvarez Andoaingo alkateak udaltzain batzuek Intxaurrondoko kuartelean formakuntza jaso zutela baieztatu du, baina udalak ez du babesten udaltzainak Intxaurrondora joan izana.

Gipuzkoako udaltzain bi, artxiboko argazkia batean. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako udaltzain bi, artxiboko argazkia batean. JON URBE / FOKU
Xabier Martin - Kristina Martin
2026ko azaroaren 3a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok X sare sozialean erantzun dio atzo EAJk egindako salaketa gogorrari. Jeltzaleek jakirera eman zuten Tolosako eta Andoaingo zenbait udaltzainek trebakuntza jaso dutela Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartelean, Ertzaintzaren Arkautiko akademian jaso beharrean, eta kritika oso gogorrak egin zituzten gertakari horri loturik. Bada, Tolosako alkate Martinez de Rituertok erantzun du zabaldutako informazioaren «zati handi bat faltsua, okerra eta manipulatua» dela. 

Kaleratu duen mezuan, alkateak dio desadostasun politikoak edo neurri zehatzei buruzko eztabaidak «guztiz zilegiak» direla eta «demokratikoki osasuntsuak», baina «ezinbestekoa» dela «egia errespetatzea». «Gezurrek, manipulazioek eta interes alderdikoiek elkar ulertzeko beharrezkoak diren zubiak ereisten dituzte», ohartarazi du, siglarik aipatu gabe. Gehitu du jazotakoaren inguruko «informazio guztia» biltzen ari direla, eta udalak azalpen gehiago emango dituela hura izaten duenean; baina Martinez de Rituertok aurreratu du «zabaldu den informazio gehiena faltsua» dela; «eta hori baieztatzeko moduan nago», erantsi du.

Dena den, udaltzain batzuk Intxaurrondon egon zirela baieztatu du, eta han jasotako prestakuntza «Arma eta Lehergaiei buruzko 137/1993 Errege Dekretuaren inguruko prestakuntza teorikoa» izan zela, «ez besterik». Nork erabaki zuen Intxaurrondon jaso behar zela hura? Alkateak esan du «udaltzainburuaren erabaki teknikoa» izan zela. «Erabaki horren arrazoien artean dago, besteak beste, Tolosako Eskopetarien jaiaren antolaketan eta arma ikuskapenetan, udaltzainek duten eginkizuna eta horretarako araudia ezagutzeko beharra». 

Martinez de Rituertok gogoratu du gaur egun gai horren «eskumen esklusiboa Guardia Zibilarena» dela, «tamalez». Eta azalpenekin jarraitu du, argi uzteko berak ez duela auziaren inguruko erabakirik hartu: «Argi utzi nahi dut ez dela Guardia Zibilarekin inolako prestakuntza-hitzarmenik sinatu eta Udaltzaingoko agenteek Intxaurrondoko kuartelean egindako prestakuntza horri buruzko erabakia ez dela nik hartutakoa izan eta ez dudala erabaki hori babesten».

Bukatzeko, Tolosako alkateak «garbi jokatzeko» eskatu die «polemika antzu hau hauspotu duten eragileei». Hauteskunde interesak «albo batera» uzteko esan die eragile horiei eta «herritarren interes orokorrak» lehenesteko. «Erantzukizun politikoa egia argitzea da, ez nahasmena elikatzea».

Andoaingo alkatea

Andoni Alvarez Andoaingo alkateak sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez erantzun dio EAJk atzo egindako salaketari. EAJren Tolosako eta Andoaingo udal taldeek galderak erregistratu dituzte bi udaletan: alkateei azalpenak eskatzen dizkiete, eta Intxaurrondora jotzeko erabaki hori babesten ote duten galdetu diete.

Bada, Alvarezek baieztatu du Andoaingo udaltzain batzuek Intxaurrondoko kuartelean formakuntza jaso zutela, baina argitu du alkatetzak ez zuela hartu erabaki hori, eta ez duela babesten. «Gertaeren berri jakin genuenetik, gure gain hartu dugu gertatutakoari buruzko informazioa bildu eta herritarrei azalpenak emateko ardura», dio Alvarezek mezuan. 

Horretan ari direla erantsi du, eta dagozkien neurriak hartuko dituztela agindu. Bere argitalpena eskaera batekin ixten du Alvarezek: «Utz diezaiotela alkateak eta udalerriak herrietatik kanpo interes elektoralista eta alderdikoien zerbitzura erabiltzeari». 

EAJko Gipuzkoako zuzendaritzak irmoki gaitzetsi zuen EH Bilduren udal gobernu horien jarrera atzo, jeltzaleen esanetan erabaki horrekin udal horiek Ertzaintzaren akademia, Ertzaintza eta euskal autogobernua «mespretxatzen» dituztelako. Ertzaintzaren akademiara bidali beharrean Guardia Zibilarengana jo izanak badu beste ondorio bat, Gipuzkoako EAJren arabera: «Guardia Zibilaren presentzia indartzea Euskadin».

Hori horrela, ELA sindikatuak ere EAJk Andoain eta Tolosako udaltzainek Intxaurrondon jasotako trebakuntzaren harira esandakoei heldu die gaur. Jeltzaleek zehaztu dute Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean tiro praktikak egin dituztela udaltzain batzuek, eta bi alkateen dimisioa eskatu zuten. Bada, ELAren ustez, halako lankidetza batek «estatuko segurtasun indar eta kidegoak zuritzea eta normalizatzea» dakar, eta, ondorioz, «kaltegarria» den polizia eredu batean sakontzen du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA