Eusko Jaurlaritzak bazekien udaltzain batzuk Guardia Zibilaren trebakuntza jasotzen ari zirela

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak aitortu du «informazioren bat» bazuela jazotzen ari zenaz, eta Guardia Zibilak «uda aurretik» formakuntza eskaini zuela, baina bere sailak ezin zuen «ezer esan» horri buruz.

Bingen Zupiria Eusko Legebiltzarrean, artxiboko argazki batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / FOKU
Bingen Zupiria Eusko Legebiltzarrean, artxiboko argazki batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / FOKU
xabier martin
2026ko azaroaren 4a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako zenbait udalerritako udaltzainek Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean trebakuntza jaso dutelako albisteak leku nabarmena egin du agenda politikoan, eta oraindik ere hari hori luzatzeko tenorean dela ematen du. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak aitortu du bere sailak bazuela gertatzen ari zenari buruzko «informazioren bat». 

Onda Vasca irratian azaldu du «uda hasi baino zertxobait lehenago» Guardia Zibilaren ekimen bat egon zela udaltzaingoekin elkarlanean aritzeko. Eskaintza horren ondoren, zenbait udaltzainek formakuntza jasotzeko urratsa egin zutela ohartu ziren Segurtasun Sailean, baina hark ezin zuen «ezer esan», Zupiriak adierazi duenez. «Udal bakoitza da bere udaltzainen arduradun, eta alkateek jakingo dute beren zerbitzua ondo antolaturik ote duten, euren udaltzainak ondo kontrolaturik ote dituzten. Ni ezin naiz hor sartu».

Atzo jakin zen, ordea, Intxaurrondon ez zirela izan bakarrik Andoain eta Tolosako udaltzainak; hau da, ez zirela izan bakarrik EH Bilduren alkatetza duten udalerrietako agenteak, besteak beste Donostiako eta Irungo udaltzainek ere jaso baitute trebakuntza Guardia Zibilaren eskutik.

Bada, Zupiriak uste du trebakuntza aipatzean «zabaltzen den informazioak gauzak nahasten» dituela. Jakinarazi du, batetik, jardunaldiak egon direla Intxaurrondon, «justiziaren, fiskaltzaren eta zenbait elkarteren parte hartzearekin», eta ekimen hori «pertsonen salerosketari buruzkoa» izan dela. Bestetik, «bestelako trebakuntzak» ere egon dira, betiere Zupiriaren esanetan, «Guardia Zibilak eman dituenak jaso nahi izan dituzten udaltzainentzat».

Guardia Zibilaren gonbidapena

Segurtasun sailburuak badaki Guardia Zibilak Gipuzkoako udaltzain guztiei «gonbidapena» egin ziela. «Batzuek joatea erabaki zuten, eta beste batzuek ez joatea». Dagoeneko ezaguna da Intxaurrondora joatea erabaki zutenen artean badirela EH Bilduko zenbait udalerritako udaltzainak, tartean Andoain, Tolosa, Errenteria eta Pasaiakoak, eta badirela EAJk gobernatutako udalerritakoak ere, kasurako Donostiakoak; baita PSE-EEren udalerrietakoak ere, adibidez Irungoak eta Eibarkoak. Horri buruz «Intxaurrondora joan direnen arduradunek» hitz egin behar dutela esan du Zupiriak, edozein ardura bere sailetik aldendu nahirik.

«Euskadi Espainiako beste edozein erkidego balitz bezala tratatzen dute: norbait berea ez den eremu batean sartzen ari da»

BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua

Jaurlaritzako Segurtasun sailburua kexu da Guardia Zibilak izan duen ekimena dela eta. Izan ere, uste du eskumenen inguruko auzia ere badela hau guztia. «Trebakuntzan eskumenik izan gabe ikastaroak antolatu dituztenei» erreparatu die, eta ziurtatu «Euskadi Espainiako beste edozein erkidego balitz bezala tratatzen» dutela. Urrutirago joan da bere akusazioan, baina Guardia Zibila zuzenean aipatu gabe: «Norbait berea ez den eremu batean sartzen ari da».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA