Andoni Ortuzar PwC aholkularitza enpresak kontratatu du

EAJko presidente ohia komunikazioaren alorrean ariko da, martxoan EBBko gidaritza utzi ondoren. PPk salatu du PwC «EAJren norabidea» hartzen ari dela.

Andoni Ortuzar EBBko presidente ohia, martxoko argazki batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Andoni Ortuzar EBBko presidente ohia, martxoko argazki batean. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2025eko irailaren 5a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo otsailera arte EAJko presidente izan dena PwC aholkularitza konpainia handiak fitxatu du. Andoni Ortuzar enpresa horren komunikazio alorrean ariko da aurrerantzean. El Confidencial agerkari digitalak kaleratu du informazioa. Horri buruz galdetuta, EBBko iturriek ez dute berretsi Ortuzarren fitxaketa, baina ezta ukatu ere. Azken orduetan erantzun bera ematen ari direla zehaztu dute iturri ofizialek: «Ez berretsi, ez ukatu».

Deloitte, EY eta KPMG taldeekin batera, PwC aholkularitza talde handienetako bat da sektorean. Hain zuzen, KPMG enpresak aurtengo apirilaren 9an iragarri zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu ohia kontratatu zuela aholkulari lanetarako. PwCn, berriz, Bilboko Portuko presidente Asier Atutxa hasi zen duela urte batzuk, Ortuzar bezala BBBko kide izandakoa.

Hamabi urtez EBBko presidente izan dena PwCren komunikazio alorrean ariko da, enpresaren kanpo harremanei begira. Ortuzarrek berak esan zuen, EAJren ardura nagusia utzi zuenean, bere burua komunikazioan ikusten zuela, eta oraindik tarte bat geratzen zitzaiola erretiroa hartzeko. 63 urte ditu.

Ortuzarrek ezustean utzi zuen EAJko gidaritza, otsailean. Jeltzaleek barne prozesu gorabeheratsua izan zuten, aurrena lurralde zuzendaritzak eta gero EBB osoa berritzeko, eta, Ortuzarrek iragarri zuen arren EBBko presidente gisa jarraitu nahi zuela, barne prozesu horren bigarren itzulian bere hautagaitza erretiratzea erabaki zuen, Aitor Esteban ere lasterketa horretan buru-belarri sartuta zegoela ikusita. Bien arteko lehiak ziurgabetasun handiko jokalekua marraztu zuen EAJko afiliatuentzat, eta Ortuzarrek atzera egitea deliberatu zuen.

Kazetaria da ikasketaz

Ortuzar kazetaria da ikasketaz, baita lanbidez ere: Bilboko Herri Irratian eta Deia-n aritu zen 1987ra arte. ELA sindikatuko afiliatu gisa, Deia-ko langile batzordeko presidentea izan zen. 1987 hartan ekin zion ibilbide politikoari, aholkulari modura hasita, Jaurlaritzako Presidentetzako, Justiziako eta Garapeneko Sailean. Ondoren, hainbat kargutan aritu zen EAJren zerbitzura. 1999an, EITBko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta, ia hamar urte geroago, Bizkai Buru Batzarreko lema hartu zuen, 2008an. Luma lemaren aurretik izan zuen, beraz. Eta, orain, berriro komunikazioan aritzeko aukera izango du, baina ez hedabide batean, PwC aholkularitza enpresa handian baizik.

2013an jaso zuen Iñigo Urkulluren lekukoa Ortuzarrek EBBko presidente gisa, hura Eusko Jaurlaritzako lehendakari bihurtu ondoren, eta, 2023an abiatutako azken hauteskunde zikloa iritsi arte, erakundeen aginte zabal batek eman zion sendotasuna izan zuen aldean beti. Harik eta 2023ko udal eta foru hauteskundeen eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzek alarma piztu zuten arte alderdian; ordutik, iraganean izan zuen lasaitasun horren zantzurik ez zen EAJren barruan, eta aurtengo barne prozesuan indarrez islatu da egoera hori.

PPren salaketa

EAEko PPren presidente Javier de Andres, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesekin batzartu da gaur, gobernuburua talde politikoekin egiten ari den bilera sortaren barruan, eta batzarraren ostean, Ortuzar eta PwC enpresari buruz aritu da. Esan du aholkularitza enpresa hori  «EAJren oso berezko norabidea»  hartzen ari dela. 

De Andresek nabarmendu du Ortuzarrek ez dituela ardurak izan erakundeetan, eta haren fitxaketa ezin dela jo beteraezin gisa orain arte egin duen bidearekin. «PwCk jakingo du zer komeni zaion, jarraitu du, eta enpresa hori «EAJren oso berezko norabidea» hartzen ari dela ziurtatu du. Gogoratu du Asier Atuxa PwCn lanean dela ere, Bilboko Portuko presidente izandakoa: «Beste birekin Euzkadi Buru Batzarra hortxe dute PwCn».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.