Andoni Ortuzar Waterloora joan da Puigdemontekin batzartzera

Egoera politikoa aztertzen egon dira bi agintariak. Espainiako Gobernua osatzeko «erabakigarriak» direla gogoratu dute

Andoni Ortuzar eta Carles Puigdemont, Waterloon (Belgika), atzo. EAJ.
xabier martin
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
EAJko presidente Andoni Ortuzar eta Carles Puigdemont, erbestean dagoen Kataluniako Generalitateko presidente ohia, Waterloon (Belgika) batzartu ziren atzo. EAJren eta Juntsen arteko «harremanak estutzeko eta uztailaren 23ko Hauteskundeek Espainiako Estatuan utzi duten egoera politikoa aztertzeko» bilera izan zen, EAJk jakitera eman duenez.

Ikusi gehiago:EBBk Forondara deitu ditu jeltzaleak, «garai konplikatuan»

Puigdemont presidentari Waterloon bisita egitea «aspalditik» zuen erabakia EAJk eta «agendan jasoa», Ortuzarrek adierazi zuenez bilera amaitu eta gero. PPko hautagai Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioaren atarian, eta, horren ondotik, iristekoa den PSOEko presidentegai Pedro Sanchezenaren itzalean iritsi da bi gidarien batzarra. Bien botoak izango dira giltzarri Espainiako Gobernu berri bat eratzeko, eta Juntsen baiezkoa amnistia bati lotua egon daiteke.

«Oso topaketa adeitsua eta onuragarria» izan dela azaldu zuen EAJk. Batetik, «Euskadiren eta Kataluniaren arteko harremanak nola areagotu eta optimiza» daitezkeen aztertu dute Ortuzarrek eta Puigdemontek. Bestetik, «eta logikoa denez», bileraren «zati handi bat» eman dute egoera politikoari buruzko analisian,«kontuan hartuta bi alderdiek, U-23ko hauteskundeen ondorioz, edozein inbestiduratan funtsezko zeregina, erabakigarria» joka dezaketela.

Inbestiduraren itzala

Beraz, EAJk eta Juntsek garbi utzi dute «erabakigarriak» direla Sanchezentzat. «Gure jarrerak elkarren artean partekatzeko bilera egin dugu, oraindik hasi ez diren negoziazioei begira», esan zuen buruzagi jeltzaleak. Ezaguna da, ordea, negoziazioak izan badirela, eta, Kataluniako gatazkari lotutako amnistiaren eskaera mahai gainean lukeela PSOEk. EAJk bitartekari rola joka dezakeela ere zabaldu da, Puigdemonten eta PSOEren artean.

«Euskadiko eta Kataluniako» herritarren borondateak «erabakigarri» bihurtu dituzte EAJren bost diputatuak eta Juntsen zazpiak, azaldu du EAJk. «Prozesu garrantzitsu horri aurre egiteko» defendatzen dituzten «jarrerak eta itxaropenak» izan zituzten hizpide bi agintariek Belgikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.