Andraize omendu dute Iruñean, sexu eta ugaltze eskubideetan aitzindari izandako osasun zentroa

Iruñeko Udalak omenaldia egin die 1978. urtean sortutako zentroan ibilitako profesionalei, Sexu eta Ugaltze Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta.

Andraize zentroari omenaldia egin diote gaur Txantrean. Iruñean, zentroko langileak eta erabiltzaileak, ordezkari politikoekin batera. IRUÑEKO UDALA
Andraize zentroari omenaldia egin diote gaur Txantrean. Iruñean, zentroko langileak eta erabiltzaileak, ordezkari politikoekin batera. IRUÑEKO UDALA
Ion Orzaiz.
2026ko irailaren 28a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Familia plangintzarako zentro» gisa sortu zen, 1978. urtean. Giro politiko eta soziala nahasia zen garai hartan, eta gizarte ekimenaren eta borroka feministaren ondorioz zabaldu zuten Andraize zentroa, Iruñeko Txantrea auzoan. Aitzindaria izan zen, sexualitateari eta ugaltzeari zegokien osasun artaren ikuskera «irekia eta inklusiboa» sustatu zuelako hasieratik. Ia bost hamarkada egin ditu martxan Andraizek, eta Iruñeko Udalak omenaldia egin die bertan ibilitako profesionalei, Sexu eta Ugaltze Eskubideen Nazioarteko Egunaren karira.

Ekitaldi instituzionala egin dute Txantreako zentroan, eta panel bat paratu dute ikusgai, gogora ekartzeko «ia mende erdiko asistentzia lana» eta «emakumeen eskubideen aldarrikapena». Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iruñeko Udaleko Berdintasuneko zinegotzi Zaloa Basabe Gutierrez eta Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguez Cunchillos. Panela jendaurrean aurkezteaz, berriz, Elena Elia Tirapu arduratu da, 41 urtez Andraizeko erizain izandakoa.

Udalaren arabera, Andraizeren sorrera «inflexio puntu bat» izan zen: «Lehenengo urteetan parte hartu zutenentzat, ez zen osasun zerbitzu soila, baizik eta mobilizazioaren eta aldarrikapen sozialaren bidez konkistatutako gune bat, bereziki frankismoaren azken urteetan eta trantsizioan».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA