PSE-EEk asteon zabaldutako Aitor Estebanen argazkian azaltzen den igerilekuaren urak bare uzteko asmorik ez du azaldu gaur alderdi horretako idazkari nagusi Eneko Anduezak, eta Maiatzaren Lehena baliatu du alderdi abertzaleen aurka jotzeko, betiere euskararen inguruko eztabaida kritikaren muinean jarrita. Anduezak EAJri eta EH Bilduri eskatu die erretiratzeko Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko legebiltzarreko ekimenak; haren ustez euskararen aurkako oldarraldi judiziala gerarazi nahiko lukeen blindatze bat aurkitzeko saioa «mehatxua» baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «milaka langilerentzat». Are, hain omen da handia mehatxu hori, ezen «erantzuna kalean» ematea merezi baitu, PSE-EEko buruaren esanetan.
Anduezak esplikatu du aurten «inoiz baino arrazoi gehiago» daudela kalera ateratzeko langileen alde. Eskuinak eta eskuin muturrak eskubide horiek mehatxatzen dituztela aipatu du lehenik eta behin; «bidezkoak ez diren gerrak» seinalatu ditu segidan, langileek gal ditzaketen eskubideen etsaien zerrendan. Eta hirugarren arrazoi bat ere helarazi du, propio Araba, Bizkai eta Gipuzkoari erreparatuz: «Hemen, langileek beste arrazoi garrantzitsu bat dute kalera ateratzeko: EAJ eta EH Bildu langileei egiten ari zaizkien mehatxua». Anduezak esplikatu du bi alderdi horiek «euskararen ezagutza handiagoa inposatu» nahi dutela administrazio publikoan, Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko lege proposamenen bidez.
PSE-EEko buruzagiak bere kontakizunarekin jarraitu du: «Milaka langilek lan eskaintza publikoetan parte hartzea eta beren lanpostua egonkortzea galarazten dute» euskara eskakizunek. «Oso larria da, eta ez garamatza inora; eta esan beharrik ez dago: sindikatu guztiek kalean erantzutea merezi du».
Igerilekuaren urak baretu
PSE-EEk adimen artifiziala erabiliz egin eta X sarean hedatutako Estebanen argazkiaren inguruan, Anduezak uste du ez duela «ezer» esan behar, uste baitu neurrigabea izan dela EAJren erreakzioa. Iruditzen zaio denborarekin «urak baretu» egingo direla Eusko Jaurlaritzako bazkideen artean. Bien arteko koalizioa «ez dago arriskuan», haren esanetan. Edonola ere, hedabide askotako lehen orrian egon den argazkiaren alboan idatzi bat kaleratu zuten sozialistek, eta han ere Enplegu Publikoaren Legeari erreparatu zioten, EAJri aurpegiratuz euskararen inguruko «kontsentsua hautsi» izana.
«Euskadiko milaka langileen eskubideen aurkako eraso larria litzateke Enplegu Publikoaren Erreforma bat, ezingo bailukete ez LEP batean parte hartu, ez euren lanpostua egonkortu»
ENEKO ANDUEZA PSE-EEko idazkari nagusia
«Benetan garrantzia duen horretan jarri nahi genuen arreta», azaldu du Anduezak, argazki ospetsuaz ari zela. Zerk du benetan garrantzia harentzat? EAJk euskararen inguruan PSE-EErekin ei zuen «kontsentsua utzi» duela, «bere kabuz inora ez daraman bide bat egiteko». EAEko sozialisten buruak salatu du PSE-EE albo batera utzita aurkeztu dutela jeltzaleek beren lege proposamena; «eta bide itsu batean dagoela ikustean, saiatu da bere akatsa estaltzen, jendea despistatzeko maniobra batekin». Antonio Hernando Moncloako ordezkariak eta Anduezak berak Sabin Etxean Aitor Estebanekin zuten bilera EAJk bertan behera uztea litzateke ustezko maniobra hori; hau da, Estebanen argazkia dela-eta jeltzaleen artean piztu den haserrea.
«Diskrezioa hautsi du»
Euskararen alorrean bakarrik ez, estatutu berriaren negoziazioaren harira ere Anduezak erasoan jarraitu du jeltzaleen aurka. Salatu du EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren arteko elkarrizketa horiek «isiltasunean eta diskrezioz» egitea adostua dutela eta EAJk «hautsi» egin duela hori. Esplikatu du Estebanek Euskadi Irratian egin zituen adierazpenek —negoziazio horietan «oinarria» badagoela eta «aurrera» doazela, «papera eta gai berriak» trukatuz— eragin zutela PSE-EEren erreakzioa, hau da, X sarean txio polemikoa argitaratzea, «despistatzeko maniobra agerian» uzteko. «Eta estrategia hautsi diegunean, haserretu egin dira».
Edonola ere, PSE-EEko idazkari nagusiak uste du hiru aukera daudela Enplegu Publikoaren Legearen proposamenei dagokienez: lehena litzateke sozialisten eskaera aintzat hartzea eta EAJk atzera egitea da; bigarrena, EH Bilduk EAJk eskatu duen abstentzioa ematea; eta hirugarrena, jeltzaleek eta bilkideek akordio bat lortzea, oldarraldi judizialari aurre egingo liokeen blindatze berri bat onartzeko. Lehen aukera ez beste guztia «Euskadiko milaka langileen eskubideen aurkako eraso larria» litzateke, Anduezaren hitzetan, «ezingo bailukete ez LEP batean parte hartu, ez euren lanpostua egonkortu».