EAJk bertan behera utzi du Moncloako ordezkari batekin zuen bilera, PSE-EEren txio «lotsagarri» batengatik haserretuta

Esteban igerileku batera salto egiten azaltzen den irudi bat zabaldu dute sozialistek, esaldi honekin batera: «Hara, orain ura dago estatutu berriaren igerilekuan... dio EAJk». Antonio Hernandorekin biltzekoa zen Esteban, bihar, estatusaz hitz egiteko.

PSE-EEk X sarean kaleratutako argazkia: Aitor Esteban EBBko presidentea igerileku batera salto egiten. Adimen artifizialarekin sortu dute irudia. PSE-EE
PSE-EEk X sarean kaleratutako argazkia: Aitor Esteban EBBko presidentea igerileku batera salto egiten. Adimen artifizialarekin sortu dute irudia. PSE-EE
xabier martin
2026ko apirilaren 28a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aurrera goaz, badago oinarria». Hitz horiekin azaldu du Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak estatus berri bati buruzko negoziazioek daramaten bidea. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Estebanek berretsi du azken egunetan «aurrera» egin dela EAJ, EH Bildu eta PSE-EE negoziatzen ari diren estatutuaren berrikuntzan, eta aurreratu du hiru indar politikoak «paper eta gai berriak» aztertzen ari direla.

PSE-EEk ez du batere ongi hartu iragarpen hori, eta Esteban barregarri uzten duen irudi bat hedatu du X sare sozialean. EBBko burua, traje eta guzti, igerileku batera salto egiten ageri da adimen artifizialarekin landutako irudi horretan, eta esaldi hau dauka alboan: «Hara, orain ura dago estatutu berriaren igerilekuan... dio EAJk».

Estebanen aurkako «neurri horretako errespetu falta» batek ez dauka justifikaziorik EAJrentzat, «lotsagarria da», eta, horregatik, EBBk erabaki du bertan behera uztea Estebanek bihar bertan Moncloako ordezkariekin zuen bilera bat. EAJren haserrearen neurriaren adierazle da erabaki hori. Espainiako Gobernuko ordezkariekin egitekoa zen bilera hori ez zegoen EAJren agendan, eta ez zen publikoa.

Hain zuzen, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen konfiantzako kargudun batekin elkartzeko zen, Bilbon, Esteban: Antonio Hernandorekin; gaur egun, Telekomunikazioko estatu idazkaria da Hernando, baina aurrez Sanchezen kabineteko zuzendaritzan aritu zen. Bilera horretan, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere parte hartu behar zuen, eta Gernikako Estatutuaren berrikuntza zegoen agendan.

Ez da ohikoa eduki horri buruzko bileren inguruko informazioa zabaltzea, Espainiako Gobernuko ordezkariak mintzakideen artean daudenean. Estebanen goizeko adierazpenak eta haren ondotik PSEk zabaldutako txioak, ordea, kalapita handia eragin dute, eta nahasmen horretan jakin da Moncloako ordezkari batek EAJko buruzagiarekin hitz egin behar zuela estatus berriaren inguruan.

PSEk, zabaldutako txioan, ziurtatu du «ospatu» egin beharko dela Estebanen «baikortasuna», eta erantsi «kasualitatea» izango dela baikortasun hori EAJren «garai zail batean» iristea. Sozialisten arabera, EAJk erabaki du «EH Bilduren atzetik» joatea, «oposizioetan euskara eskakizunak handitzea eta oraintsuko kontsentsuak haustea». Gainera, «zorroztasuna eta eskuzabaltasuna» eskatu dio EAJri, «autogobernua, euskararen defentsa eta euskal gizartearen interesa komunak defendatzeko». Hala jokatuz gero, PSE-EE lanerako prest egongo dela dio txioak, «baina hauteskundeei begirako kalkulurik gabe».

Azken urtean, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PSOE bera diskrezio handiz aritu dira negoziatzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoari Espainiako Estatuarekiko beste estatus bat emango liokeen akordio bat. Estebanek berak BERRIAn aurreratu zuen 2026ko urtarrilerako adostasunen bat lortzea espero zuela, baina ez da horrelakorik gertatu. Hala ere, ez du ematen alderdien artean egon daitezkeen korapilo garrantzitsuek negoziazioak bertan behera utzi dituztenik, betiere EBBko buruak gaur bertan esan duena aintzat hartuta.

Ez du eperik aipatu

Edonola ere, indar abertzaleek mahai gainean jarri dituzte nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea edo «benetako aldebikotasuna» esan diotena, eta negoziagarri diren eduki horien inguruan ez du azalpenik eman EAJko presidenteak, gaur. Aitzitik, elkarrizketa horiek «behar den zuhurtzia errespetatuz» egin behar direla helarazi du beste behin, eta, beraz, uko egin dio epeei buruzko xehetasunak emateari.

Bistan da: PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezari ez zaizkio oso zuhurrak iruditu Estebanen gaurko adierazpenak, eta ikusteko dago PSEren txioaren harira jeltzaleen eta sozialisten artean sortutako enegarren kalapitak zer-nolako bidea egingo duen datozen orduetan.

Edonola ere, iazko urrian, Estebanek gertu ikusten zuen hiru alderdien arteko adostasuna: «Lehenbailehen jarri behar dugu ados hemen», esan zuen BERRIAn. «Gura nuke urtea amaitu aurretik gauzak argi edukitzea, eta, ezin bada, datorren urtearen hasierarako. Baina arin ibilita ere, Kongresuan egungo gehiengoa aurkituko dugu? Ezin dugu jakin».

EH Bilduk, berriz, azken asteetan, estatus berriaren negoziazioetan buru-belarri jartzeko eskatu die EAJri eta PSE-EEri, gogoratuta litekeena dela Espainiako agintaldia hilabete batzuen buruan amaitzea. Duela egun batzuk, koalizio abertzaleko eledun Pello Otxandianok «bere kapital politikoa arriskuan» jartzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesi, «estatus politiko berriaren eztabaida erdigunean kokatzeko». Euskal Herriak dituen erronkei aurre egiteko «agerikotzat» jotzen du «botere oinarri berri bat eta blindaje bermeak» behar direla.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA