Atzo egin zuten PSE-EEko batzorde eragilearen bilera, eta orduan solastatutakoen berri emateko prentsaurrekoa egin du gaur Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak. Aktualitateko gaien errepaso bat egin du prentsaurrekoan, eta, bertze behin, tarte hori baliatu du sozialisten eta jeltzaleen arteko aldeak nabarmentzeko; bertzeak bertze, Euskal Enplegu Publikoko Legearen erreformaren harira: «Pena ematen dit onartzeak, baina ez dugu ikusten EAJk lehengo adostasunei heltzeko jarrera duenik, eta zailtasunak dauzkagu ados jartzeko».
EH Bilduk joan den astean salatu zuen EAJk eta PSE-EEk Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko negoziazioetatik kanpo utzi zutela koalizioa. «Esan izan dute hizketan ari garela, baina ez da egia, nahiz eta gu erabat prest gauden horretarako», kritikatu zuen Josu Aztiria legebiltzarkideak. Halere, Eusko Jaurlaritzako gobernu koalizioan ari diren bi taldeen arteko solasaldietan ez dute aurrerapauso nabarmenik eman oraingoz. Anduezak adierazi du hizkuntza eskakizunen gainean «alde handiak» dauzkatela, eta PSE-EE ez dagoela prest edozein baldintza onartzeko. Sozialisten buruak uste du EAJ EH Bildurekin «lehian» ari dela auzi horretan, eta hala bataren nola bertzearen asmoa dela administrazioan euskara maila handiagoa eskatzea, «euskal herritar askoren lan eskubideak zapalduta».
Halere, «negoziazio lanetan» dabiltza oraindik jeltzaleekin: «Hitz egiten ari gara, eta zinez ari gara ados jartzeko ahaleginean, baina, zintzoki esanda, duela hilabete batzuk bezain zail ikusten dut egoera». Beraz, adierazi dute elkarrengandik urrun daudela.
«Hitz egiten ari gara, eta zinez ari gara ados jartzeko ahaleginean, baina, zintzoki esanda, duela hilabete batzuk bezain zail ikusten dut egoera»
ENEKO ANDUEZA PSE-EEko idazkari nagusia
Desadostasun horiek ez daude soilik euskararekin lotuta, Anduezak aitortu duenez. Agerraldian, Ayesa, Pasaiako Portua eta Gernikako Estatutua osatzeko transferentziak aipatu ditu, bertzeak bertze. Hala, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak adierazi bazuen ere Madril haren pazientzia «mugara» eramaten ari dela, Anduezak erantzun du «lasai eta zorrotz» negoziatu behar dela auzi hori, «gai nuklearra» dela eta: «Badirudi batzuei ez zaiela ongi iruditu prozesua beharrezko patxadaz hartzeko egindako gonbidapena, eta aitortzen dut ez dudala ulertzen».
Horiek horrela, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak «geroz eta garbiago» ikusten du EAJ eta PSE-EE ez direla elkarren artean ados jartzen, eta «eguneroko ogia» bilakatu direla elkarren arteko desadostasunak eta deskalifikazioak. «Gobernantza kolaboratibo bat behar dugu, unean uneko akordioetatik harago joango dena, eta herritarrak erdigunean jarriko dituena». Naiz irratian egin ditu adierazpen horiek, gaur, eta beharrezkotzat jo du politika egiteko moduak aldatzea.
Sumarren eskakizuna
Iriarte ez da izan EAJri eta PSE-EEri begira jarri den bakarra. Aitzitik, Alba Garcia Sumarreko idazkari nagusiak prentsaurrekoa egin du gaur Bilbon, eta eskaera bat egin die alderdiei: ez daitezela eskuinera lerratu. Haren erranetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ezker «indartsua, modernoa eta ausarta» garatu behar da, eta EH Bilduk eta PSE-EEk ezin dute «EAJren besoetara jauzi egin, ahal duten guztietan egiten duten bezala».
Horrenbertzez, nabarmendu du «Euskadiren alde egitea» ez dela eskuinarekin proiektu bat eraikitzea, «baizik eta itxaropena sortzea eta pertsona orori eskubideak bermatzea». Are, uste du EAJ eta PSE-EE erabaki bat hartu beharrean daudela: «Aukeratu behar dute agenda politikoa eskuin muturrera lerratu, edo gaurko benetako erronkei erantzun eta politika ausartak bultzatu etorkizuna eraikitzeko».
Era berean, eskuin muturraren kontra egitea «politika batetik deskonektatu direnak politikoki interpelatzean» datza, Garciaren ustez. Alegia, «eguneroko arazoei erantzunik emateko gai ez direla sentitzen dutenak» hurbilaraztea da Sumarren hurrengo helburua.