Azken asteetan agerian geratzen ari da EAJren eta PSE-EEren arteko itunetan badirela desadostasunak, baina, era berean, bi aldeek adierazi dute desadostasun horiek ez direla gobernu akordioak hausteko adinakoak. Gaurkoan, EAEko sozialisten buru Eneko Andueza izan da bere alderdiaren jarrera defendatzera atera dena. Adierazi du «beharrezko» ikusten duten bakoitzean azalaraziko dituztela desadostasun horiek, baina egungo bide orriari eutsita: «Ez dakit EAJk zer pentsatzen duen, baina nik argi daukat Alderdi Sozialistak badakiela zertarako gauden batera. Espero dut haiek ere garbi izatea».
PSE-EEren Nazio Batzordearen bilkuran egindako adierazpenetan, sozialisten jarrera defendatu du Anduezak. Besteak beste, Pasaiako portua eskualdatzeko nahia, Kutxa Ayesako operaziora ez batzea, 1976ko martxoaren 3ko sarraskian Espainiako Estatuaren ardura eskatu izana eta atxilotuen jatorriaren berri ematea txarretsi dizkio EAJri. Gai horri dagokionez, argudiatu du herritarrek antzeman dezaketen segurtasunik eza ez dela hala konponduko, «ertzain gehiago jarrita, giza baliabide eta baliabide material gehiago jarrita» baizik.
Martxoaren 3ko sarraskian Espainiako Estatuak izandako erantzukizunaren aitortzari erreparatuz, berriz, kritikatu egin ditu, besteak beste, Gasteizko Udaletik, EH Bildutik eta EAJtik Madrili egin zaizkion eskakizunak. Haren esanetan, Pedro Sanchezen gobernuak, gobernu sozialista bat izanik, ez du zertan «barkamena» eskatu: «Ez ginen arduradun izan, basakeria haren biktima izan ginen».
Eta begirada Madrildik gehiegi aldendu gabe, Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen transferentzien inguruko eztabaida ere izan du hizpide. Anduezak «eszenifikazio» gisa aurkeztu du berriz ere Eusko Jaurlaritzak eta EAJk negoziazioez egindako interpretazioa. Epemugak «inposatzea» eta edukiak «exijitzea» txarretsi die jeltzaleei, eta erantzun du hori ez dela negoziatzeko modu egokia: «Ezin dira hala moduz eskualdatu, segurtasun juridiko, ekonomiko eta funtzionala behar da».
Era berean, PSOEk Gernikako Estatutua betetzeko bidean izan duen rola nabarmendu du, esanez Sanchez gobernura iritsi zenetik hogei eskumen baino gehiago eskualdatu direla. Haren hitzetan, gehiago ere iritsiko dira, eta gehitu du hori «PSEren konpromisoari» esker gertatuko dela. «Behar den bezala iritsiko dira, berme guztiekin, eta ez batzuek inposatu nahi duten bezala», esan du, EAJri erreferentzia eginez.
Adierazi du jarrera horrek ez duela zerikusirik hauteskundeekin, EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek leporatutakoak ukatuta. Horren ordez beste xede bat dutela esan du: «Milaka euskal herritarren eskubideak defendatzea». Eta gehitu du hori «konplexurik gabe» eta «sendotasunez» egingo dutela.