Udal eta foru hauteskundeei begirako prozesu primarioari hasiera eman dio PSE-EEk, eta horrekin batera Eneko Andueza idazkari nagusiak nabarmen aldendu nahi izan du gainerako indar politikoetatik, baita bazkide duen EAJtik ere. Horretarako, parez pare jarri ditu Voxek eta PPk Espainiako zenbait erkidegotan itundutako «lehentasun nazionala» eta EAJk eta EH Bilduk adostutako Euskal Enplegu Publikoaren lege erreforma.
«Eskuin muturraren eta eskuinaren lehentasun nazionalaren aurrean, nazionalismoaren lehentasun nazionalaren aurrean, lehentasun soziala defendatuko dugu». Alderaketa hori behin eta berriro erabili du Anduezak PSE-EEren Nazio Batzordearen bileraren ostean egindako hitzaldian. Izan ere, «nazionalismoaren obsesioei» lehentasuna ematea egotzi die alderdi abertzaleei, eta adierazi du «euskal nazionalismo garratzenean» eskuin muturraren diskurtsoaren zantzuak nabari dituela. «Lehentasun nazionala eta nazionalismotik eraiki nahi dutena borrokatuko ditugu», gehitu du EAEko sozialisten buruak.
Euskarak piztu du Anduezaren haserrea; zehazki, Euskal Enplegu Publikoaren legea EAJk eta EH Bilduk adostu izanak. «Akats» bat dela esan du, eta gehitu sozialistek ez dutela inolaz ere babestuko: «Ez gaitzatela kontuan hartu administrazioak euskara eskakizunak areagotzeko helburua duen akordio bati aurpegia garbitzeko». Haren hitzetan, «administrazio publikoan lan egiteko eskubidea» babestea izango da PSE-EEren xedea, eta gehitu du ez dutela onartuko «eztabaida garrantzitsuetatik kanpo» utz ditzaten «nazionalismoaren ikuspegiarekin» bat egiten ez dutelako.
Euskara, baina, ez da EAJtik aldentzeko argudio bakarra. Ekaineko bilkura monografikoan egin bezala, Anduezak jeltzaleei —tartean, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari— «ongizate estatua zalantzan jartzea» egotzi die.
Hala, bi auzi horiei tiraka, Anduezak adierazi du PSE-EE dela «politika erabilgarriak» lantzen dituen alderdia, baita «lehentasun sozialaren alde» egiten duena ere: «Herritar guztien eskubideak defendatzen jarraituko dugu, bazterketaren eta zatiketaren bidean murgiltzen direnen aurka». Haren hitzetan, hala egin dute orain arte, eta adibide gisa aipatu du euren lanari esker «Ibarretxe plana izan zen zorakeria atzean utzi, eta etxebizitza babestuen ehunekoaz» eztabaidatzen hasi direla Eusko Legebiltzarrean.
Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, PSE-EEk hamabi alkatetza ditu; besteak beste, Gasteizen, Irunen (Gipuzkoa) eta Portugaleten (Bizkaia) gobernatzen dute sozialistek. Anduezaren xedea, baina, kopuru hori areagotzea da, eta foru aldundietan «egonkortasunaren» alde egiten ari diren lana sendotzea.