Sare Herritarrak jakinarazi duenez, Angel Lopez Anta euskal presoa urrundu dute, Huelva II-tik Algecirasera lekualdatuta. "Euskal presoei ezartzen zaien urruntze politikaren ondorioz, oraindik ere, ETAren desagerpenetik ia bi urte igaro diren honetan, ulergaitzak egiten zaizkigun erabakiak hartzen jarraitzen dute", kritikatu du plataformak.
Gainera, gogorarazi du, urruntzeaz gain, "hamar urteko zigor atxiki bat" duela Lopez Antak; zehazki, "auzi beragatik Frantziako Estatuan betetako hamar urteko espetxealdia kontuan ez izatea". Lopez Antak urtarriletik behar zuen aske, baina "beste hamar urteko espetxealdia bete beharko du, Frantzian jada betea duena".
Hori horrela, Sarek jakinarazi du mozioak aurkeztuko dituela Bizkaiko Batzar Nagusietan eta udaletan, haren egoera salatzeko. Azkenik, Espainiako jarduneko gobernuari eta inbestiduraren ostean osa daitekeenari eskatu diote "eskubideen urraketa amaitzeko" eta 2018ko ekainean Pedro Sanchez Espainiako orduko presidenteak esandakoa betetzeko: "Espetxe politika honen sakoneko aldaketa bat egin dezala".
Espetxe politika alda dezatela eskatzeko, hainbat mobilizazio antolatu ditu Sarek. Batetik, haur motxiladunen egoera aldatzeko, elkarretaratzera deitu du biharko Bilbon, Bizikidetzaren plazan (19:00), eta larunbaterako Donostian, Bulebarrean (12:00). Bestalde, manifestazioa egingo dute urtarrilaren 11n, Bilbon, La Casillatik abiatuta. Egun berean, bakegileek Baionan deitu dute mobilizaziora: 15:00etan abiatuko dira, Lauga aretotik. Bi martxek Orain presoak izango dute leloa.