Aurrekontuen negoziazioan «maila emateko» eskatu dio D’Anjouk oposizioari

EH Bilduk kritikatu du proiektua ez dela «hedakorra», baina hitz egiteko prest dago. Baita PP ere. Sumarrek, berriz, «zaila» ikusten du adostasunen bat lortzea.

Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, legebiltzarrean. Artxiboko irudia. RAUL BOGAJO / FOKU
Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, legebiltzarrean. Artxiboko irudia. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2025eko azaroaren 3a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan ekin dio aurrekontuak Eusko Legebiltzarrean aletzeari. Sailburu bakoitzak nork bere sailaren lehentasunak zeintzuk diren eta diru sail bakoitza nora edo zertara joango den azalduko du. Noel D’Anjou izan da lehenengoa, baina Ogasun eta Finantza sailburuak apenas eman duen azalpenik bere saileko aurrekontuari buruz. Proiektuaren alde egin du, eta negoziazioan «zintzo» jokatzea eta «maila ematea» galdegin dio oposizioari.

EAJk eta PSE-EEk legebiltzarrean duten gehiengoari esker, Jaurlaritzak ez du arazorik izango aurrekontuak onartzeko. D’Anjouren ustetan gauza ona da hori, onartzeak berak «egonkortasuna» bermatuko diolako EAEri «nazioarteko zurrunbiloaren» testuinguruan, eta «konfiantza» emango dielako familiei eta enpresei: «Mezu positiboa ematen du».

Sailburuak berretsi du aurrekontu «onak» direla, eta, horregatik, babesteko eskatu dio oposizioari: «Borondate politikoa baino ez da behar». Azpimarratu du gobernuak «aurretiazko baldintzarik gabe» helduko diela elkarrizketei, eta, bide beretik, taldeei eskatu die haiek ere «interes alderdikoiak» alde batera uzteko eta «elkarguneak» bilatzen ahalegintzeko. Guztiei bidali die mezu bera D’Anjouk, ezkerreko nahiz eskuineko taldeei, haren hitzetan «bateragarria» baita adostasunak bi aldeekin lortzen saiatzea.

Akordioa, zail

Zail izango du taldeen babesa lortzea, ordea, oposizioa kritiko azaldu baita Jaurlaritzak aurreko astean aurkeztu zuen proiektuarekin. EH Bilduko Pello Otxandianok adierazi du aurrekontuak ez direla hedakorrak, gobernuak hala saldu nahi badu ere. Gastu arrunta %4 inguru haziko baita aurtengoarekin alderatuta, hau da, BPG nominalaren mailan: «Inflazioa kontuan hartzen badugu, aurrekontuak ia parekoak dira». Eta kritikatu du sail batzuen diruztatzea beste batzuen bizkar handituko dela.

Kritiko azaldu da, halaber, Jaurlaritzak izandako moduekin ere. Adierazi du proiektua aurkeztu aurretik soilik «bi aldiz» elkartu zela Jaurlaritza koalizio subiranistarekin, eta orduan oraindik zirriborroa egin gabe zutela. Otxandianok Nafarroarekin alderatu du, eta gogorarazi du han oso bestela jardun dutela. Edonola ere, azpimarratu du EH Bildu negoziatzeko prest dagoela: «Badaukagu proposamen bat, eta gobernuaren deiaren zain geratzen gara».

Bide beretik, Sumarreko Jon Hernandezek ere azpimarratu du aurrekontuak ez direla «anbiziotsuak»; are, uste du «kontserbadoreak» direla, jarraitutasuna ematen diotelako orain arteko ildoari: «Ez dute ezer eraldatzen, eta alor batzuetan eraldaketa behar da». Jaurlaritzak ezarritako lehentasunekin ere ez dator bat, eta, beraz, ez dago ados diru sailen banaketarekin. Kritikatu du Ongizate Sailaren aurrekontuaren bikoitza bideratuko duela Segurtasun Sailera, eta haren erdia Etxebizitzarenera. Eta aurreratu du horrek zaildu egingo dituela negoziazioak.

Alva Gotxi PPko legebiltzarkideak adierazi du bere taldearen eredua guztiz bestelakoa dela, baina prest azaldu da Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua «hobetzeko». Halere, kezka agertu du gehiegizko zorpetzeagatik eta goi kargudunen gastu «errekorragatik». Gotxik Jaurlaritzari ohartarazi dio aurkeztu duen aurrekontua bere horretan onartuz gero iaz bezala datorren urtean ere ez duela gastu araua beteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.