Antiespezistek diote animalien ongizate zigiluak «gezurra» direla

Manifestazioa egin dute Donostian, animalien eskubideez kontzientzia hartzeko egunean. Espezismoa kapitalismoarekin lotu dute

Seigarren urtez egin dute manifestazioa, Nor taldeak deituta. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2023ko azaroaren 02a
00:00
Entzun
Animalien ongizatearen inguruan zabaltzen ari diren kontzeptuak eta arauak auzitan jarri zituen atzo mugimendu antiespezistak, Donostian egindako manifestazio batean. Animalien askapena! Euskal Herria antiespezista lelopean, aldarrikatu zuten «animalia esplotatuek» ezin dutela ongizaterik izan, ongizaterik ez delako askatasunik gabe; hartara, «gezurtzat» hartu zituzten «animalia zoriontsuei buruzko kanpainak». Eta Euskal Herrian ere esplotazioa bagoela gaineratu zuten: «Ezin dugu ahaztu makroetxaldeetako animaliek edo Euskolabelekoek hiltegian amaituko dutela».

Seigarren urtez egin zuten manifestazioa azaroaren 1ean, animalien eskubideez kontzientzia hartzeko egunarekin bat eginda, eta Nor talde antiespezistak deituta. Animaliek jasaten dituzten egoera bidegabeak salatu zituzten, eta bereziki erreparatu zieten animalien ongizatea egiaztatzeko elikagaien industriak erabiltzen dituen zigiluei: «Oilo zoriontsuen arrautzekin hasi ziren, eta orain haztegi osora hedatu nahi dituzte. Hazle handiek zein txikiek, denek hartzen dute parte jokoan». Gezurretan aritzea eta gizartea manipulatzea leporatu zieten enpresei: «Hitz ederra da ongizatea, eta lapurtu egin digute, beren interes ekonomikoen mesedetan erabiltzeko. Kontakizun bat eratu nahi dute, badakitelako zuzen gabiltzala eta antiespezismoa dela etorkizuna».

Izan ere, adierazi zuten animalien esplotazioa dagoela ongizate zigiluen atzean, eta ageriko bortizkeriaz harago doala esplotazio hori: «Azken urteetan kaleratu diren ikerketek eta haztegien irudiek gogoeta asko piztu dituzte, baina kontua da zapalkuntza ez dela soilik ikusten den bortizkeria hori. Indarkeria da norbaitek bere buruaren jabetza ez izatea; indarkeria da animalien interesak kontuan ez hartzea; indarkeria da arrautza gehiago errun ezin dituen oiloa zoparako hiltzea; indarkeria da behiak haurduntzea esnea eman dezaten. Horiek bezala, beste hamaika jazarpen sufritzen dituzte animaliek».

«Gorputzak eraldatu»

Antiespezisten ustez, animalien esplotazioa «sistema kapitalistaren hauspo bat gehiago» da, eta gizakien eta animalien arteko harremana «estraktibismoan» oinarritzen da, haien «izana xurgatzean». Animalientzako askatasuna eskatzen du mugimenduak, baina gaur egun guztiz kontrakoa gertatzen dela nabarmentzen du. Bide horretan, animalien bizitza «erabat kontrolatzea» egotzi diete esplotatzaileei: «Kontrola ez da bakarrik animaliak kaiola batean sartzea; gorputzak hautatzean eta eraldatzean datza, jabeen mesedetan, eraginkortasunaren izenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.