«Antolatu gaitezen, euskaltzaleok». Hori izan zen Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek abenduaren 27an Bilbo Arenan egin zuten Pizkundea ekitaldian emandako mezu nagusia: «Elkarrekin isiotu dezagun hurrengo pizkundea». Erantzun beroa izan zuen ekitaldira joateko deiak: 6.500 euskaltzale elkartu ziren, giro ederrean. Mugimendu bizia eta sendoa eragiteko eta sustatzeko deia egin zien Eskisabelek guztiei. Aurrez, hori bera adierazi zuen ekitaldira deitzeko Kontseiluak plazara atera zuen Euskaltzaleon garaia da adierazpenean ere; lehendik ere euskarak izan dituen ataka zailetan euskararen aldeko hautua egin zuten euskaltzaleen lana eta argitasuna goraipatu zituen, eta esan zuen garaia dela su hori berriz pizteko: «Ekiteko garaia da».
Nola ekin, ordea? Nola izan euskaltzale gaur egun? Lagun dezakeen tresna bat zabaldu zuen Kontseiluak Bilbon: Euskaltzaleon gida. Agiri «irekia» dela adierazi dute Kontseiluko arduradunek, eta osatzeko modua izango dela. Sei jarraibide ditu, eta guztiak batzen dituen hari nagusi bat: «Hautu hauetako bakoitza txinparta bat da pizkunderako».
1
Euskaraz bizitzeko hautua egin
Gidan ematen den lehen jarraibideak halaxe dio: «Euskalduna bazara, euskaraz bizitzeko hautua egin: erabili bizimoduko eremu guztietan, lehenetsi euskarazko kultur eskaintza, euskarazko hedabideak, euskarazko edukiak...». Ingurura begira egin behar da hautu hori. «Erraztu zure jarrerarekin euskaraz zailtasun gehiagorekin ari direnak eroso sentitzea. Hurbildu euskara ez dakitenei». Hor aurrera egite aldera kontzientzia hartzea zeinen garrantzitsua den ere nabarmendu dute gidan: «Ohartu euskara minorizatutako hizkuntza dela, eta zu zeu minorizatutako hiztuna».
Lehen puntuaren harira, hiztun komunitatearen garrantziaz ohartarazi zuen Eskisabelek Bilboko ekitaldian egin zuen mintzaldian: «Hizkuntzak ezer gutxi dira abstrakzioan. Hizkuntzak gugan gorpuzten dira, hizkuntza hiztunak dira; euskara gu eta beste milaka eta milaka herritar gara».
2
Euskara ikasteko urratsa egin
Euskararen «jabe» ez direnentzako jarraibidea da: «Egin ezazu ikasteko urratsa. Edo, behintzat, euskarara hurbiltzekoa. Erraztu zure jarrerarekin euskara normal erabiltzeko aukera». Atzetik datozenei bidea errazteko ere eskatzen zaie: «Eman euskara ondorengoei». Eta berriz jaso dute puntu horretan ere kontzientziaren garrantzia. «Ohartu minorizatutako hizkuntza bat dela euskara, eta minorizatutako hiztun komunitatea euskaldunena, eta ondorioz babestu haien aldeko berdintasun eta berme politikak».
Horrez gain, Eskisabelek nabarmendu zuen erdaretatik ere izan daitekeela euskaltzale: «Askotarikoa eta zabala da euskaltzaletasuna. Era asko dago euskaltzale izateko, baita euskararen jabe izan gabe ere».
3
Ez normalizatu hizkuntza eskubideen urraketak
Hirugarren jarraibidea: «Ez normalizatu eta isildu hizkuntza eskubideen urraketarik». Eta jokabide zehatz bat proposatu dute: Hizkuntz Eskubideen Behatokira jotzea urraketak salatzeko. Euskararen telefonoa deituaren bidez jasotzen ditu erakunde horrek euskaltzaleen kexuak. Baita zorion mezuak ere. Baina erdaren nagusitasun ia erabatekoa erakusten dute gehienetan ateratzen dituen txostenek. Iazko apirilean eman zuen argitara azkena, 2024ko datuekin. Horra datuak: 1.206 intzidentzia jaso zituzten; horietatik 1.112 kexak izan ziren; 62, zoriontze mezuak; eta 32, kontsultak, iradokizunak eta bestelakoak.
4
Partekatu kezkak ingurukoekin
Laugarrenak halaxe dio: «Zure ingurukoekin partekatu euskararen etorkizunak sortzen dizun kezka. Hitz egin hizkuntzen auziaz, zure bizipenez. Entzun besteenak». Bilbon egin zuen mintzaldian ere Eskisabelek gogoratu zuen euskaltzaleek elkartzeko tokiak behar dituztela, elkarren berri izateko, eta elkarri adorea eta abaroa emateko. «Elkarguneen premia adierazi digu jendeak. Elkarguneak, erabileraren eta gaitasunen apaltzeak eta erronka berriek sorturiko kezkak hizpidera ekartzeko. Euskararen aurkako oldarraldiak eragiten dien minaz hitz egiteko. Hiztun gisa, herritar gisa, jasaten ditugun eskubide urraketak isilean gorde ordez lasai adierazteko».
5
Lehentasuntzat jo euskara
«Zure lehentasun sozial eta politikoetara ekarri euskararen auzia». Horixe da bosgarren jarraibidea. Eta eskari zehatza egin diete euskaltzaleei: «Beste hainbat gairekin egiten duzun bezala, zure botoa erabaki aurretik ezagutu aukeran dauden indar politikoek nolako hizkuntza politika proposatzen duten».
6
Antolatu euskaltzale gisara
«Egungo munduan euskaraz bizitzeko —eta euskaraz bizi dadin— ezinbestekoa da beste pizkunde bat eragitea. Eta hori gertatzeko euskaltzaleen mugimendu indartsua behar da. Beraz, antolatu». Gidaren azken puntua da, eta aurrekoak ere biltzen ditu. Jarraibide hori betetzeko hainbat proposamen ematen ditu: euskalgintzaren barruko erakundeetan jardutea eta euskararen borroka eramatea, halaber, ahalik eta esparru gehienetara. Guztietan nahi ditu Kontseiluak euskaltzaleak martxan, euskararen aldeko «erabaki, jokabide eta jarrerak» sustatzen.