Idurre Eskisabel

Euskaltzaleon garaia da

2025eko abenduaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errotonda, bidegurutzea, moteltzea, etena, minbizia.... Azken urteetan hitz sorta hori guztia erabili da euskalgintza askotariko eta zabaletik ezinegon baten berri emateko: euskararen etorkizunak sorturiko kezka adierazteko. Izan ere, datuek, ikerketek eta aurreikuspenek normalizazio eta biziberritze prozesuan atzera egiteko arriskua handia dela agerrarazi dute; beste era batera esanda, duela mendi erdi pasa hasitako Pizkunde zikloa agortu delako zantzuak gero eta nabariagoak dira.

Hori guztia aintzat harturik euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela adierazi genuen Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileok orain urtebete. Aurretik katalanek eta galiziarrek egindako adierazpenarekin bat egin genuen horrela, eta, aldi berean, geure egin genuen mundu aldrebestu honetan ugaritu zaizkigun krisi sistemikoak izendatzeko terminologia. Hizkuntza-larrialdia krisi sistemiko horien parte baita, globalizazioaren muturreko aldaera honek eta bizitzaren digitalizazioak eremu guztietan egiten baitu indartsua indartsuago eta zaurgarria zaurgarriago; hizkuntzen auzian, hizkuntza nagusiak nagusiago eta euskara bezala minorizatuta daudenak oraindik eta ahulago.

Hala ere, azpimarratu genuen larrialdian gaudela adieraztea ez zela lantua jo eta etsitzeko dei bat; aitzitik, euskarari Pizkunde berri bat emateko lehen argi-izpia ekartzea dela. Itxaropenaren txinparta piztekoa.

Euskaldunok, euskaltzaleok, asko dakigu horretaz. Euskaltzaletasuna, muinean, itxaropena baita. Itxaropenak baino ez dezake azaldu XIX. mendetik XX.erako mundu aldaketa hartan Lore Jokoak, Euskaltzaindia edota Eusko Ikaskuntza sortu zuten euskaltzale haien denen ekina. Zaldubirena, Larrekorena, Orixe, Lizardi, Lauaxetarena, eta, nola ez, emakume izateak zailtasunak erantsi zizkien Errose Bustintza, Tene Mujika edota Elbira Zipitriarena. Eta horiekin batera, eguneroko bizimodu txiki baina funtsezkoan milaka erabaki, ekintza eta keinuren bidez zigor eta gutxiespenei aurre eginez euskarari mundu bat ematen segitu zutenena.

Itxaropenik gabe ezin baita ulertu lehen Pizkunde hura eten zuen olatu totalitario ilunari aurre eginez —Hegoaldean frankismoaren forman hainbeste iraun zuena— euskarari bigarren Pizkunde bat eman dion euskaltzaleen jarduna. Hain zuzen ere, adierazpen hau ez genuen ausaz plazaratu Arantzazun, euskara mundu garaikidera lotu zuen Pizkunde horren aterpe nagusi izan delako baizik; mundua euskaraz pentsatzeko, egiteko, gozatzeko, bizitzeko ekimenen (h)abialeku behinena: Jakin-en emaria, euskara batua, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, literatura, euskal kantagintza berria, arte eszenikoetako eta plastikoen proposamen abangoardista eta aldi berean herriari lotuak... Horiek guztiek dute, gutxienez, ernamuin bat Arantzazun. Euskaltzaletasunaren barreiatzaile izan da leku hau, itxaropenaren hedatzaile. Gero, milaka euskaltzaleren eguneroko erabaki, ekintza eta keinuen bidez Pizkunde bihurtutako esperantzarena.

Itxaropenerako dei hori egin dugu berriro Arantzazutik, Pizkunde horren parte izandako hainbat euskaltzale lagun hartuta. Euskaltzaletasunaren itxaropena zabaltzeko deia, euskaltzaleon garaia dela adieraztekoa.

Baina itxaropena ez da zain egotea. Itxaropena euskararen Pizkundeak eragin zituzten euskaltzale horiek denek erakutsi diguten bezala egitea da. Beraz, ekiteko garaia da. Azken hamarkadetan egindako bideari zintzo begiratu eta ondo zein gaizki egindakoetatik ikasi eta bide berriak abiatzekoa. Egungo erronkei kementsu heltzekoa.

Eta, jakina, euskaltzaletasuna, itxaropena ez ezik, mundua ikusteko modu bat da: hizkuntza-supremazismoaren kontrako jarrera bat, hizkuntza berdintasunaren aldekoa –eta, horrenbestez, herri, kultura, hiztun komunitate eta hiztunen berdintasunarekin engaiatua–. Beste era batera esanda, euskaltzale izatea euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde egotea ez ezik minorizatutako gainerako hizkuntza guztien alde egitea da. Azken batean, justiziarekin, berdintasunarekin eta askatasunarekin sakonki lotzen den ikuspegi bat, errotik demokratizazioarekin uztartzen dena. Mundua hain aldrebes dabilen garaiotan oinarrizko jarrera politiko bat. Arestian aipatu dugu mundua hizkuntza minorizatuen kontra datorrela, baina guk euskara eta gainerako hizkuntza zein kultura minorizatuak ditugu munduaren alde.

Halaber, asko dira euskaltzale izateko moduak. Esaterako, asko dira eurak euskararen jabe ez izan arren beren ondorengoei euskara emanez eta beste hainbat erabakiren bidez euskararen normalizazio eta biziberritzearen bultzatzaile izatea erabaki duten euskaltzaleak.

Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta berriro ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarri eta euskarari Pizkunde berri bat emateko unea da. Eguneroko milaka erabakiren, ekintzaren eta keinuren bidez, baina ahaztu gabe herritar bakarkakoen jardun horren gainetik euskararen normalizazio eta biziberritzeak ezinbesteko dituela erabaki politikoak: ofizialtasuna behar duela euskarak Iparraldean eta Nafarroa osoan, eta hesia jarri behar zaiola Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oldarraldi judizialaren bidez gertatzen ari den desofizializazio prozesuari. Are, jauzi bat egin behar dela euskararen aldeko politika publikoetan egungo erronkei aurre egiteko. Hizkuntza-politika anbiziotsu eta sendoak behar ditugu, eta kultura denez euskarak zentzua hartzen duen salda amniotikoa euskarazko kulturaren aldeko politika ausart, sendo eta urrats luzekoak dira horren oinarria.

Guztion esku dago horretan eragitea. Abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenan bilduz, elkarrekin arnasa hartuz, isiotu dezagun Pizkundearen lehen txinparta. Euskara euskaltzaleen ekimenak ekarri du gaurdaino. Euskaltzaleen eskutik etorri dira pizkunde zikloak. Egin dugu iraganean eta berriro egitera goaz.

Euskaltzaleon garaia da!

sinatzaileak

  • Euskalgintzaren Kontseiluko bazkideak.
  • Kontxita Beitia. Andereñoen mugimenduko aitzindaria.
  • Paulo Agirrebaltzategi. Jakin aldizkariaren sortzaile taldekoa.
  • Sagrario Aleman. Euskaltzaina, euskalduntze-alfabetatzeko erreferentea.
  • Mari Karmen Garmendia. Hizkuntzalaria eta Jaurlaritzako sailburu ohia.
  • Xabier Amuriza. Bertsolaria eta idazlea.
  • Joxe Angel Irigarai. Idazlea.
  • Arantxa Urretabizkaia. Idazlea.
  • Anjel Lertxundi. Idazlea.
  • Joxe Mari Sors. Elkar-en sortzaile taldekoa.
  • Miren Azkarate. Euskaltzaina eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia.
  • Anjeles Iztueta. Matematikaria eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia.
  • Edurne Brouard. Helduen euskalduntze-alfabetatzeko erreferentea.
  • Mertxe Mujika. Helduen euskalduntze-alfabetatzeko erreferentea.
  • Nerea Mujika. Gerediaga elkarteko lehendakari ohia.
  • Joseba Sarrionandia. Idazlea.
  • Aingeru Epaltza. Idazlea.
  • Piter Ansorena. Musikaria.
  • Martxelo Otamendi. Egunkaria eta BERRIAko zuzendari ohia.
  • Malores Etxeberria. Euskara teknikaria.
  • Pello Zubiria. Argia-ko zuzendari ohia.
  • Kike Amonarriz. Soziolinguista eta telebista dibulgatzailea.
  • Jakes Bortairu. Euskaltzale eragilea.
  • Andres Alberdi. Euskaltzaina.
  • Lorea Agirre. Jakin-eko zuzendaria.
  • Amagoia Mujika. BERRIAko zuzendaria.
  • Juan Kruz Lakasta. Kazetaria.
  • Xabier Euzkitze. Kazetaria.
  • Paul Bilbao. Kontseiluko idazkari nagusi ohia.
  • Karmele Jaio. Idazlea.
  • Castillo Suarez. Idazlea eta euskaltzaina.
  • Eider Rodriguez. Idazlea.
  • Uxue Alberdi. Idazlea.
  • Fermin Muguruza. Musikaria.
  • Danele Sarriugarte. Idazlea.
  • Eñaut Elorrieta. Musikaria.
  • Ximun Fuchs. Antzerkigilea.
  • Manex Fuchs. Antzerkigilea.
  • Laura Penagos. Antzerkigilea.
  • Oier Zuñiga. Antzerkigilea.
  • Lander Arberlaitz. Kazetaria.
  • Garazi Arrula. 

    Idazlea eta editorea.

  • Irati Majuelo. Unibertsitate irakaslea

    .

  • Julio Soto. Bertsolaria.
  • Leire Ubani. Euskalgintzako eragilea eta irakaslea.
  • Uxue Rey. Kazetaria.
  • Oihan Indart. Dantzaria.
  • Maddi Kintana. Eduki sortzailea.
  • Galder Perez. Antzerkigilea.
  • Ane Zabala. Antzerkigilea.
  • Joxe Mari Agirretxe Porrotx. Pailazoa.
  • Aiora Zulaika Pirritx. Pailazoa.
  • Mertxe Rodriguez Marimotots. Pailazoa.
  • Iñaki Iurrebaso. Soziolinguista.
  • Imanol Larrea. Soziolinguista.
  • Belen Uranga. Soziolinguista.
  • Asier Basurto. Soziolinguista.
  • Antton Mari Aldekoa-Otalora. Gerediaga elkarteko lehendakari ohia.
  • Amagoia Gurrutxaga. Kazetaria.
  • Gotzon Barandiaran. Idazlea eta kulturgilea.
  • Irene Arrarats. Euskaltzaina.
  • Aner Peritz. Bertsolaria.
  • Joanes Ilarregi. Bertsolaria.
  • Ane Zubeldia. Idazlea.
  • Eider Adeletxe. Idazlea.
  • Ane Labaka. Bertsolaria.
  • Sustrai Colina. Bertsolaria.
  • Edurne Azkarate. Aktorea.
  • Ramon Agirre. Aktorea.
  • Itziar Ituño. Aktorea.
  • Olaia Aguayo. Aktorea.
  • Ibai Atutxa. Hizkuntzalaria eta pentsalaria.
  • Iratxe Retolaza. Ikerlaria eta kultur eragilea.
  • Lutxo Egia. Idazlea.
  • Mikel Martinez. Antzerkigilea.
  • Patxo Telleria. Antzerkigilea.
  • Jokin Oregi. Antzerkigilea.
  • Joseba Tapia. Musikaria.
  • Miren Narbaiza. Musikaria.
  • Pello Reparaz. Musikaria.
  • Amets Aranguren. Musikaria.
  • Julen Goldarazena Flako Fonki. Musikaria.
  • Gontzal Mendibil. Musikaria.
  • Maia Iribarne. Musikaria.
  • Beñat Goitia Benizze. Musikaria.
  • Aurelia Arkotxa. Idazlea eta euskaltzaina.
  • Battitta Coyos. Euskaltzaina.
  • Maddi Zubeldia. Kantaria, idazlea eta antzerkigilea.
  • Arantxa Hirigoien. Hizkuntzalaria eta antzerkigilea.
  • Iñaki Etxeleku. Idazlea eta kultur eragilea.
  • Menane Oxandabaratz. Herria aldizkariko zuzendari ohia.
  • Celine Mounole-Hiriart-Urruti. Hizkuntzalaria.
  • Jean-Louis Laka. Bertsolaria eta idazlea.
  • Paxkal Indo. Musikaria eta Seaskako lehendakari ohia.
  • Bea Salaberri. Idazlea.
  • Mattin Irigoien. Idazlea eta antzerkigilea.
  • Antton Luku. Idazlea eta antzerkigilea.
  • Hedoi Etxarte. Idazlea.
  • Eneko Bidegain. Idazlea eta irakaslea.
  • Jose Luis Otamendi. Idazlea.
  • Estibaliz Urresola. Zinemagilea.
  • Asier Lopez Iraola. Musikaria.
  • Olatz Altuna. Soziolinguista.
  • Xabier Arregi. EHUko irakaslea eta Hitz zentroko kidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.