Larrialdiaren eta indarraldiaren arteko deman egin du bere lana urteotan Euskalgintzaren Kontseiluak, eta euskaltzaletasunaren sua berriz piztea izan du helburu behinenetako bat. Asmo horrekin bat eginez, ekitaldi jendetsu bat zuten egitekoa gaur Bilbo Arenan, eta erantzun beroa izan du: 6.500 euskaltzale elkartu dira. Esanahiz betetako ekitaldia izan da, ederra, han batu direnen bihotz-buruak batzeko pentsatua. Amaierako hitzaldian, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak ekiteko deia egin du, eraldatzaile izatekoa: «Antolatu gaitezen, euskaltzaleok». Lantokietan, ikastetxeetan, gaztetxeetan: eremu orotan euskaltzale izateko deia egin du. «Elkarrekin isiotu dezagun hurrengo pizkundea». Euskaltzaleen arteko sarea ehuntzen segitzeko bide horretan, beste deialdi baten berri eman du: ekainaren 13an izango da, Iruñean.
Ikusi gehiago
Euskal Herrian euskaraz kantuaren doinuekin hasi da ekitaldia, 17:20 pasatxo zirela. Eta halaxe bukatu da. Aho batez kantatu dute batu diren euskaltzale guztiek, giro ederrean. Tankera horretako «elkarguneen» garrantzia nabarmendu du Eskisabelek. Izan ere, eragileekin dituzten hartu-eman askotarikoetan, maiz jaso dute halakoak sortzeko eskaria, adierazi duenez. «Elkaguneen premia adierazi digu jendeak. Elkarguneak, erabileraren eta gaitasunen apaltzeak eta erronka berriek sorturiko kezkak hizpidera ekartzeko. Euskararen aurkako oldarraldiak eragiten dien minaz hitz egiteko. Hiztun gisa, herritar gisa, jasaten ditugun eskubide urraketak isilean gorde ordez lasai adierazteko».

Eta horixe izan da gaur Bilbo Arena: euskaltzaleen abaroa, habia. Halaxe esan die Eskisabelek aurrean zituen euskaltzaleei: «Etxe ederra osatu duzue gaur Miribillan». Euskaltzaleekin batera, talde politikoetako ordezkariak izan dira: EH Bilduko, koalizioa osatzen duten taldeetako, EAJko, Geroa Baiko eta EH Baiko ordezkariak izan dira. Instituzioetakoak ere bai: Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Ibone Bengoetxea, Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasoro, Euskarabideko zuzendari Jabier Arakama eta EEP Euskararen Erakundeko Publikoko Christophe Betbeder. Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundietako Euskara zuzendariak ere izan dira ekitaldian: Garbiñe Mendizabal eta Isaac Amezaga. Bat egin nahi izan dute «pizkunderako» deiarekin.
«Hizkuntza politiketan egin beharreko jauziaren inguruko adostasuna handia da. Baliatu dezagun lehenbailehen euskarari pizkunde berri bat emateko»
IDURRE ESKISABEL Kontseiluko idazkari nagusia
Idurre Eskisabelek egin du amaierako hitzaldia, baina euskalgintzako beste eragile asko ere solastatu dira ekitaldian. Ane Elordi Korrikako arduradunak eta Goiatz Urkijo Euskaraldikoak hartu dute hitza dute aurrena: «egon badagoen mugimendu hori» agerian uzteko ekitalditzat jo dute gaurkoa. «Mundu guztiak entzun dezala hemen gaudela». Eta euskaltzaletasuna pizteko deia egin dute.
Hain justu ere, pizkundearen ideiaren inguruan ardaztu du Kontseiluak jaialdiaren antolaketa. Poesiaz eta sentimenduz betetako ekitaldia izan da, eta hainbat aktorek eta musikarik egindako hitzaldi «poetikoekin» uztartu dira Kontseiluko buruzagien hitzaldiak. Gorka Urbizu, Gontzal Mendibil, Flako Fonki, Joseba Tapia, Amets Aranguren, Miren Narbaiza, Itziar Ituño, Ramon Agirre eta beste asko aritu dira.
Ikusi gehiago
Iazko azaroan eman zuen Kontseiluak abisua: azken datu soziolinguistikoei erreparatuta, euskararen lege egoeran dauden arrakalak aztertuta eta horiek azken urteotan amildegi ere bihurtzen ari direla ikusita, euskara atzeraldian dagoela ohartarazi zuen: larrialdi egoeran. Bide batez, indarraldirako deia egin du hilabeteotan, eta hor euskaltzaletasuna indartzeak berebiziko garrantzia duela gogorarazi. Ekintzetan ere irmo egin du aurrera. Besteak beste, Batuz Aldatu ekinbidea sustatu du Kontseiluak, eta ehun eragile baino gehiago batu hizkuntza politika ausartagoen alde. Gaur hizpide izan du Eskisabelek lanketa zabal horren garrantzia, amaierako hitzaldian. «Azken bost urteotan Euskal Herri osoko eragile sozialekin landu dugu euskarak etorkizuna izan dezan hizkuntza politiketan egin beharreko jauzien noranzkoa».

Ekinbidearen xedea gogoratu du. «Batetik, herritar denak euskararen jabe izango diren Euskal Herri bat hartzea. Ezagutza orokortzea. Ezagutza orokortzea baita euskara normal erabili ahal izateko baldintza. Eta euskara normal erabiltzeko baldintzak sortzea ezagutza orokortzeko bidea». Gogora ekarri du 110 sinatzailerekin hasi zutela bidea, eta beste 30 batu direla. Tartean erakunde oso indartsuak daude: EHU Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea, kasurako. «Hizkuntza politiketan egin beharreko jauziaren inguruko adostasuna handia da. Baliatu dezagun lehenbailehen euskarari pizkunde berri bat emateko», aldarri egin du Eskisabelek.
Aurrez ere, garai aski beltzetan, euskararen aldeko sua sarritan piztu dela gogoratu du Kontseiluko arduradun nagusiak. «Pentsa zer zen frankismo betean etxeetan euskarari eustea, seme-alabak ikastola klandestino haietara eramatea, gau eskoletan aritzea. Zigor eta mehatxuei aurre eginez milaka herritarrek egin zituzten halako hautuak... Giro ilun hartan hasitako pizkundeak ekarri gaitu bizirik gaurdaino». Kontxita Beitia aurreneko ikastoletako andereñoa, esaterako, ekitaldian izan da, eta Eskisabelek propio aipatu du. Txalo eginez erantzun du jendeak.
Ez da «elurraren» parekoa
Euskararen egungo egoera ulertzeko gakoak ere eman nahi izan ditu Eskisabelek. Gogoratu du hizkuntzen galera prozesuak ez direla berezkoak, ez direla «euriaren edo elurraren» parekoak. «Aitzitik, hizkuntzen kontrako botere harremanen eta erabaki politikoen ondorio dira. Jendeak ez du bere gustu eta erabakimen pertsonal hutsez abandonatzen egituratu duen hizkuntza, nortasuna, komunitatea eta munduaren ikuspegi bat eman dizkiona». Horiek horrela, aurrera egite aldera, botere harremanak irauli behar dira, haren hitzetan. Gaineratu du egun, baztertuenen kontrako «olatu erreakzionarioa» harro-harro dabilen honetan, euskaltzaletasunak berebiziko zentzua duela. «Horren harira, euskaltzaletasuna itxaropena da. Euskarari etorkizuna emateko itxaropena, hizkuntza aniztasunari eta berdintasunari eusteko itxaropena». Eta esan du hor eragin behar dela: aktibo jardun behar dela, bakoitzak beretik.
«Orain arteko politikek eman dute eman beharrekoa. Jauzi bat behar da, paradigma aldaketa bat»
AIZE OTAÑO AEK-ko ordezkaria
Euskalgintzako gainerako ordezkariek egin dituzten hitzaldietako batean, batera azaldu dira oholtzara Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirre eta BERRIA eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohi Martxelo Otamendi. Euskalgintzak usu mahai gainean jarritako datu kezkagarriak ekarri ditu gogora Agirrek. Askotarikoak. Ipar Euskal Herria hiztunak galtzen ari da. Nafarroan hamar ikasletik seik ez dute harremanik euskararekin. Arnasguneak ahultzen ari dira. Siadecok UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz egindako azken proiekzioa ekarri du gogora, hartan irudikatu duten gero ezkorra: «Hamar urteko epean ez da arnasgune beterik egongo». Euskaraz «normal» bizi ezina ekarriko du horrek gero eta gehiagotan. Egungo mundu arraro honetan, gainera: dena «globalizazio, indibidualismo eta merkantilismo» den honetan. «Boteretsuak are eta boteretsuago» egiten dituen oihanean. Euskararen kontrako oldarraldi juridikoa bada horren erakusgarri argia. Eta bi ahotsetara deitu dute Agirrek eta Otamendik horren guztiaren kontra egitera: «Euskaltzaleon garaia da».

«Beso zabalik»
Kontseiluko zuzendaritzako kide guztiek batera egin dute hitzaldietako bat. AEK-ko ordezkari Aize Otañok eta Euskal Konfederazioko ordezkari Sebastian Castetek hartu dute hitza. Otañok gogoratu du nor diren. «Kontseilua bilgune handi bat da». Askotariko eragileen bilgunea da, hain justu ere: batzen ditu euskaltegiak, euskarazko hedabideak, hezkuntzako eragileak, lan mundua euskalduntzeko ahaleginetan ari diren erakundeak, eta hiztunen aktibazioan ari direnak. Euskal Herri osoan: banaketa administratiborik gabe. «Etengabeko barne ariketa bat da eragile denen arteko adostasuna lortzen saiatzea. Konplexutasun horrek ematen dio indarra Kontseiluari», onartu du Castetek. Baina ados dira gogoeta batean. Otañok azaldu du zein den: «Orain arteko politikek eman dute eman beharrekoa». Eta aurrera egin behar da: «Jauzi bat behar da, paradigma aldaketa bat».
Euskalgintzaren Kontseiluko Pizkundea ekitaldian Gotzal Mendibilekin eta Flako Fonkirekin kantuan ari dira milaka euskaltzale. pic.twitter.com/LmjhyqcI7Y
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) December 27, 2025
Batuz Aldatu ekinbidearen muina gogoan hartuta, «hizkuntza politika ausarta» beharko dela gogoratu Otañok, euskara «euskal herritar guztiengana» hedatuko duena. Horrekin lotuta, nabarmendu du euskara minorizazio betierekoan nahi duten ikuskerak baztertu behar direla, «gizarte kohesioa» ardatz izanik. Castetek ofizialtasunaren aldeko deia ere egin du. «Ofizialtasuna zuen bide orrietan jar ezazue», eskatu die agintariei.
Otañok beste hainbat xede ekarri ditu gogora: hezkuntzan euskara orokortzea, helduen euskalduntzean doakotasunerako urratsak egitea, migranteen harrera euskaratik abiatuz egitea, erabilera lantzea, euskaraz aritzen diren kulturgileei lanerako baldintza duinak bermatzea, ingurune digitala erdigunera ekartzea, arnasguneetarako neurriak hartzea, eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko baldintzak jartzea, besteak beste. Agintariekin «beso zabalik» jarduteko prest daudela esan du Castetek. Berandu gabe lanean jartzeko deia egin du Otañok: «Gaurtik ari gara etorkizuna egiten».