Antxon Alonsok ez die erantzun senatarien galderei ikerketa batzordean

Ez deklaratzeko eskubidea duela arrazoitu du, 'Cerdan auzian' Espainiako Auzitegi Goreneko auziko ikertuen artean dagoelako. Apelazio aretoa aztertzen ari da Cerdan espetxeratzeko aginduaren aurka defentsak aurkeztutako helegitea.

Antxon Alonso, Senatuko ikerketa batzordean. ZIPI ARAGON / EFE
Antxon Alonso, Senatuko ikerketa batzordean. ZIPI ARAGON / EFE
joxerra senar
2025eko uztailaren 22a
15:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Cerdan auziaren epizentroan dago Antxon Alonso Egurrola Elgoibarko (Gipuzkoa) enpresaburua, eta Espainiako Senatuko ikerketa batzordean azalpenak ematera deitu dute. Legezko betebeharra zenez, Alonso bertaratu da, baina hasieratik argi utzi du ez ziela erantzungo senatarien galderei. «Zuek denok dakizuenez, Auzitegi Gorena antzeko helburua duen auzia ikertzen ari da, eta, ni ikertuen artean nagoenez, ez deklaratzeko eskubideari helduko diot, konstituzioko 24. artikuluak dioen bezala».

PPk gehiengo osoa du ganbera horretan, eta batzordea osatu zuen iazko apirilean, Koldo Garciaren bitartez legez kanpoko komisioen truke adjudikazioak lortu izanaren lehen zantzuak agertu zirenean. Espainiako Auzitegi Gorena ere auzia ikertzen ari da, eta iragan ekainean Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboko txosten batek auziaren erdigunean kokatu zituen hala Antxon Alonso Servinabar enpresako jabea nola Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia.

11:00etan ekin diote saioari, Madrilen. UPNko Maria Caballerok Alonsori galdetu dio ea nola ezagutu zuen Santos Cerdan, eta Koldo Garcia bizkartzain ohiaren bitartez izan ote zen. Alonsok aukera hori probestu du komunikatua irakurtzeko. Gogora ekarri du legearen betekizuna dela hara joatea, baina ez erantzutea ez dagoela Zigor Kodean tipifikatuta. Berez, hala egin dute aurretik Goreneko beste ikertu batzuek ere, ikerketa batzorde berean.

«Saioa amaitutzat eman dezakezu, presidente jauna». Galdera bakar bat erantzungo ez duela-eta, gomendio hori egin dio ikerketa batzordeko buruzagiari, PPko Eloy Suarezi. Hark oroitarazi dio ez erantzuteko eskubidea duen bezala, senatariek galderak egiteko eskubidea dutela. Halaber, ohartarazi dio legez argudiatu beharko zuela galdera bakoitza zergatik ez zuen erantzuten. «Hala izan ezean, ondorioak izan ditzakezu». 

Ika-mika txiki hori izanda, Maria Caballero ez du ustekabean hartu Alonsoren jarrerak. Hala eta guztiz ere, hainbat galdera zuzendu dizkio. Besteak beste, itaundu du zergatik sortu zuen kooperatiba bat Koldo Garciarekin —Noran izenekoa, Donostian— eta zer dela-eta ordaintzen zion. Halaber, jakin nahi izan du zergatik elkartu zen Santos Cerdanekin eta haren esku utzi zituen Servinabarreko akzioen %45. Era berean, galdetu dio zergatik truke horren frogagiria ezkutatzen zuen bere etxeko maleta batean. Alonsok ez du erantzun, baina Gorenean ukatu egin zuen Cerdan Servinabarren %45en jabe dela.

Caballerok galdetzen jarraitu du. Aipatu dio ez duela ulertzen nola 2016tik 2019ra bitartean bi langile zituen enpresa batek adjudikazio handiak lortzen zituen. Caballerok ez daki nola enpresa txiki batek parte hartu zuen Accionarekin batera hainbat enpresa elkartetan. Cerdan espetxeratu eta gutxira aurkeztu ditu Servinabarrek 2022ko eta 2023ko kontuak, eta 2024koak ere aurkeztuko ote dituen galdetu dio. Orobat galdetu dio ea Geoalcali meatze enpresarekin zer harreman duen eta enpresa itxi ote duen jada.

PPrekin liskarra

PSOEko Ramon Moralesek adierazi du alderdi sozialistak ustelkeriaren aurrean jarrera irmoa duela eta «beste batzuek», berriz, ustelkeriaren aurkako borrokaren aurka egiten dutela.

Gero, PPko Salvador de Foronda senatariak hartu du hitza, Servinabarrek parte hartutako kontratuen enpresa sarea azaldu nahian. Galderak zuzendu dizkio, eta Alonsoren buru kolpe bat baiezkotzat jo du, PPko senatarien algaren artean. Jarrera horren aurrean, Antxon Alonsok errespetua eskatu die PPkoei: «Ez dut ez baiezkorik ez ezezkorik esan. Senatariei eta presidenteari errespetua eskatzen diet, txantxa eta irri gutxiago. Ni ez naiz hona etorri inoren lepotik barre egitera; hasieratik argi utzi dut nire jarrera. Eseri naizen unetik barretxoak ikusten ari naiz, aurrez aurre». 

Forondak esan du Erripagañako etxebizitzen adjudikazioa, Nafarroan, lehiaketa publikorik gabe egin zela eta Alonsok zuzendu egin dio. «Bakar bat ez da egin lehiaketa publikorik gabe». Forondak gehitu du «nahieran aukeratuta» lortu zituela kontratu batzuk, eta berriro ez erantzuteko eskubideari heldu dio Alonsok, isilik, baina erantzuteko irrikaz balego bezala. Alonsok «bi ganadutegi eta ukuilu bakarra» dituela esan du Forondak, enpresari eta egoitzari erreferentzia eginez. Enpresa horietan PSOErekin eta EAJrekin harremanak izatea aurpegiratu dio, ingurukoen barreen artean. «Esan nahi duzuna, baina errespetua eskatzen dizut, mesedez», erantzun dio Alonsok.

Ustelkeria delituak jada frogatu balira bezala hitz egin du PPko senatariak. Une batean, Alonsok zehaztu egin dio. «Ustez, esan nahiko duzu». Belateko tunelen adjudikazioan, berriz, aldi baterako enpresa elkartean Accionak %55, Oses Construcciones enpresak %35 eta Servinabarrek %25 duela esan du Forondak. «Berriro zuzendu nahi dizut. Ezinezkoa da %115 izatea elkarte batek. Nire herrian, %55 gehi %35 %90 da, eta horri ezin zaio %25 gehitu. Izan zaitez zorrotzagoa, mesedez, datuak erabiltzean». Tonu horretan jarraitu du agerraldiak.

Cerdanen argudioak

Senatutik gertu, Madrilen bertan, Auzitegi Goreneko Apelazio Aretoko hiru epaileak bildurik dira goizetik, Santos Cerdanen defentsaren helegitea atzeratzeko. Espetxeratzeko aginduari helegitea aurkeztu diote haren abokatuek, Benet Salellasek eta Jacobo Teijelok. Leopoldo Puente instrukzio epaileak frogak deuseztatzeko arriskua zegoela argudiatu zuen.

Defentsak, baina, uste du ez zegoela arrisku hori. Cerdanek ekainaren 16an utzi zuen diputatu akta, eta, ondorioz, forudun izateari utzi zion. Hala, Leopoldo Puentek hamabost egun izan zituen zalantza horiek uxatu eta miaketa bat eskatzeko, baina ez zuen ezer egin. Abokatuen arabera, espetxean denetik Cerdanek familiaren esku utzi du sakelakoa, eta ordutik etxean dago telefonoa. Familia etxez aldatu da egunotan, eta aldaketa horren berri eman dute. Hala ere, Gorenak orain arte ez die ezer eskatu. «Errugabetasun presuntziotik itsuskeriaren presuntziora pasatu gara», esan dute abokatuek.

Defentsaren iturriek Europa Pressi jakinarazi diotenez, Cerdan animoz «ondo» dago. «Oso pertsona solidarioa da, benetan sozialista», aipatu dute iturri horiek. Haien arabera, lasai dago, eta uste du berea «gauza txikia» dela, zorigaitz ugari ikusi dituelako. Bere abokatu Benet Salellasen liburua irakurtzen ari da kartzelan: Yo acuso. La defensa en juicios politicos (Nik akusatzen dut, epaiketa politikoen defentsa).

(ID_15164433) ESPAÑA COMISIÓN KOLDO
Alonso, komunikatua irakurtzen, Senatuko ikerketa batzordean. ZIPI LOPEZ / EFE   

Jaurlaritzak ez dio kontraturik esleitu servinabarri

Eusko Jaurlaritzak azken hamar urteetako kontratu publikoak aztertu ditu, eta ondorioztatu du ez dietela Antxon Alonsoren enpresei kontratu bakar bat ere adjudikatu. Maria Ubarretxena Jaurlaritzako eledunaren arabera, Guardia Zibilaren UCO unitatearen txostenean aipatutako beste enpresa batzuk badaude adjudikazioen artean, baina ez dute irregulartasunik atzean. Ubarretxenaren arabera, «azterketa zorrotza» izan da. Orotara, Alonsorekin erlazionatutako hemeretzi enpresa ikertu dira, eta txostenean aipatutako enpresak eta elkarteak 1.395 dira. Hamar urteotan 606.684 kontratazio prozedura egin dira, eta aipatutako enpresekin erlazionatuko prozedurak %0,33 dira. Zehazki, 2.002 prozeduratan adjudikazioa lortu dute enpresa horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.