AP-68 autobidearen Nafarroako tartea foru gobernuak hartuko du bere gain

Autobide horren 39,5 kilometro Nafarroaren esku uztea hitzartu dute gaur, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko batzorde mistoan. Avasak 2026ko azarora arte du errepide hori kudeatzeko baimena.

joxerra senar
2025eko abenduaren 16a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurki, Nafarroan dauden errepide guztien titulartasuna izango du Nafarroako Gobernuak. Orain arte, Bilbo eta Zaragoza arteko AP-68 autobidea izan da salbuespena. Nafarroa hegoaldean daude errepide horren bi tarte, orotara 39,5 kilometrokoak —bata, Lodosatik gertu eta bestea, berriz, Erriberan, Castejon ingurutik Corteserako tartean—. Berriki, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak hitzartu dute zati hori Nafarroaren esku uztea, eta gaur arratsaldean bide eman diote aldaketari.

Gaur arratsaldean bildu dira bi gobernuetako ordezkariak, Nafarroako Jauregian, batzorde mistoan, eta aho batez onartu dute transferentzia hori. Bi gobernuetako ordezkariek goratu dute bien artean dagoen harremana eta elkarlanerako gaitasuna.

Aurretik, Nafarroako alderdiek aho batez babestu zuten eskualdaketa, transferentzien batzordeak iragan astean egindako bilkura batean. Batzorde horren bileran, gobernuetako ordezkariez gain, UPNko Cristina Ibarrola, PSNko Ainhoa Unzu, EH Bilduko Adolfo Araiz, Geroa Baiko Pablo Azkona, PPko Javier Garcia, Zurekin Nafarroako Begoña Alfaro eta Voxeko Emilio Jimenez ere izan ziren. 

Behin batzorde mistoak akordioa berretsita, bi gobernuek lantalde tekniko bat eratuko dute orain, aldaketa horren xehetasunak lantzeko; alegia, elkarlan mekanismoak ezarriko dituzte, elkarri informazioa bidali, eta akordioa betearazteko arazoak konpondu.

Autobide horren 39 kilometro Nafarroaren esku uzteak badu konplexutasunik. Lehenik, errege dekretu bat egin behar da, eta, haren bidez, bi errepide tarte horiek Espainiaren menpeko errepide saretik kendu. Neurria orduan sartuko da indarrean. Egun, Avasa sozietateak ustiatzen du autobidea, eta administrazio baimena 2026ko azaroan amaituko zaio. Ondorioz, enpresa horren esku egongo dira «akordioaren ondorio ekonomikoak eta finantzarioak».   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.