Araba Bai Bilduren barruan aurkeztuko da maiatzeko bozetara

Lortutako akordioak Bilduren proiektu politikoa «sendotu» egiten duela diote koalizioko kideek

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira, Bildu koalizioaren barruan aurkeztuko da Araba Bai alderdia. Lortutako akordioaren berri eman zuten atzo Arabako Bilduko ordezkariek, Gasteizen. Independenteek eta EA, Alternatiba eta Araba Baiko kideek parte hartu zuten prentsaurrekoan. «Gure ezaugarririk nabarmenena indar bilketa izanda, Araba Bairen erabakiak Bilduren proiektu politikoa sendotu egiten du», adierazi zuen Itziar Amestoi koalizioko ordezkariak. Araban ezkerreko independentisten eta subiranisten arteko bat-egiteak Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta sozialari ekiteko «nahikoa indarra» ematen diela nabarmendu zuen.

Bildu Araba koalizioak aldaketaren aldeko «espazio politiko eta soziala» egituratzeko bidean aurrerapausoak eman nahi dituela azaldu zuenDiego Gastañares Aiarako alkate eta koalizioko kideak. Koalizioko kideek Arabaren etorkizunari buruz diagnosi komuna egin dutela eta programetan akordio zabalak lortu dituztela azaldu zuen. Akordio horien ardatzetako bat etorkizuna erabakitzeko eskubidea da, «aldaketa politiko eta soziala lortzeko urrats gisa», haren hitzetan.

Azken urteotan Araban izandako dinamika politikoan «180 graduko bira» eman nahi dutela azaldu zuen Gastañaresek. Besteak beste, langileen eskubideen, euskara berreskuratzearen, demokrazia parte-hartzailearen eta Trebiñuren alde lan egingo dutela agindu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.