Araba Bizirik plataformak protesta egin du gaur Gasteizen, Arabako Foru Aldundiko jauregiaren aurrean, azken hilabeteetan eta urteetan lurraldean martxan jarri diren «makroproiektuen» aurka. Plataformak deituta, dozenaka lagun batu dira mobilizaziora, Lurra defenda dezagun, Gure herriak ez daude salgai eta Makroproiekturik ez pankartekin batera. Arabako hogei bat kolektibok egin dute bat mobilizazioarekin.
Plataformako kideek ohartarazi dute ez dituztela sinisten deskarbonizazioaren eta burujabetza energetikoaren alde han eta hemen entzuten diren diskurtsoak, argi baitute atzean «multinazionalak» daudela, «milioika euroko negozio pribatuak, funts putreak eta ate birakariekin aberasten diren politikariak». Eta «aski» dela esateko garaia dela esan dute: «Makroproiektuen, AHTaren, datu zentroen, instalazio fotovoltaikoen, makroeolikoen eta goi tentsioko makrolineen eredu hau da ez da deskarbonizazioa, espekulazioa baizik. Eta ez dio onurarik ekartzen gure lurraldeari».
«Berdez mozorrotutako enpresa pribatuen diru xahuketa eta irabaziak baino ez dira»
ARABA BIZIRIK
Araba Bizirik-en arabera, alde handia dago energia proiektuen eta lurraldeak behar duen energia kontsumoaren artean. Hori erakusteko, hainbat datu eman dituzte: diotenez, Araban kontsumitzen den energiaren %23 baino ez da elektrizitatea, eta urtean 2.800 gigawatt-ordu dira; aldiz, herrialdean instalatu nahi dituzten zentral eoliko eta fotovoltaikoek urtean 4.000 gigawatt-ordu emango lituzkete. Hala ere, urtean 7.000 gigawatt-orduko potentzia kontsumoa izango dute Merlin Properties, Solaria eta Petronorrek aurreikusitako datu zentroek eta elektrolizagailuek, plataformak emandako datuen arabera.
Plataformako kideek salatu dute deskarbonizazioari buruz hitz egiten duten berberak direla plataforma logistikoak eginez kamioiak ugaritzeari bide ematen diotenak, eta hegaldien bitartez erregai fosilen kontsumoa handitzea posible egiten dutenak. «Berdez mozorrotutako enpresa pribatuen diru xahuketa eta irabaziak baino ez dira».
Plan sektorialari ez
Gogoratu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS) 50.000 alegaziotik gora aurkeztu dizkiotela, eta orain dela gutxi beste 8.000 aurkeztu dituztela. Izan ere, uste dute plan sektorialak ateak irekitzen dizkiela «industria makroproiektu fotovoltaiko eta eolikoei», eta herritarrentzat ez dela onuragarria izango.
Hala ere, instituzioek «ez ikusiarena» egiten jarraitzen dutela salatu dute: «Ez dituzte aintzat hartzen gure alternatibak, eta ez diete erantzuten gure alegazioei; ez dago elkarrizketarik, ezta gardentasunik ere». Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari aurpegiratu diete «negozio pribatuen» zerbitzura jartzea eta landa eremuak, abeltzaintza eta nekazaritza «babesgabe» uztea.
«Paradoxikoa da: hirietan emisio gutxiko eremuak inposatzen diren bitartean, gure herriak, mendiak eta nekazaritza lurrak industriaz eta logistikaz betetzen dituzte, eta inolako damurik gabe pribatizatu»
ARABA BIZIRIK
LPSa alde batera utzita, Araban beste hainbat proiektu handi martxan jarri nahi dituztela gogoratu dute — AHTa, datu zentroak, plataforma logistikoak...—, eta haien aurka daudela azpimarratu: «Paradoxikoa da: hirietan emisio gutxiko eremuak inposatzen diren bitartean, gure herriak, mendiak eta nekazaritza lurrak industriaz eta logistikaz betetzen dituzte, eta inolako damurik gabe pribatizatu».