Arabako Auzitegiak absolbitu egin ditu Osakidetzako LEPean galderak filtratzeagatik akusatutako bi lagunak

Epaimahaiak argudiatu du galderak filtratu izanaren zantzuak aurkeztu diren arren, ez dagoela «froga zuzenik». 2018an egindako azterketa batean, akusatuetako batek prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen besteak.

Bi akusatuen kontrako epaiketa, Arabako Auzitegian. L. RICO / EFE
Bi akusatuen kontrako epaiketa, Arabako Auzitegian. L. RICO / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko azaroaren 10a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak absolbitu egin ditu Osakidetzak 2016-2017ko lan eskaintza publikoko kirurgia plastikoko azterketan iruzur egiteaz akusatutako bi lagunak. Horietako bat Donostiako ospitaleko zerbitzuburua zen une hartan, kirurgia plastikoan espezializatua, eta azterketako galderak prestatu zituen. Bigarren akusatua, berriz, lehenaren semearen bikotekidea: lehenak prestatutako 50 galderetatik 48 zuzen erantzun zituen.

Urrian egin zuten bi akusatuen kontrako epaiketa. Hartan, bi akusatuek ukatu egin zuten batak besteari azterketako galderak pasa izana. Medikuak adierazi zuen Osakidetzari «mesede bat» egiteagatik prestatu zituela azterketako galderen erdiak, eta IVAP Administrazioaren Euskal Institutu Publikoari jakinarazi ziola semearen bikotekideak parte hartuko zuela oposizio hartan; hain zuzen, adierazi zuen horregatik uko egin ziola azterketako epaimahaikide izateari.

Halere, epaiketan onartu zuen ikasi beharreko bibliografiaren inguruko «aholku orokor» batzuk eman zizkiola, nahiz eta, haren hitzetan, bere semearen neska laguna zenak ez zuen «bere laguntzarik behar» azterketa gainditzeko.

Era berean, oposiziogileak adierazi zuen ez zekiela mutil lagunaren aitak azterketako galdera batzuk prestatu zituela, eta ukatu egin zuen hark azterketaren inguruko «gomendio orokorrik» eman izana ere. Hala, defentsak haiek errugabetzeko eskatu zuen.

Fiskaltzak eta herri akusazioek —LAB eta ESK sindikatuak—, berriz, ez zuten ontzat jo bertsio hori, eta espetxe eta inhabilitazio zigorrak eskatu zituzten bi akusatuentzat. Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatu zuen azterketa prestatu zuen medikuarentzat, sekretuak jakinaraztea eta kausa publikoari eta besteei kalte larria egitea egotzita. Oposiziogilearentzat, berriz, urtebeteko espetxealdia, sekretuak jakinarazten saiatzea egotzita. LAB eta ESK sindikatuek, berriz, hiru eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu zituzten, hurrenez hurren. «Ez dago azalpen sinesgarririk halako ezohiko kalifikazio bat lortzeko azterketa aurrez ikusi gabe», argudiatu zuen Cristina Vicente Brianso fiskalak.

Auzitegiaren arabera, baina, akusatuen kontra «zantzuak» bakarrik daude, eta ez filtrazio bat izan zela egiaztatu dezakeen «froga zuzenik». Epaimahaiaren ustez, bien arteko senidetasuna eta lortutako emaitza onak ez dira nahikoa froga. Argudiatu du senidetasunak «interes gatazka bat» eta «desegokitasun administratibo bat» erakusten baditu ere, ez duela «informazio erreserbatua» transmititu izana frogatzen. Era berean, emaitzak «susmagarriak» izan daitezkeela esan badu ere, gehitu du horiek eskura zitzakeela haren «prestaketa espezifikoari eta esperientzia profesionalari» esker.

Orain, aldeek helegitea aurkezteko aukera izango dute, EAEko Auzitegi Nagusian.

Susmoak

Osakidetzako 2016-2017ko lan eskaintza publikoaren barruan, 2018an egin zituzten Kirurgia Plastikoko azterketak. Atal teorikorako azterketaren galderen erdia mediku hark prestatu zituen; denera, 50. Eta horietatik 48 asmatu zituen oposiziogileak, gainerako hautagaiek baino nabarmen gehiago. Mediku hark prestatu ez zituen galderetan, berriz, erdiei inguru erantzun zien zuzen.

Momentuan izan zuten emaitzen berri, eta epaitutako oposiziogilearen emaitzek harrabotsa eragin zuten azterketa aretoan. Hain zuzen, susmoak piztu zituen azterketaren arduradunen artean, eta oposioziogilea Osakidetzako Giza Baliabideetako arduradunarekin eta IVAPeko idazkari nagusiarekin bildu zen. Azaldu zuenez, haiek kexen berri eman zioten, eta ohartarazi zioten espediente bat zabalduko ziotela. Kontrara, oposizioa uzten bazuen, Osakidetzan «lana izaten jarraituko zuela» adierazi ziotela ere esan zioten, arduradunei «mesede bat» egingo zielako. Hala, «hertsatuta» sentitu zela esan zuen, eta uko egin ziola lan eskaintzari.

Hain zuzen, akusazioen esanetan, lan eskaintzari uko egin izana filtrazio bat egon izanaren zantzua da. Epaimahaiaren hitzetan, berriz, erabaki horren inguruko interpretazio ezberdinak egin daitezke.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA