Arabako Batzar Nagusiek oniritzia eman diote kontzejuen foru arau berriari. Gehiengo zabalaren babesa izan du testuak: alde bozkatu dute EAJk, PSE-EEk, PPk, Elkarrekin Arabak eta Voxek. Alta, EH Bildu izan da kontra bozkatu duen bakarra. Orain arte kontzejuen barne funtzionamendua arautu duen testua 1995ekoa da, eta entitate txikietako ordezkariak hautatzeko erregelamendua, 1984koa; bada, testu berriak bi horiek bateratu eta ordezkatuko ditu. Berritasunak ekarriko ditu tokiko entitate eta administrazioen funtzionamenduari eta herritarrekiko harremanari dagokienez.
Arau berriak PPk aurkeztutako proposamen bat du oinarrian, haren ekimenez eratu baitzen testua berritzeko lantaldea duela bi hilabete eskas. Azken bozketara arteko bidea luzea izan da, ordea, eta nahasia. Izan ere, hiru urte atzera, legealdi hasierara egin behar da prozesuaren nondik norakoak ulertzeko. 2023ko abenduan abiatu zuten Arabako Batzar Nagusiek kontzejuen araudia erreformatzeko prozesua. Orduko hartan, arau berria EH Bildurekin onartzea hitzartu zuten EAJk eta PSE-EEk. Baina foru gobernuak ekimena hartzen ez zuela ikusita, koalizio abertzaleak proposamen bat erregistratu zuen joan den apirilean, bi aldeek adostutakoa oinarri hartuta. Jeltzaleek eta sozialistek ez zuten begi onez hartu, ordea, eta, lema kolpea eman, eta araua Alderdi Popularrarekin egitea adostu zuten.
Bada, jarrera aldaketa hori ez arrazoitzea leporatu dio EH Bilduk EAJri. Izan ere, Javier Argote batzarkideak adierazi du foru gobernuak inoiz ez ziela jakinarazi akordioa hautsita zegoenik. «Isiluneak baino ez dira egon», aurpegiratu dio Javier Argote batzarkideak Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari, eta gogorarazi dio koalizio abertzalearen ekimenari esker berritu dela kontzejuen araudia: «Gaur araudi berria onartuko bada, EH Bilduk aurkeztu zuen proposamenari esker onartuko da. EH Bildu izan zen erlauntza astindu zuen lehena».Â
Koalizioa abertzalea kritiko azaldu da testuarekin, eta ohartarazi du ordezkatuko duena baino «okerragoa» izango dela. Ez dio zuzenketarik aurkeztu, hala ere; horren ordez, bost boto partikular jarri dizkio testuari. Horien artean zeuden, besteak beste, kontzejuen izenetan euskarazko toponimia lehenestea eta udaletako alkateen ardurak eta kontzejuetakoak bateraezintzat jotzea. Elkarrekin Arabak horietako batzuen alde bozkatu du, baina ez dute aurrera egiteko babes nahikorik izan, eta baztertu egin dituzte guztiak.
Jeltzaleek, hain justu ere, «kalkulu politikoak» lehenestea egotzi diete bilkideei, eta «hauteskunde interesekin» jardutea, proposamena bakarrik aurkeztea erabaki zutelako. Iñaki Ruiz de Galarreta EAJko batzarkidearen hitzetan, EH Bilduk nahiago izan du bakarrik geratu gainerako taldeekin adostasuna lortu baino: «EH Bilduk Espainiako eskuin muturraren gero eta antz handiagoa du, bere egiteko moduetan ikusten da hori». Azpimarratu du arau berriak «mugarri bat» ezarriko duela, eta «onura garrantzitsuak» ekarriko dizkiela hala kontzejuei nola herritarrei.
Berritasunak
Kontzejuak udalen azpitik dauden tokiko erakunde burujabeak dira; 333 daude guztira Araban, eta Trebiñu ez beste kuadrilletako 51 udalerritan banatuta daude. Lurralde izaera, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna dituzte, eta autonomia osoa beren interesak eta herritarren interesak kudeatzeko beren eskumenen bitartez. Herri batzarrak diren aldetik, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak dira kontzejuak.
Bi kontzeju mota daude Araban: irekiak eta itxiak. Irekietan, bizilagun guztiak dira herriaren gobernuko kide; itxietan, administrazio batzarra aukeratzen dute. Bada, aurrerantzean errazagoa izango da izaera hori aldatzea, nahikoa izango baita administrazio batzarrak gehiengo soil baten bidez onartzea. Aitzitik, zailagoa izango da kontzejuak desegitea —gutxienez bi desagertu dira azken bi urteetan—; herritarrek berariaz eskatzean edo entitateak behar adina baliabide ekonomiko ez dituenean bakarrik onartuko da.
Gainera, orain arte ez bezala, hauteskundeetan edozein bizilagun hautatu ahalko da; hautesle zerrendak aurkezten ez ziren kontzejuetan egiten zen orain arte. Ordezkari izendatzen dituztenek konpentsazio ekonomikoak ere jasoko dituzte, aurten hasita, eta lan baimenak ere izango dituzte, kontzejuei lotutako administrazio izapideak egin behar dituztenerako. Bizilagunen parte hartze politiko eta administratiboa erraztu nahi da horrela. Kontzejuen errolda eskuratzea ere errazagoa izango da, eta bi urte nahikoak izango dira kontzejuaren eskumenekoak diren lurrak erabili ahal izateko.
Era berean, tokiko erakundeen jarduna errazteko xedez, handitu egingo da kontzejuetako administrazio organoek hiruhileko bakoitzean adjudikatu ahal izango duten kontratuen zenbatekoa: 3.000 euro ziren lehen, eta 10.000 euro izango dira orain. Eta Gobernu Ona behaketa organoa ere sortuko da; organo horren helburua izango da kontzejuaren jarduera ekonomikoa eta tekniko-juridikoa egiaztatzea.