Arabako beste zazpi enpresak eta Lanbide Heziketako ikastetxek Eskuara proiektuaren kide izatea erabaki dute. Horrela, konpromisoa hartu dute euskararen erabilera sustatzeko, eta zenbait baliabide eskainiko dizkie proiektuak horretarako. Gaur egin dute aitortza ekitaldia, Gasteizen.
Eta zer da Eskuara? 2023an sortutako proiektu bat da, eta helburu argia du, ohar baten bidez azaldu dutenez: Arabako enpresa «handietan eta estrategikoetan» euskararen erabilera sustatzea. Horretarako, AEKren Ahize hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute. Lanbide Heziketako zortzi zentro ere badira partaide: «Era horretan, ikasleek lan munduarekin duten lehen harremana euskaraz egiteko urratsak egiten ari dira».
Proiektu sendoa da; orotara, 30 enpresak eta Lanbide Heziketako eskolak osatzen dute. Hauek dira gaur batu direnak: Oreka IT, RPK, Zaraobe, Eraiken, Amets SM, Mekatxabir eta Artomaña Txakolina.
Bost ardatz nagusi
2026an, bost ardatz nagusitan lan egiteko aukera eskainiko zaie: hizkuntza paisaian, bai ingurune fisikoan —tailerrak, bulegoak, ekitaldiak...—, bai ingurune digitalean —webguneak, sare sozialak...—; langileen eta enpresen arteko harremanean; ikasleen praktiketan; euskara erabili nahi dutenen euskalduntzean; eta bezeroekiko arretan. Horretaz gainera, martxoaren 19an 24. Korrika abiatuko denez, Eskuarak lantokietan Korrikaren aldeko lanketa egitera animatu ditu enpresak.