Badator 24. Korrika: Atharratzetik Bilbora izango da, martxoaren 19tik 29ra

AEK-k jendaurrean aurkeztu du 24. Korrika. ‘Euskara gara’ leloaren bueltan bildu nahi dituzte euskaltzaleak, «euskara ez baita muga bat; euskara arnasa da». Errigora egitasmoa omentzeko aprobetxatuko dute euskararen aldeko ekinaldi erraldoia.

Irati Urdalleta Lete.
GASTEIZ
2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badator 24. Korrika. Lotu lokarriak eta jantzi petoa. Atera kalera. Tximeletak sabelean. Argiak. Musika. Furgonetak sumatzen dira hurreratzen. Ikusten? Bozgorailuetatik oihuak: «Hemen da Korrika!». Bai, badator 24. Korrika: Atharratzen (Zuberoa) hasiko da, martxoaren 19an, eta Bilbon amaitu, martxoaren 29an; gaur aurkeztu dute euskararen aldeko ekinaldi erraldoia, Gasteizen, Izaskun Arrue kulturgunean; Korrikaren koordinatzaile Ane Elordik hartu du hitza, baita Maialen Begiristainek eta Lurdes Etxezarretak ere, AEKren Nazio Kontseiluaren ordezkariek.

 

Korrikak pizten du zirrara, pizten du halako jakin-min bat. AEK-k gaur eman ditu haren inguruko xehetasun batzuk. Datak: 2026ko martxoaren 19tik —jaieguna izango da Hego Euskal Herrian—martxoaren 29ra izango da. Eta abiapuntua eta amaiera: Atharratzetik atera, eta, tipi-tapa tipi-tapa Euskal Herriaren luze-zabala zeharkatu ostean, Bilbora helduko da. Aurreratu dutenez, egun osoko jai egitaraua antolatuko dute egun horretarako. Ibilbide osoa beranduago jakinaraziko dute. Itxaron egin beharko.

Ibilbide osoa oraindik ez, baina bai leloa: Euskara gara leloaren bueltan ardaztuko da 24. Korrika. Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak eman ditu horren gaineko azalpenak. Defendatu du euskara ez dela ez murru, ez oztopo; aitzitik, zubi lanak egiten dituela: «Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat; euskara arnasa da. Euskara zubi gisa landu behar da». Eta ororentzat du lekua euskarak: euskaltegian euskara ikasten ari direnentzat, euskara etxean edo eskolan jaso dutenentzat... «Euskarak arnasa ematen digu. Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak zein kanpotik etorriak; euskara baita gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza». Eta euskarak ehunduko du herria, kohesiorako bide ere bai baita: «Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da». 

«Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza»

ANE ELORDI Korrikaren koordinatzailea

Aurrera bai, baina atzera begira ere jarri da Begiristain. Esan du nola 23. Korrika amaitu zenean, Baionan, Herri oso bat euskararentzat izenburua jarri zion BERRIAk Korrikaren balorazioaren osteko albisteari. Bada, orain, 24. Korrikarekin, hori aldarrikatzeaz gain, herri hori nolakoa izatea nahi duten marraztuko dute. Haren hitzetan, hurrengo Korrikak sentiarazi nahi du euskara herritar guzti-guztientzat «aterpe ireki eta erosoa» dela: «Berdin dio zein diren jatorri, azal kolore edo euskararen ezagutzak... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, denon artean eraikiz, azkenean aurkituko dugula gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabal bat, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita».

«Euskararen baitan, azkenean aurkituko dugu gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate zabal bat»

MAIALEN BEGIRISTAIN AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea

Aldiro-aldiro, euskararen aldeko egitasmoren bati gorazarre ere egiten dio Korrikak, eta 24. aldirako Errigora aukeratu dute. Hura omenduta, Elordik nabarmendu duenez, «euskaratik, euskararentzat eta euskaraz» lanean ari den herri ekinaldi horren ahalegina txalotu nahi dute, baita babesa adierazi ere, bidea urratzen jarraitu dezaten: «Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremu batean Errigorak euskalduntzean egiten duen ahalegina aintzatzeko era da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere. Jarrai dezagun euskarari puzka!».

Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea eta AEK-ko Nazio Kontseiluko kidean, gaur, Gasteizen. GORKA RUBIO
Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea eta AEK-ko Nazio Kontseiluko kideaK, gaur, Gasteizen. GORKA RUBIO

Garra hauspotzeko politikak

Aurkezpenarekin, piztu da Korrikaren garra. Eta Korrika izango da euskararentzat eta euskaldunentzat akuilu eta babesgune. Dena den, Etxezarretak erakundeen erantzukizuna ere nabarmendu du; hots, «euskararen ekosistema babesteko eta indartzeko», behar direla hizkuntza politika «ausartak eta sendoak»: «Aurreko Korrikaren mezuan, hauxe esan genuen: ‘Harro gaude, bai, baina ez konforme. Euskarak ekosistema osoa baitu irabazteko. Hizkuntzak ekosistema osoa behar du, eta horretan denok dugu lekua». Izan ere: «Larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu. Orain arteko lasterketa eta lana emankorrak izan dira, baina garaiak zeharo aldatu dira, eta orain ingurua babesteko presa dugu. Adi egon behar dugu euskara ahultzen duten eragileen mehatxuen aurrean». Horiek horrela, ahalik eta azkarren ekiteko garaia dela uste du: «Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea».

«Larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu»

LURDES ETXEZARRETA AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea

Funtsean, euskara ardatz duen komunitate batean «eroso eta aske» bizitzea dute xede. Etxezarreta: «Euskal Herri euskalduna, feminista, antirrazista eta goxoa izango da gurea».

Parte hartzeko deia

Korrikan parte hartzeko martxoaren 19ra arte itxaron ezin duenak badu horretarako aukera; korrika ez, baina bai beste hainbat modutara. Baina oraindik urrats asko dago egiteko. Korrika Kulturala, esaterako. Kaka antzezlanak irabazi zuen Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Beka, eta horixe izango da Korrika Kulturalaren ikuskizun nagusia. Hilaren 19an, datorren asteazkenean estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta, gero, hamaika herritan ikusteko parada egongo da.

Horretaz gainera, Korrikaren doako aplikazioa eskura dago gaurtik, berrituta, Android eta IOS sistema operatiboentzat. Eta Korrikaren arropa eta petoa ere dagoeneko nahi duen orok eros ditzake hiriburuetako Korrika dendetan eta online dendan.

Ekitaldia amaituta, argazki jendetsua atera dute; bertan izan da Gasteizko euskalgintzaren lagin bat, baita AEK-ko kideak ere.

mezua

AEK-k mezu hauxe zabaldu du:

«Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua. Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera. Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera. 

Zu eta ni euskara gara. Bat gara. Milioi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara. Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara, elkarrekin sortuko dugun etorkizuna. Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara. 

Eman hitza, eta eman pausoa, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea. Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea. Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia. Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok, euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok... Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

 Aditu Korrikaren deiadarra. Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra. Piztu da Korrikaren garra!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.