Arabako Diputazioak 5.000 euroko isuna jarri dio aita bati futbol partida batean haur bati erasotzeagatik

Eskola kirolan izaten diren indarkeria kasuei aurre egiteko araubide berria lehen aldiz aplikatu du aldundiak.

Haur batzuk futbolean jolasten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Haur batzuk futbolean jolasten. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
edurne begiristain
2025eko maiatzaren 8a
14:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako Foru Aldundiak isun ekonomikoa jarri dio aita bati haur kategoriako futbol partida batean haur bati eraso egiteagatik. 5.000 euroko isuna eta kirol esparruetan urtebetez sartzeko debekua ezarri dio gizonari. Lehen aldia da aldundiak gisa horretako neurri bat hartzen duena.

Aldundiak martxoan onartu zuen eskola kirolean biolentzia eragozteko araubide zigortzailea, asmo argiarekin: asteburuero, 6 eta 16 urte bitarteko 21.000 neska-mutil biltzen dituzten kirol diziplinetan gertatzen diren indarkeriazko ekintzak, hitzezkoak nahiz fisikoak, geldiaraztea.

Irekitako diziplina prozesuak zehazten duenez, Gasteizko La Vitoriana futbol zelaian jazo zen gertaera: zigortutako gurasoak bultzada bat eman, eta lurrera bota zuen bere semearen aurkari zen taldeko jokalari bat; erasoaren ondorioz, partida bertan behera utzi zuten. Arau hauste larria da, eta, foru erakundeak ondutako arauaren arabera, 1.001 eta 10.000 euro arteko isunak dakartza. Arau hauste arinak gehienez ere mila euroko isun batekin zigortzen dira, eta oso larriak, 10.001 eta 100.000 euro arteko isunekin.

Zigor araubidea duela hilabete eta erdi abiatu zuen aldundiak, eta alegazio fasean da orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.