Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Arabako Errioxan, uzta berria

EH Bilduk Oionen eta Samaniegon irabazi du. EAJk Guardia eta Bastidako alkatetzak lor ditzake, eta PPk Mañuetari eutsiko dio soilik

Laura Perez (EAJ) eta Silvano Garcia (EH Bildu), 2019an, Bastidako alkatearen inbestidura saioaren ostean. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Udal hauteskundeek uzta berria utzi dute Arabako Errioxan. Batzuek espero ez zuten uzta oparoa eskuratu dute. Beste batzuei, aldiz, ozpindu egin zaie. EH Bilduk eta EAJk topa egiteko motibo bat baino gehiago dute kuadrillan. Garai batean PPren gotorleku izan zen eskualdean garaipen historikoak erdietsi dituzte bi alderdiek. EH Bildu gehien bozkatutako alderdia izan da Oionen eta Samaniegon. EAJk, berriz, erabateko nagusitasunez irabazi du Elvillarren eta Kripanen, garaipen historikoa lortu du Navaridasen eta PPri alkatetza kenduko dio, eta Ekoran, Lantziegon, Villabuenan eta Moredan ere alkatetzak mantenduko bide ditu. Txanponaren ifrentzuan dago PP: Navaridaseko alkatetza galduta, bakarrik Mañuetako aginte makilari eusteko moduan dago.

Ikusi gehiago: «Jeltzaleen kudeaketa kaskarra izan da; alderdia lehenetsi dute»

Oionen, aise nagusitu da EH Bildu, eta historian lehen aldiz boto gehien lortu duen indarra izan da. Gorakada nabarmena izan du: bost zinegotzi eskuratu ditu, 2019an baino hiru gehiago. Eduardo Terroba jeltzaleak politikatik erretiroa hartu ostean, Jose Antonio Tarragonak zuen alkate kargua berritzeko erronka, baina jeltzaleek zinegotzi bat galdu dute eta hirurekin geratu. Aginte makila eskura dezake EH Bilduk, baldin eta PPk (2), PSEk (1) eta EAJk bat egiten ez badute.

Samaniegon, berriz, ezustekoa eman du EH Bilduk, garaipena lortuta. Lehen indarra izan da lau zinegotzirekin, EAJk baino bat gehiago, eta alkatetza eskuratuko du berriro. Azken lau urteotan EH Bilduren esku egon da aginte makila, nahiz eta ez zen izan boto gehien lortu zuen zerrenda 2019an. Orduko hartan, PSE-EEk hautsi egin zuen EAJrekin zuen ituna, eta EH Bilduko hautagaia babestu zuen. Bigarren agintaldia izango du, beraz, EH Bildukoak.

EH Bilduk ez du hautagairik aurkeztu Mañuetan, Elvillarren, Kripanen, Lezan, Navaridasen eta Ekoran, baina bai Moredan, Lantziegon eta Eltziegon, lehen aldiz gainera. Moredan, bigarren indarra izan da, PSEren aurretik, eta Lantziegon, Gorka Mauleon ardogileak 51 boto eskuratu ditu, eta hirugarren indarra da PPren aurretik, eserleku batekin.

PP nagusi, baina ezin eutsi

Guardian, PP lehen indarra da lau zinegotzirekin, baina EAJk (3) eta EH Bilduk (2) gobernua osatzeko gehiengoa lor dezakete berriz ere. EAJk eskuratu zuen alkatetza 2019an, eta ikusi beharko da oraingoan ere bi alderdiek euren botoak batzen dituzten PPri alkatetza kentzeko.

Bastidan duela lau urteko emaitzak errepikatu dira, eserlekuei dagokienez. PPk lortu du boto gehien, eta horrek lau zinegotzi eman dizkio. Hortaz, EAJk eta EH Bilduk berriro bat eginez gero, jeltzaleentzat izan daiteke aginte makila atzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.