Arabako esku hartze sozialeko hitzarmena sinatu dute ELAk eta CCOOk, eta LABek eta ESKk gaitzetsi egin dute akordioa

Uztailean iragarri bezala, ELAk eta CCOOk patronalarekin lorturiko akordioa formalizatu dute, eta baldintzak «parekatzeko bidean urrats bat» dela defendatu. LABek eta ESKk, berriz, «erabat gaitzetsi» dute akordioa; nagusiki, «soldatak» direla eta.

LABek eta ESKk aldundiaren aurrean antolaturiko protesta, akordioaren sinatzea gaitzesteko. LAB
LABek eta ESKk aldundiaren aurrean antolaturiko protesta, akordioaren sinatzea gaitzesteko. LAB
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 1a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteko lehen zazpi hilabeteetan grebak eta mobilizazioak antolatzen ibili ostean, uztailean patronalarekin erdietsitako aurreakordioak arrakala sortu zuen Arabako esku hartze sozialeko sindikatuen artean: ELAk eta CCOOk akordioaren alde egingo zutela iragarri zuten, baina LABek eta ESKk erabakia gaitzetsi zuten, eta iragarri ez zutela hitzarmena sinatuko. Halaxe izan da: gaur sinatu dute lehen bi sindikatu horiek Arabako esku hartze sozialaren sektoreko IV. Hitzarmena, eta LABek eta ESKk arbuioa adierazi dute, aldundiaren jauregiaren aurrean protesta eginez.

Baldintzak «parekatzeko» eskaera dago sindikatuen arteko gatazkaren atzean. Izan ere, urtearen lehen erdian, sindikatuen eskaera nagusia sektoreko pribatuko langileen baldintzak sektore publikoko beharginen baldintzekin berdintzea zen. ELAk eta CCOOk onarturiko akordioak ez ditu, ordea, baldintza horiek ziurtatzen. ELAk akordioa defendatu du, baldintzak «funtzio publikokoekin parekatzeko bidean urrats garrantzitsua» delakoan, eta gogorarazi du hitzarmenean aurreikusita dagoela soldatak %16 emendatzea, lanorduak gutxitzea eta langileentzako onuragarriak diren bestelako neurri batzuk hartzea.

Hobekuntza horiek, ordea, ez dituzte konbentzitu LAB eta ESK, haien ustez ez baitira «benetako parekatzea». Bi sindikatuek ohar bidez azaldu dutenez, «akordioa gaitzesteko arrazoi nagusia soldatak dira». Izan ere, akordioak %4,5eko igoera aurreikusten du 2027rako, baina iraileko KPIak iragartzen duen inflazioa %4,9 da. «Sektore publikoko soldatekiko arrakala ez da ia aldatzen», deitoratu dute sindikatuek. LABek eta ESKk ELA eta CCOOren jarrera gaitzetsi dute, «sindikatuen ekintza bateratua hausteagatik», baina patronalaren jarrera «xantaialaria» eta Gasteizko Udalaren «pasibotasuna» ere kritikatu dituzte. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA