Administrazio publikoetako langileek egiten duten lan bera egiten dute, baina, zerbitzua azpikontratatua dagoenez, haiek baino lan baldintza kaskarragoak dituzte. Horixe da Arabako esku hartze sozialeko langileek aspalditik salatzen dutena, eta gaur horixe bera berretsi dute Arabako Foru Aldundiaren aurrean egindako prentsaurrekoan. Adierazi dutenez, azpikontratatutako zerbitzua izateak «desberdintasun sakonak» eragiten ditu lan bera egiten duten sektore publikoko langileen aldean. Soldata arrakalaz, ohartarazi dute batez beste haiek baino %35 gutxiago kobratzen dutela. Horregatik, langile publikoen baldintza berberak eskatu dituzte, eta lau urtean soldatak %28 igotzeko.
Araban, esku hartze sozialeko mila langile inguru daude —%75 baino gehiago emakumeak—, eta gizarteko kolektibo kalteberenak artatzen dituzte: babesgabe dauden adingabeak, familia kalteberak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta gizarte bazterkeria pairatzen duten pertsonak, baita osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituztenak ere. Zerbitzu horiek azpikontratatutako hainbat enpresaren bidez eskaintzen dituzte Araban, eta horrek lan egoera «guztiz bidegabea» eragin diela diote langileek.
ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek jakinarazi dute pasa den astean AISA patronalarekin izandako bileran ez zutela lortu jarrerak hurbiltzea eta ados jartzea, eta, hortaz, aurrera jarraituko dutela mobilizazioen egutegiarekin. Sindikatuek grebarako deialdia egin dute, eta mobilizazioak iragarri dituzte urtarrilerako eta otsailerako. Urtarrilaren 21erako hiru orduko lanuzteetara deituko dute, eta otsailaren 4rako eta 5erako, berriz, egun osorako greba antolatu dute.
Urtarrilaren 29rako deitu dute negoziazio mahaiaren bilerara, eta orduan saiatuko dira jarrerak hurbiltzen. Gaur-gaurkoz, baina, zaila dirudi akordioa lortzeak. Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak gaur Radio Vitorian esan du gehienez %11koa izan daitekeela esku hartze sozialeko langileen soldata igoera, legeak ezartzen duelako igoera horrek ezin duela inoiz funtzionario publikoen igoeraren gainetik egon. Sindikatuek, berriz, galdegin dute igoera %28ko izatea lau urtean —%7koa urtero—, eta uste dute legea ezin dela aitzakia izan soldaten igoera «blokeatzeko».