Gaur eta bihar greba egunak dituzte Arabako esku hartze sozialeko langileek. Bertako langileen soldatak eta lan baldintzak sektore publikoko beharginek dituztenekin parekatzea eskatu dute Zaintza sistema publiko baten alde, ekiparazioa orain! lelopean.
Sindikatuek adierazi dute negoziazio prozesuan murgilduta daudela duela 11 hilabetetik; hau da, IV. Hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu zenetik. Eta gehitu orotara 38 proposamen egin dituztela baina eman diren aurrerapausoak «oso txikiak» direla. Sektore publikoko soldaten eta lan baldintzen eta sektore pribatukoen arteko arrakala oraindik «oso nabarmena» dela salatu dute. Eta, horrexegatik, langileek bidezko soldata igoerak eta lan baldintzak exijitu dituzte.
Bihar berriro aterako dira kalera, eta iragarri dute greba egun gehiago izango direla egindako eskakizun horietan aurrerapausorik egon ezean.