Gaur eta bihar greba egunak dituzte Arabako esku hartze sozialeko langileek, ELA, LAB, ESK eta CCOO sindikatuek deituta. Langileen soldatak eta baldintzak sektore publikoko beharginek dituztenekin parekatzeko eskatu dute, Zaintza sistema publiko baten alde, ekiparazioa orain! lelopean. Goizean manifestazioa egin dute, eta sindikatuek salatu dute haren ostean Ertzaintzak «eraso» egin diela manifestariei.
Lau sindikatuek gertatutakoa gaitzetsi dute ohar batean. Haien esanetan, ertzainak manifestarien aurka «oldartu» dira, eta onartezina begitantzen zaie lan baldintza duinak eskatzen ari ziren langileei eraso egitea.
Adierazi dutenez, negoziazio prozesuan murgilduta daude duela 11 hilabetetik, hau da, laugarren hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu zenetik. Horren harira, salatu dute orotara 38 proposamen egin dituztela, baina eman diren aurrerapausoak «oso txikiak» direla. Langileek uste dute oraindik arrakala «oso nabarmena» dagoela sektore publikoko soldaten eta lan baldintzen eta sektore pribatukoen artean, eta horrexegatik, bidezko soldata igoerak eta lan baldintzak exijitu dituzte.Â
Bihar berriro aterako dira kalera, eta iragarri dute beste greba egun batzuk izango direla egindako eskakizun horietan aurrerapausorik izan ezean.