Arabako Foru Aldundia ere etxebizitzaren arloko zerga erreforma prestatzen ari da

EAJk eta PSE-EEk etxebizitzaren alorreko zerga erreforma adostu zuten atzo. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak iragarri duenez, aldundiak martxan du jada etxea eskuratzeko bidea erraztea eta enpresak sustraitzea bultzatzeko zerga erreforma.

Ramiro Gonzalez, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusia. ADRIAN RUIZ / EFE
Ramiro Gonzalez, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ / EFE
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 23a
13:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo iragarri zuten EAJk eta PSE-EEk zerga arloan akordioa erdietsi zutela, etxebizitzara sarbidea bultzatuko duen erreforma bat egiteko. Hain zuzen ere, bi alderdi horiek osatzen dute Arabako foru gobernua, eta aldundiak iragarri du jada era horretako zerga erreforma proposamen bat tramitatzen ari dela, etxebizitzaren arloan eragiteko eta enpresak sustraitzea bultzatzeko. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, hedabideei helarazitako ohar baten bidez, baieztatu du aldundia neurri sorta prestatzen ari dela jada. Geroago, Arabako Batzar Nagusiek onartu beharko dute erreforma hori. 

Gonzalezek azaldu duenez, neurri sorta horretan zenbait zerga hobari eskainiko dizkiete «prezio eskuragarrietan» beren etxea alokatzen dutenei edo beren etxeak alokairu programa publikoetan sartzen dituzten etxejabeei. Hobariak handiagoak izango dira alokairu horiek gazteentzako badira, eta «pizgarriak» egongo dira etxebizitza hutsak erakundeei saltzen dizkietenentzako. Gerora, «alokairu sozialeko» etxeak eta «alokairu eskuragarrikoak» izan beharko dute erakundeek erositako etxebizitza horiek, Gonzalezek zehaztu duenez. 

Gazteei dagokienez, etxebizitza erosteagatik ordaintzen den zerga orokorra «%4tik %3ra jaitsiko da». Etxebizitza bat baino gehiago erosten dutenentzat, berriz, igo egingo da. Gainera, tentsio handiko eremuetako udalek Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren errekarguak aplikatu ahal izango dizkiete etxebizitza turistikoei, eta etxeak alokatzen dituzten enpresek «prezioak erreferentziazkoen edo programa publikoenen arabera egokitu beharko dituzte». Adinekoentzat ere egongo dira hobariak, zahar etxe batera joan ondoren haien etxebizitza programa publikoren baten bitartez alokatzen badute. 

Hala ere, ikusteko dago foru aldundiak prestatuko duen erreformak nolako ibilbidea izango duen. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik Arabako Batzar Nagusietan, eta, ondorioz, beste alderdi batekin hitzartu behar dituzte neurri horiek. EH Bildurekin, Elkarrekin Ahal Dugu-rekin edo PPrekin negozia dezakete jeltzaleek eta sozialistek, eta, akordioa norekin erdietsi, pentsatzekoa da onarturiko neurriek beste alderdi horrek aurkezturiko proposamenen bat jasoko dutela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA