Arabako Foru Aldundiak zigor espedientea irekiko die Bernedoko udalekuen antolatzaileei

Ramiro Gonzalezek azaldu duenez, bi arau hauste administratibo egotzi dizkiote Sarrea Euskal Udalekuak elkarteari: batetik, udalekuen jardueraren berri aurretik ez ematea eta, bestetik, auzia ikertzen ari diren erakundeei dokumentaziorik ez ematea.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, artxiboko irudi batean. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, artxiboko irudi batean. ARABAKO FORU ALDUNDIA
kristina martin
2025eko azaroaren 3a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bernedoko udalekuak (Araba) antolatzen dituen Sarrea Euskal Udalekuak elkarteari zigor espedientea zabalduko dio Arabako Foru Aldundiak, bi arau hausterengatik: batetik, udalekuen jardueraren berri aurretik ez emateagatik eta, bestetik, ikerketa egiteko asmoz erakundeek eskatutako dokumentazioa ez emateagatik.

Alderdi Popularrak eskatuta, agerraldia egin du gaur goizean Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak Batzar Nagusietan. Bernedoko udalekuen auziaren inguruko azalpenak eskatu dizkio PPk Arabako ahaldun nagusiari. Gonzalezek arreta jarri dio instituzio publikoek lehen salaketa jaso zutenetik gaur arte egindako bideari.

Auziaren kronologia azaldu ostean, Gonzalezek jakinarazi du foru erakundeak zigor espedientea ireki diola udalekuak antolatzen dituen elkarteari, «bi arau hauste larri» antzeman dituztela eta. Lehenik eta behin, Arabako Foru Aldundiko Gazteria Sailari jardueraren aldez aurreko jakinarazpena egiteko betebeharra ez betetzeagatik; bigarrenik, administrazioaren ikuskapen funtzioak errazteko betebeharra ez betetzeagatik, hau da, dokumentazioa eskatu zitzaiolako eta «ez zuelako erantzun». 

Bide administratibotik at,  Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegia Bernedoko udalekuen auziarekin lotutako 21 salaketa ikertzen ari da: sexu askatasunaren aurkako delituengatik jarriak dira gehienak.

Erakundeen arteko mahaia

Gonzalezek aitortu du erakundeen arteko koordinazioan hutsegiteak izan zirela. Hori dela-eta eratu dute erakundeen arteko mahaia, haren hitzetan, hala instituzio publikoek nola pribatuek antolatzen dituzten aisialdi jardueren, aterpetxeen eta udalekuen «koordinazio eta kontrol mekanismoak hobetzeko» asmoz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute mahai hori.

Ildo horretan, Arabako diputatu nagusiak jakinarazi du mahai horretako kideek identifikatu dutela «lehentasunezko beharra» dagoela «Gazteriaren Euskal Legearen zenbait puntu erregelamendu bidez garatzeko», hala nola aldez aurreko jakinarazpenak, erantzukizunpeko adierazpenak, zerbitzuak eta instalazioak, eta diziplina araubidea.

Araua garatzeaz gain, neguko oporrak laster iristekoak direnez gero, sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko dute «aisialdiko eskaintzaren kalitatea zaintzeko», adierazi du Arabako ahaldun nagusiak.

Instituzioen arteko koordinazio hori eraginkorra dela bermatzeko asmoz, azaldu duenez, hamabost egunean behin elkartuko dira mahai horretako ordezkariak.

Ikerketa batzordea

Agerraldia eskatu duen PPko batzarkideak, Ana Salazarrek, ikerketa batzorde bat osatzea proposatu du. Haren esanetan, hutsegite larriak egon dira, eta «inork ez du erantzukizuna bere gain hartu». Erakunde publikoei egotzi die gertatutakoa «alfonbraren azpian» ezkutatu nahi izatea.

Horri erantzunez, PSEko bozeramaile Josu Lopez Ubiernak zera ohartarazi du: delitua izatekotan, egileei eskatu behar zaizkiela kontuak, eta ez instituzioei. Haren ustez, erakunde publikoek ondo jokatu zuten, eta lehentasuna familien eta adingabeen arretan jarri: «Delituak egon daitezkeela jakitean, erakunde publikoek lehentasun eta kezka nagusitzat hartu behar dute familiak eta adingabeak babestea eta aholkuak ematea».

EH Bilduko batzarkide Xabier Valdorrek epaitegien «gardentasun falta» gaitzetsi du. Haren iritziz, «onartezina eta ulertezina da adingabeei eragiten dieten salaketak epaitegietan galtzea». Bestalde, eskatu du bazterrean uzteko eskuin muturrak udaleku horien harira sustatu duten «morboa eta sentsazionalismoa».

Bestalde, Elkarrekin Arabako bozeramaile David Rodriguezek erakunde publikoei eskatu die koordinazioa eta protokoloak ondo lantzeko, adingabeen eskubideak urratzen direnean alerta sistema egokiak egon daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.