Arabako Lautadako bi parke fotovoltaikoren baimenak baliogabetzeko eskatu dute ekologistek

Biharko Lautada, Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik elkarteek Igorita eta Asparrena planten kontrako helegitea aurkeztu dute, proiektuetako batek «ingurumen ebaluazio zorrotzik ez» duelako eta bestea «behar ez bezala zatikatu» dutelako.

Ekian parke fotovoltaikoa, Ribabellosan (Araba). DAVID AGUILAR / EFE
Ekian parke fotovoltaikoa, Ribabellosan (Araba). DAVID AGUILAR / EFE
14789412 kepa
2026ko martxoaren 13a
10:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Biharko Lautada, Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik elkarteek gora jotzeko errekurtso bana jarri diete Igorita eta Asparrena zentral fotovoltaikoak eraikitzeko baimenei. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Industriarako, Trantsizio Energetikorako eta Jasangarritasunerako Sailari aurpegiratu diote ez dutela kontuan hartu proiektuetako batek «ingurumen ebaluazio zorrotzik ez» izatea eta bestea «behar ez bezala zatikatuta egotea». Horrek administrazio baimenak baliogabetzea dakar, hiru taldeen ustez.

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 16an esan zuen Arabako Lautadan eraikitzekoak diren bi planta fotovoltaikok ingurumen inpaktuari buruzko aldeko txostena jaso zutela. Aurrera eramaten badira, horietako handienak, Asparrena izenekoak, lau megawatteko potentzia eta 6.510 eguzki plaka izango ditu. Magna FV SM enpresak bultzatu du proiektua, Asparrenean (Araba). Igorita izenekoak, berriz, 2,5 MWeko potentzia eta 5.480 eguzki plaka izango ditu; eta udalerri gehiagori eragiten die, Zalduondo, Donemiliaga eta Asparreneko lurretan (Araba) eraikiko baita.

Igoritari dagokionez, Zalduondoko (Araba) Katarri planta fotovoltaikoa egingo duen enpresa berak egingo du, Perfect Business Location SM sozietateak, Biharko Lautada, Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik elkarteek kritikatu dutenez: «Azpiegitura partekatuak dituzte horiek biek, hala nola ebakuazio linea bera». Hori dela eta, proiektu bakarra zena bitan zatitu izana egotzi diote talde ekologistek Perfect Business Locationi.

«Proiektuaren zatiketa horri esker, ingurumen ebaluazio sinplifikatu bat bidegabe aplikatu ahal izan da, baina ebaluazio horrek ez ditu behar bezala baloratzen proiektu osoaren inpaktu metagarri sinergikoak», nabarmendu dute.

Hauskortasun handiko eremuak

Asparrenari dagokionez, talde horien aburuz, proiektuak «urratu» egiten du biztanle guneetatik gutxienez 500 metrora egon behar duela ezartzen duen irizpidea; hain justu, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren behin-behineko onarpenean eta duela gutxi onartutako Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialean jaso zuten irizpide hori.

Gogorarazi dutenez, LPPak Araba Erdialdeko Paisaiaren Katalogoa jasotzen du, eta hauskortasun bisual handiko eremuak eta interes ekologiko bereziko eremuak identifikatzen ditu, baita paisaia inpaktuagatik esku hartzeak saihestu behar diren guneak ere. «Eremu horietako asko Arabako Lautadan daude, eta Igorita eta Asparrena proiektuek eragina izango duten udalerriekin mugakide diren inguruetan», gaitzetsi dute.

Gainera, Asparrenari dagokionez zera azpimarratu dute hiru elkarteek: «Onura publikoko deklarazioa onartzeak atea irekitzen du desjabetzeetarako eta lurraldeari zortasunak ezartzeko; eta aukera ematen du lursailak okupatzeko eta ondasunak eta eskubideak sakrifikatzeko, herri ondasunak barne, enpresa pribatuek sustatutako proiektuak errazteko eta bultzatzeko».

«Horrela, desjabetzea, interes orokorrari erantzuteko sortua, merkataritza interesei soilik erantzuten dieten jarduketak legitimatzeko erabiltzen ari da», gehitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA