ELAk Arabako zahar etxe pribatuetako lan ituna sinatu du

Soldatak %32,5 igoko dira lau urtean, eta langileek 1.500 euroko soldata izango dute. LABek ez du babestu akordioa, uste baitu kalte egiten diela hainbat langileri.

Sektoreko langileetako batzuk, akordioarekin pozik. ELA
Sektoreko langileetako batzuk, akordioarekin pozik. ELA
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 16a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sei urteko lan gatazka. Langileak sei urtean borrokan. Hirurogei greba egun. Horren guztiaren ondoren, ELA sindikatuak gaur sinatu du Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxe komunitarioetako lehen ituna, sektoreko hiru patronalekin, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, Gasteizen. Sektoreko ordezkaritzaren %60 du ELAk, eta nabarmendu du langileen eskaera ia guztiak onartu direla. LABek ez du bat egin akordioarekin. Itunak 1.200 langile ingururi eragingo die.

Ituna lau urtean egongo da indarrean, 2025etik 2028ra. ELAk azaldu du soldatak %32,5 igoko direla, eta langileek 1.500 euroko soldata izango dutela 2028an. Urteko lanaldia ehun ordu gutxiagokoa izango da lau urte barru; asteburuetan atseden egun gehiago izango dituzte, urtean gutxienez hamabost; azterketa psikosozialak egingo dizkiete langileei; eta enpresek neurriak hartu beharko dituzte berdintasunaren, LGTBI kolektiboaren eta euskararen alde. Sindikatuaren esanetan, hitzarmena «blindatu» egin dute: «Espainiako hitzarmenak inposatzen zituen lan baldintza prekarioak amaiaraziko ditu».

Langileen borroka eta konpromisoa goraipatu ditu ELAk. Baina, akordioak akordio, ohartarazi du Arabako zahar etxeen arazoa «kudeaketan eta ereduan» datzala: «Errentagarritasun ekonomikoak ezin du lehentasuna izan zaintzaren arloan». Horregatik, ELAkoek uste dute borroka ez dela amaitu, eta lanean jarraituko dute zaintza lanak eta zerbitzuak publikoak izan arte.

LABen ustez, ez da bukaera egokia

LABek ez du bat egin akordioarekin. Aipatu dituen arrazoietako bat da zahar etxeetako hainbat langileri okertu egingo zaizkiela gaur egungo lan baldintzak, enpresekin hitzartuak dituztenak hobeak baitira herrialdeko hitzarmenekoak baino. Horrez gain, zehaztu du lan kategoria batzuetan langileen soldatak ez direla iritsiko 1.500 eurora. «Hitzarmenak ez du berme nahikorik sektoreko langileentzat», LABen arabera. «Hobekuntzak egongo dira, baina hau ez da sektoreko langileek egindako borroka eredugarriak merezi duen itxiera».

«Akordioan jasotako onura asko LABek defendatu dituenak dira», azaldu du sindikatuak, «baina azken egunotan ELAren eta patronalen artean adostutako edukiak kontuan hartuta, akordioak ez ditu oinarrizko bermeak jasotzen». Itunak langile batzuei kalte egitea «onartezina» da, LABen aburuz. Gaurko bileran, proposatu du borrokan jarraitzea, baina ELAk ez du onartu. ELAk egingo duen moduan, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borrokan jarraituko du LABek ere.

Eskerrak feministei eta pentsiodunei

LABek txalotu egin du langileen eta sindikatuaren lana: «LABen antolatuta dauden ordezkari, afiliatu eta sektoreko langile ugarik hirurogei greba egun baino gehiago babestu dituzte, eskuzabal jokatu eta zegokien baino gehiago eman». Espainiako itunari aurre egitea eta sektoreko negoziazio kolektiboa Euskal Herrian bertan egitea izan da lehentasunetako bat. LABek eskerrak eman dizkie borroka horretan parte hartu duten zenbait gizarte eragileri: mugimendu feministari, pentsiodunei eta zahar etxeetako egoiliarren elkarteei.

ELAren jokabidea kritikatu du, hain justu Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoaren 17rako grebara deitu eta biharamunean akordio hori sinatzeagatik, «patronalen eta aldundiaren beharrei men eginda».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.