Arabako zahar etxe pribatuetako gatazka amaitu da: itun propioa izango dute aurrerantzean

ELAk iragarri du akordioaren aurrekoa lortu dutela patronalarekin. Sei urteko borrokaren eta ia 60 greba egunen ondoren, %32,5 igoko diete soldata lau urteko epean, 1.500 euroraino.

Arabako zahar etxeetako langileen protesta, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arabako zahar etxeetako langileen protesta bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko abenduaren 11
23:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginek lan itun propioa izango dute aurrerantzean. Sei urteko gatazkaren ondoren, sindikatuek akordioaren aurrekoa egin dute patronalarekin lurralde mailako lan hitzarmen bat adosteko. ELAk iragarri duenez, akordio horri esker Espainiako itunaren pean jardutearen ondorioz zituzten «lan baldintza prekarioak» amaitzea ekarriko du. Izan ere, soldata %32,5 igoko diete lau urteko epean, 2028an 1.500 eurora iristeko. Gaur egun doi-doi iristen da lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekora.

Xehetasunak bihar, ostiralez, emango ditu ELAk agerraldi batean. Baina aurreratu du soldata igoeraz gaiz beste hobekuntza batzuk ere lortu dituztela. Esaterako, lanaldia 100 ordu murriztuko diete lau urteren buruan; ordu osagarriak kontrolatzeko neurriak ezarriko dira; norberaren aukerako lau egunei eutsi egingo zaie, eta, aldi berean, asteburuetan atseldenaldiak ugaritu egingo dira; eta hitzarmena «blindatzeko» ultraaktibitate klausula ere ezarriko da, ituna berritu artean berberak segitu dezan indarrean. 

Abenduaren 16an sinatuko dute hitzarmena, Gasteizko Lan Harremanen Kontseiluan, eta lau urteko indarraldia izango du. Sei urteko gatazka luze bati amaiera emango diote horrekin. Izan ere, beharginak 2019tik ari dira lurralde mailako lan ituna adostu nahian, eta orduz gero ia 60 egun egin dituzte greban. Hain justu, lanuzterako deia egina zuten ELAk eta LABek aste honetarako, elkarrizketa onbideratu eta akordioa lortzeko egun erabakigarriak zirela iritzita. «Sektoreko langileek sei urte baino gehiagoko borroka nekaezinaren emaitza da akordio hau. Ia 60 greba egunekin, borroka lan hobekuntzak lortzeko bidea dela erakutsi dute, eta konpromiso solidario eta sindikalaren eredu dira», azpimarratu du ELAk ohar bidez.

Aurrekontuei bide

ELAren arabera, gatazka konpontzeko «beste gakoetako bat» auzia agenda politikoan sartu izana da. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak gatazkan esku hartu zezan tematu dira EH Bildu eta Elkarrekin Araba, akordioetan auzia konpontzeko baldintzak ezarrita. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek hirugarren baten babesa behar dute aurrekontuak aurrera ateratzeko. Hala, 2025eko aurrekontuetan gatazkari irtenbide bat bilatzeko diru sail bat gordetzea proposatu zuen EH Bilduk, eta horri esker EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren artean atera zituzten aurrera aurrekontuak iaz.

Aurten Elkarrekinek jarri du gaia mahai gainean: gatazka konpontzea jarri dio baldintza gisa kontuak negoziatzen hasteko. Koalizioak osoko zuzenketa aurkeztu zion aldundiaren proiektuari, baina erretiratu egin du gaur arratsaldean sindikatuek eta patronalak akordioaren aurrekoa lortu dutela jakin denean. Horrek bidea zabalduko lioke balizko akordio bati, gaur-gaurkoz zaila ikusten baita ituna EH Bildurekin errepikatzea, jarrerak urrun daudelako. Horrenbestez, EAJk eta PSEk Gipuzkoan aurrekontuak onartzeko erabili duten formula bera errepikatuko lukete Araban ere. 

Bada, albistea jakitean pozik azaldu da Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez. Zahar egoitzetako langileek lurralde mailako hitzarmena izatea «lorpen historikoa» dela eta haien lana «duintzen» duela esan du sare sozialetan idatzitako ohar batean. «Oso albiste ona da, eta aukera ematen du Arabak 2026an aurrekontuak izateko. Hori lortzeko lanean jarraitzen dugu», adierazi du. 

Elkarrekin Arabak ere akordioa goraipatu du, eta berretsi du kontuak negoziatzeko prest dagoela. David Rodriguez bozeramaileak ohar bidez azaldu du osoko zuzenketa presio gisa aurkeztu zutela, Aldundiak bere «erantzukizuna» har zezan gatazka konpontzeko bidean, eta azpimarratu du helburua bete dutela: «Harrotasunez esan dezakegu gure osoko zuzenketak bere funtzioa bete duela». Ñabartu du, halere, osoko zuzeketa erretiratzeak ez duela esan nahi akordioa eginda dagoenik. «Erabaki honekin ez diogu Aldundiari txeke zuri bat ematen, baizik eta negoziaziorako tarte bat irekitzen dugu proposamen sorta zabal bat defendatzeko gure 71 zuzenketa partzialen bidez, gaurko Arabaren benetako beharrak erdigunean jartzen dituztenak. Gure aldetik, jakina, ez da inoiz hori lortzeko borondaterik faltako».

Bihar, ostiralez, eztabaidatu eta bozkatuko dituzte oposizioko taldeek jarritako osoko zuzenketak Arabako Batzar Nagusietan: EH Bilduk, PPk eta Voxek aurkeztu dituzte. Datorren astelehenean eta asteartean, aldiz, zuzenketa partzialen txanda izango da. Aurrekontuen behin betiko bozketa abenduaren 19ko osoko bilkuran egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.