Grebara joko dute atzera ere Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginek, hitzarmen propioaren aldeko negoziazioek ez aurrera ez atzera jarraitzen dutelako. ELA da Arabako adinekoen egoitzen sektoreko sindikatu nagusia, eta hark jakinarazi du blokeatuta daudela egoitzetako langileen lan baldintzak «duinak» izatea bermatuko duen hitzarmenaren negoziazioak. Hortaz, mobilizazioei ekingo diete atzera ere, eta grebara deituko dituzte langileak. Lanuzteetara noiz deituko duen ez du argitu sindikatuak.
Zahar etxeetako langileak 2019tik ari dira hitzarmen kolektibo bat lortu nahian, eta behin baino gehiagotan adierazi dute patronalak —AKRA Kataluniako laguntza baliabideen elkartea, Gesca Bizkaiko laguntza zentroen kudeatzailea eta Lares Nafarroako adinekoen egoitza eta arreta zerbitzuen elkartea— ez direla negoziatzeko prest egon. ELA eta LAB sindikatuek salatu izan dute prekarioa dela oso adinekoen egoitzetako beharginen egoera: gutxieneko soldataren inguruko lansariak, gehiegizko partzialtasuna, urtean 1.784 orduko lanaldia, gehiegizko ratioak —langile bakoitzak bere ardurapean dituen erabiltzaileak— eta lan osasunarekin lotutako prebentziorik eza salatu dituzte.
Joan den ekainaren 9an bildu ziren patronalak eta langileak, baina ELAk esan du ordutik ez dela aurrerabiderik egon soluzio bat lortzeko prozesuan. Gaur bildu da berriro negoziazio mahaia, baina gaurkoan ere aurrerapausorik ez dela egin adierazi du ELAk. Gainera, salatu du Arabako Aldundia ez dela bilerara aurkeztu ere egin. «Jarrerak hurbildu beharrean, negoziatzen jarraitzeari uko egin diote, eta linboan utzi dute sektore erabat feminizatu eta prekarizatu hori».
Iaz, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioak diru sail bat jaso zuen zahar etxeen gatazkaren konponbiderako, baina ordutik hamar hilabete igaro ondoren ez da aurrerapausorik eman, sindikatuak salatu duenez. Hargatik, alderdiei dei egin die urratsak egin ditzaten egoitzetako langileen lan baldintzak hobetzeko eta «propaganda» alde batera utzita «ekiteko».