«Zahar etxeetako beharginen lan baldintzak hobetzeko urrats garrantzitsua da». ELA sindikatuak pozik jaso du Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginek itun propioa izateko atzo lortutako akordioaren aurrekoa, sei urteko borrokaren ostean. Sindikatuko afiliatuen gehiengo zabal batek babestu du akordioa gaurko batzarrean, eta, horrenbestez, asteartean sinatuko da hitzarmena, Gasteizko Lan Harremanen Kontseiluan. Hiru hilabete baino lehen indarrean sartu beharko da ituna, eta lau urteko indarraldia izango du.
Akordioa lortuta, erresidentzia pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginek 2019an hasitako borroka amaitu da. Izan ere, Espainiako itunaren pean jardutearen ondorioz zituzten «lan baldintza prekarioak» izateari utziko diote, eta horiek «hobetuko» dituzte. Erdietsitako hobekuntzen artean, soldata igoerari lotutakoa azpimarratu dute: soldata %32,5 igoko diete lau urteko epean, 2028an 1.500 eurora iristeko. Hau da, justu-justu lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekora iristeko. «Igoera hau ez da ospatzen hasteko modukoa, baina behintzat hilaren amaierara iritsi ahal izango gara», azpimarratu dute Elisa Rodriguez eta Urdax Bañuelos ELA sindikatuko ordezkariek gaur prentsaurrekoan.
Soldata apalak koska bat gora egiteaz gainera, bestelako hobekuntzak ere izango dituzte erresidentzietako langileek: lanaldia ehun ordu murriztuko diete lau urteren buruan; ordu osagarriak kontrolatzeko neurriak ezarriko dira; norberaren aukerako lau egunei eutsi egingo zaie, eta, aldi berean, asteburuetan atsedenaldiak ugaritu egingo dira; azkenik, hitzarmena «blindatzeko», aurrerako eraginari buruzko klausula bat ere ezarriko da, ituna berritu artean itun berberak segitu dezan indarrean. Aldaketa horietaz gain, azterketa psikosozialak egiteko betebeharra jasoko du itunak, berdintasunaren eta LGTB kolektiboaren aldeko neurriak sustatuko dira, eta baita euskararen aldekoak ere.
«Oso gogorra izan da, higadura fisiko eta psikologiko handia izan dugu, baina azkenean lortu dugu»
SANDRA TEMPRANO Zahar etxe bateko langilea
Gatazkari konponbidea emateko gakoetako bat gizartearen inplikazioa izan dela nabarmendu du ELAk. Hala, eskerrak eman dizkie azken sei urteetan langileen borrokan lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei. Gisa berean, sindikatuak uste du zahar etxeetako gatazka agenda politikoan ezarri izana ezinbestekoa izan dela hura konpontzeko. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak auzian esku hartu zezan lan egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak azken urteetan; alderdi moreak berak datorren urteko aurrekontuak babesteko marra gorritzat jarria zuen zahar etxeetarako itun propioa onartzea.
Itun propioa lortzea garaipentzat jo dute zahar etxeetako langileek, baina azpimarratu dute ez dela euren borrokaren amaiera izango. «Mugarri bat da zaintza eredua aldatzen hasteko». ELAren esanetan, Arabako zahar egoitzen arazoaren muina kudeaketan dago, pribatizatua baitago zerbitzua, eta uste du zaintzaren arloan errentagarritasun ekonomikoak ezin duela lehentasuna izan. Lortutako akordioa publifikazioaren bidean aurrerapausoa bada ere, ez da nahikoa eredua aldatzeko, sindikatuaren iritziz. Bide horretan, iragarri du lan baldintzak eta egoiliarren arreta hobetuko dituen publifikazioa lortzeko borrokari eutsiko diola.
Zahar etxeetako langileen artean poztasuna da nagusi gaur. Urteetako borrokak merezi izan duela azpimarratu dute Sandra Tempranok eta Maria Pancorbok. «Oso gogorra izan da, higadura fisiko eta psikologiko handia izan dugu, baina azkenean lortu dugu», esan du Tempranok. Langileen lan baldintzak hobetzeko ez ezik egoiliarren ongizatea hobetzeko pausoa ere badela uste dute. Hala ere, erresidentzien eredua aldatzeko lanean jarraitu behar dela iritzi diote, pribatizazioaren ondorioz langileen egoera oso «prekarizatua» baitago.
Benito Menniko langileak, Iruñean
Greban diren Elizondoko (Nafarroa) Benito Menni osasun mentaleko zentroko langileek atzo hasitako martxa gaur iritsi da Iruñera, eta han amaitu dute ibilbidea. Lan baldintzak eta osasun mentaleko zerbitzua hobetzea dira langileen eskaera nagusiak. Nafarroako Gobernuaren itunpeko zentroa da Benito Menni, eta Ahizpa Abegitsuen Fundazioak kudeatzen du. Besteak beste, sufrimendu psikosozialeko esperientziak bizi izan dituzten pertsonak artatzen dituzte Benito Mennin.
Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin dute ekitaldia, eta bertaratutakoek pasabide bat osatu dute langileei harrera egiteko. Ekitaldian, langileek Eguberrietako zuhaitz bat apaindu dute beren eskakizun nagusiak jasotzen dituzten mezuekin. Langileen grebak ehun egun betetzen dituen honetan, azpimarratu dute euren egoeraren erantzuleak enpresa, Ahizpa Abegitsuen Fundazioa eta Nafarroako Gobernua direla. Salatu dute enpresak oraindik ere bere etekin ekonomikoak lehenesten dituela zerbitzuaren eta lan baldintzen kontura, eta Nafarroako Gobernuak ez duela bere erantzukizuna hartu.