Eustat estatistika institutuak txosten bat eman du argitara Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, 2024ko emaitzak bilduta, eta besteak beste, zera ondorioztatu du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gizonak gero eta gehiago inplikatzen dira etxeko zereginetan eta zaintzan, baina, hala ere, emakumeek baino denbora gutxiago dedikatzen diete bi esparru horiei.
Eustaten datuek erakusten dute azken hamarkadetan aldaketak egon direla etxeko lanen banaketan. Alde batetik, gizonek gero eta gehiago parte hartzen dute etxeko zereginetan; adibidez, janaria prestatzen parte hartzen duten gizonen ehunekoa nabarmen igo da: 1993an gizonen %33k egiten zuten lan hori, eta 2023an, berriz, %76,6k. Hala ere, 2024ko datuen arabera, etxeko lanetan emakumeek gizonek baino denbora gehiago ematen dute adin talde guztietan. Lan horien artean sartzen dira, besteak beste, etxea garbitzea, janaria prestatzea, arropa garbitzea eta erosketak egitea.
Oro har, emakumeek gizonek baino 0,3-0,8 ordu gehiago eskaintzen dituzte egunean etxeko zereginetara. 35 eta 44 urte artekoei dagokienez, emakumeek batez beste 2,1 ordu ematen dituzte egunean etxeko lanetan, eta gizonek, 1,7 ordu. Antzekoa da aldea 45 eta 54 urte artekoen artean ere: emakumeek 2,3 ordu ematen dituzte, eta gizonek, 1,7 ordu. Are handiagoak dira aldeak 55 urte gorakoetan: andreek 2,4 ordu igarotzen dute egunean etxeko lanak egiten, eta gizonek, 1,6 ordu.
Emakumeen eta gizonen arteko aldea bereziki nabarmena da haurren zaintzari dagokionez. Inkestaren arabera, emakumeek gizonek baino 0,8 eta 2,2 ordu gehiago pasatzen dituzte egunean adingabeak zaintzen. Seme-alaben zaintzari eskainitako denbora aldatu egiten da familia egituraren arabera. 15 urtetik beherako haurren %96,6k bi gurasoen zaintza jasotzen dute familia nuklearretan; guraso bakarrekoetan, ordea, zaintzaren ardura nagusiki amaren gain geratzen da (%66,8).
Lan merkatua
Etxeko lanek eta zaintzari lotutakoek ekonomian duten garrantzia ere bistaratu du Eustatek. 2023an, ordaindu gabeko etxeko lanak EAEko BPG Barne Produktu Gordinaren %28,8 izan ziren, hau da, 26.856 milioi euro pasatxo. Lan horren zati handiena emakumeek egin zuten (%63,5) eta portzentaje apalagoan gizonek (%36,5).
Azken berrogei urteetan aldaketa handia izan da emakumeen lan merkaturatzean, inkestak agerian utzi duenez. 1980ko hamarkadaren hasieran emakumeen okupazio tasa %22,1ekoa zen; gaur egun, berriz, %48,1ekoa da. Era berean, emakumeen jarduera tasa ere nabarmen handitu da. Azken berrogei urteetan hogei puntu baino gehiago igo da, hau da, gero eta emakume gehiago ari dira lan merkatuan sartzen edo lana bilatzen.