Euskararen erabileran koska bat gora egin nahi du Arabako Diputazioak: %4,8tik %8ra

2019tik 2023ra bitarteko planaren ebaluazioa egin ostean, helburu zehatzak finkatu dituzte 2025-2029 epealdirako. Aurkezpenean esan dutenez, nahi duen orok euskaraz bizitzeko aukera izatea da xede nagusia, eta hori lortzeko baliabideak emango dituzte.

Araban euskararen erabilera sustatzeko 2025-2029 plan estrategikoaren aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Araban euskararen erabilera sustatzeko 2025-2029 plan estrategikoaren aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Gasteiz
2025eko irailaren 11
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araban euskararen erabilera sustatzeko 2025-2029 plan estrategikoan hau da helburu nagusia: nahi duen orok euskaraz bizitzeko baliabideak eta baldintzak izatea. Hala azaldu du Iñaki Gurtubai Artetxek, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak, gaur goizean egindako aurkezpenean. 

Txostenean hainbat helburu zehatz aipatzen dira. Adibidez, 2021eko Soziolinguistika Klusterraren kale neurketen arabera, Araban euskararen erabilera %4,8koa zen, eta 2029rako %8ra igotzeko helburua ezarri dute. Euskara zabaltzen jarraitzea ere badute xede. Gurtubai: «Gure helburuetako bat da euskaratik urrun zeuden herritarrak eta etorri berriak euskarara hurbiltzea». Igoera horretan eragiteko asmoz, herrialdeko kultur eskaintzan euskarazko ekitaldiak ugaritu nahi dituzte: aurkeztu duten txostenaren arabera, 2024an eskaintzaren %27,63 izan zen euskaraz, eta %40ra igotzea programatu dute.

Abiapuntua

2019-2023ko plan estrategikoaren ebaluazioa egin zuten iaz, eta ateratako ondorioetan oinarritura osatu dute orain datozen lau urteetarako plana. Gurtubaik argi utzi du ez dela «soilik bulegoan» egindako lana izan, zenbait eragilek elkarlanean egindako «akordio sozial baten emaitza» dela. Planaren diseinuan Arabako zenbait udalerritako eta kuadrilletako euskara teknikariek parte hartu dute, baita Elhuyar fundazioak ere. 

Aurreko plan estrategikoaren emaitzak aztertu ostean, foru diputatuak adierazi du gabezia handienak ekonomiaren munduan eta mundu digitalean atzeman zituztela. Gabezia horiek identifikatuta eta euskararen inguruan zenbait neurketa eginda, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Aroa marko estrategikoa baliatu dute plangintza berria egiteko.

«Helburuak lortzeko, ez ditugu ohiturak inposatuko, baliabideak emango ditugu»

IÑAKI GURTUBAI ARTETXE Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua

Sei ardatz estrategikotan banatu dute programa, eta ardatz bakoitzaren barnean zenbait erronka identifikatu dituzte. Esate baterako, euskararen ezagutzaren eta gaitasunaren ardatz estrategikoaren barnean, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan eragiteko erronka txertatu dute.

Orotara, 34 ekintza planifikatu dituzte, eta Gurtubaik aurreratu du urtero neurketak egingo dituztela ekintza horien eraginkortasuna neurtze aldera. Planaren lehen ibilbidearen ostean, 2027an, ebaluazio sakonago bat egingo dute. Gaineratu du azterketa horietan batez ere gazteen euskararen erabilerari erreparatuko diotela. 

Gabezietara begira

Foru diputatuak ekinbide guztien artean bereziki azpimarratu ditu aurreko planean aurkitutako gabeziak iraultzeko xedea dutenak. Mundu digitalean ikusitako hutsuneari aurre egiteko proposamen bat aipatu du, adibidez: «Arabako gazteen erreferenteak identifikatu eta haiekin lankidetzan hasiko gara». Aisialdiak duen garrantziaz jabetuta, aisialdiko eta kiroletako ekintzen hezitzaileei zuzendutako programa ere nabarmendu du.

Neurrion inguruan atxikimendua sustatu nahi dutela argudiatuta, Gurtubaik adierazi du ez dela inolako «inposiziorik» egongo: «Helburu nagusia hiztun berriak sortzea eta nahi duen orok euskaraz bizitzekoa aukera izatea da. Helburuak lortzeko, ez ditugu ohiturak inposatuko, baliabideak emango ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.