Aralako pistak

Aralarko pisten auzia Europara eraman du Ahal Dugu-k

Xabier Benito europarlamentariak Europako Batzordeari galdetu dio proiektuaren ingurumen eraginari buruzko txostenak Europako araudia bete al duen. Bi hilabeteko epean erantzun beharko du batzordeak. Ahal Dugu-ren iritziz, aldundiak "trikimailuak" erabili ditu araudia sahiesteko.

Goroskintxu txabolara doan bidean hondeamakinak eta kamioiak lanean. GOIERRIKO HITZA
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko maiatzaren 17a
16:55
Entzun

Aralarren pista berriak egiteko proiektuak ez ditu Europak ezarritako baldintzak betetzen, Ahal Dugu-ren esanetan. Alderdiak eta hainbat elkarte ekologistek salatu duenez, proiektuaren ingurumen eraginari buruzko txostenak Europako araudia urratzen du. Hori dela eta, auzia Europako erakundeetara eramatea erabaki du Ahal Dugu-k. Xabier Benito europarlamentariak galdera aurkeztu dio Europako Batzordeari, proektuaren ingurumen eraginari buruzko txostenak Europak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ala ez argitu dezan.

Ahal Dugu-k nabarmendu duenez, pisten ibilbidea hainbat proiektutan zatitu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, "ingurumen eraginaren ebaluazioa errazteko, baita bete behar diren baldintzak murrizteko ere". Alderdiak ohartarazi du era horretan ez dela kontuan hartu zer nolako eragina edukiko lukeen proiektuak eremu osoan.

Aralarreko parke naturala Kontserbazio Bereziko Eremua da, eta Europako Natura 2000 Sareko parte da. Europako erakundeek biodibertsitatea babesteko eratutako sarea da hori. Horrenbestez, sarearen helburua betetzea aldera, "garrantzitsua" da hari dagokion araudia betetzea, Ahal Dugu-ren esanetan. "Zoritxarrez", Benito europarlamentariaren esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak "trikimailuak" erabili ditu legedia sahiesteko. Horien artean aipatu ditu proiektua zatikatzea eta "zorroztasun gutxiko" txostenak egitea ingurumen eraginari buruz. Benitok salatu duenez, "txostenek, kasu askotan, ez dute kontutan hartzen Europako araudiak esaten duena, ezta Europako Batzordeak gomendatutakoa ere".

Benitoren iritziz, aldundiak "ardura printzipioa" ezarri beharko luke "Europako araudiak babestutako gune bati edozein kalte eragin aurretik", eta, orain arte onartutako proiektuek izan duten eraginari erreparatuta, hartzeko dauden erabaki judizialak ezagutu arte itxaron "antzeko proiektuei" onarpena eman aurretik.

Monica Mora Ahal Dugu-ko Gipuzkoako batzarkideak adierazi du aldundiak "herritar guztientzako kudeaketa publikoa" izan beharko lukeela helburu, eta ez lukeela foru gobernuaren jarduna "sektore ekonomiko jakinen interesen alde" bideratu behar.

Europako Batzordeak bi hilabeteko epean erantzun beharko die Ahal Dugu-k aurkeztutako galderei.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.