Energia berriztagarriak

Aramaio eta Eskoriatza arteko parke eolikoak zortzi aerosorgailu izanen ditu

Itsaraz proiektuaren ingurumen inpaktuaren txostena argitaratu dute gaur. Parkeak hartuko duen ingurunea zaintzeko, berriztapen eta birlandatze plan bat aurkeztu dute.

Haizerrotak artxiboko irudi batean. MAURITZ ANTIN / EFE
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 18a
12:30
Entzun

Statkraft Norvegiako enpresak Aramaio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean egin nahi duen parke eolikoak, Itsaraz izenekoak, zortzi aerosorgailu izanen ditu, eta 60,4 megawatteko gaitasuna. Enpresak jakinarazi duenez, urtero 44.100 familia energiaz hornitzen ahalko ditu. Proiektuaren tramitazioa, beraz, aurrera doa: ingurumen inpaktuari buruzko txostena eta proiektua bera gaurtik aurrera daude ikusgai, nahi duen orok bere gogoeten berri eman dezan.

Aurreikusten dute eraikuntza fasea 2026 eta 2027 bitartean egingo dela. Aramaion eta Eskoriatzan kalitate akustikoaren kontrola eginen da, eta behaketa talde batek faunari eta begetazioari behatuko die hamabost egunean behin. Lehenbiziko fasea amaitzean, kaltetutako lurrak zaharberrituko dira, eta ereite hidrauliko bat eginen da.

Hala, enpresaren hitzetan berriztapen eta birlandatze plan bat aurkeztu dute, parkeak hartuko duen ingurunea zaindu eta ahal den neurrian aberasteko. Horrek hartuko duen hedadura, gutxienez, parkeak hartuko duenaren neurri berekoa izanen da. Bi atal izanen ditu berriztapen plan horrek, eta neurrien artean dago fruituak emateko gaitasun handia duten arbolak eta zuhaixkak landatzea.

Faunari lotutako hobekuntzei dagokienez, planteatutako neurrien artean daude, bertzeak bertze: gordeleku artifizialak eraikitzea, narrastien eta anfibioen garapena hobetzeko putzu berriak egitea, eta animaliendako askak prestatzea. Hegaztien populazioari propio zuzendutako neurriak ere badituzte: saguzarrendako aterpeak edo aerosorgailuak automatikoki gelditzeko sistema bat, adibidez.

Proiektu gehiago

Itsaraz parkeaz gain, Piaspe izeneko bertze proiektu bat du eskuartean Statkraft enpresak. 33 megawatteko potentzia izanen du, eta Azpeitia, Errezil eta Zestoa (Gipuzkoa) artean egongo da. Bi proiektuak kontuan izanda, 90 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eginen du enpresak, eta, adierazi dutenez, 2027rako produzituko duten energia ¬ęgarbia, eskuragarria eta bertakoa¬Ľ izanen da. Orotara, beraz, urtean 68.000 familia ingururen kontsumoa asebetetzen ahalko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.