Arantzadiko beste etxegabe talde bat kanporatu du Iruñeko Udalak

Iruñeko Udaltzaingoak goizaldean hustu du eremua, argudiatuta Arantzadi parkearen inguruan handia dela «uholde arriskua». Dozena bat kanpadendatan babes hartzen zuten 25 lagun kanporatu dituzte; haietako batzuei ez diete alternatibarik eskaini.

Zenbait kanpadenda, Arantzadiko frontoian, joan den astean. JOXERRA SENAR
Zenbait kanpadenda, Arantzadiko frontoian, joan den astean. JOXERRA SENAR
maddi iztueta olano
2026ko urriaren 26a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan astekoa nahikoa ez, eta gaur goizaldean beste etxegabe talde bat Arantzadi parkeko frontoi zaharretik kanporatu du Iruñeko Udaltzaingoak. Uda ala negu, hotz ala bero, orain arte bertan hartu dute babes ia berrogei pertsonak, gehienak migranteak, etxebizitza duin baterako sarbidea ezin bermatuta. Iruñeko Udalaren arabera, polizia operazioa «segurtasunagatik» egin dute, argudiatuta Arantzadi parkeko eremu horretan handia dela «uholde arriskua». 

Hilaren 15ean ekin zioten operazioari. Lehenbizi, eremu horretan lo egiten zuen jende kopurua zenbatu zuten: denera, 39 lagun. Gero, joan den astelehen goizean, Iruñeko Udaltzaingoak hogei pertsona bertatik joatera behartu zituen. Jakinarazi zutenez, horietako hamarri udalak kudeatutako aterpetxe batera joatea eskaini zieten; gehienez ere hiru gauerako, ordea. Udalaren arabera, beste hamarrek ez zuten proposamena onartu, edo ez zuten hori onartzerik, «jarrera arazoak» izan zituztelako.

Hala, gaur eman diote segida operazioari. Dozena bat kanpadenda hustu dituzte, eta 25 lagun inguru handik kanporatu. Iruñeko Udalak ohar bidez azaldu duenez, horietatik hamar inguru bigarrenez kanporatu dituzte gaur. 25 pertsona horietatik, hamabi lagunek izango dute hiru gauez Iruñeko Udalaren aterpetxe batean lo egiteko aukera. 

Eskaera Asironi

Polizia operazioak ustekabean hartu zituen bertan babes hartzen zuten migranteak, baita haiekin lan egiten duten auzo elkarte eta herritar sareak ere. Joan den astean egindako agerraldian, Elkarri Laguntza eta Derecho a Techo elkarteek Iruñeko alkate Joseba Asironekin bilera bat egitea exijitu zuten, eta adierazi «minduta eta haserre» daudela. Elkarte horien arabera, gutxi gorabehera berrehun etxegabe bizi dira egun Iruñerrian, baina iritzi diote Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak badituztela «nahikoa diru eta baliabide» egoerari konponbide bat emateko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA