Aranzadi parkeko frontoi zaharraren ingurua zaborrez eta zikinkeriaz beteta dago. Arratoi ugari egon ohi dira sastraken artean. Bertan 25 kanpin denda inguru daude, eta haietako baten barrualdea erakutsi du Kaddour 50 urteko aljeriarrak. «Hotz handia egiten du hemen eta heze dago», mintzatu da gaztelera traketsean. Bere etorkizunaz galdetu dio kazetari batek. Zuzen so egin dio, eta sorbaldak altxatu ditu. Ez daki zer egingo duen. «Nik lan egin nahi dut», erantzun du arabieraz.
Iruñeko Udaltzaingoak gaur 11:00etarako ingurua husteko aginduaren berri eman die bertan bizi diren pertsonei. Presaka, Elkarri Laguntza eta Negu Gorriak elkarteek agerraldi bat egin dute azken egunetan bizitakoaren berri emateko komunikabideei eta gizarteari. Beste bederatzi erakundek bat egin dute mezuarekin —Paris 365 elkartasun jantokia, Salhaketa, Sos Arrazakeria. Elkarte fundazioa, Steilas, Solidari, CGT, Migranteentzako Informazio Gunea...—. «Nekatuta, minduta eta haserre gaude. Aski da!», salatu du Alex Ganuza Elkarri Laguntza taldeko kideak.
Astelehen gauean Iruñeko Udaltzaingoak Aranzadiko ingurua hustu zuen. «Guztia kendu diete. Kanpin dendak, mantak, xaboia, hortzetako pasta eta eskuila... Elkarteok emandako hori dena edukiontzietara bota zuten udaltzainek, eta soinean zuten horrekin baizik ez dira geratu», salatu du irmo Tere Gonzalez Elkarri Laguntza elkarteko kideak. Bi urte baino gehiago daramate egoera salatzen, baina oraingo honetan «beste jauzi kualitatibo bat» eman dela gaitzetsi dute. «Ez diete aterpe bat ematen, eta orain gauzak kentzen dizkiete».
«Guztia kendu diete. Kanpin dendak, mantak, xaboia, hortzetako pasta eta eskuila... Elkarteok emandako hori dena edukiontzietara bota dute, eta soinean duten horrekin baizik ez dira geratu»
TERE GONZALEZ Elkarri Laguntza elkarteko kidea
Elkarri Laguntza elkarteak asteartero laguntza banatzen die etxegabeei. «Astearte honetan uholde bat bizi genuen, utzi zituzten ezer gabe. Nola egin ahal diozu hori txiroa den jendeari? Gero diote faxismoaren kontrako politikariak direla. Nahikoa da gezur horiekin», kritikatu du Ganuzak. Bere esanetan, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak baliabide nahiko dituzte egoerari konponbide bat emateko. «Guk lan handia egiten dugu, baina emaitza txikia lortu. Erakundeen laguntza exijitzen dugu, bestela ez baitago irtenbiderik».
Elkarteek azaldu dute uneotan gehienez 200 etxegabe bizi direla Iruñerrian. Gonzalezek gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak iaz 575 milioi euroko superabita izan zuela eta bost milioi euro baizik ez dituela bideratzen etxegabeen egoerari aurre egiteko. «Aurrekontua bikoiztuko balu, ziurrenik etxegabe guztiok ohe baten gainean lo egin dezakete».

Diruaz gain, Iruñean hainbat aterpe eta ehunka ohe hutsik daudela jakinarazi dute: hala nola, udan Donejakue bideko erromesei ostatu emateko Jesus eta Maria aterpetxea itxi berri da eta hainbat ohe daude; Dama Apostolikoen aterpetxean 50 inguru, autobus geltoki zaharrean 60 inguru, Bigarren Zabalguneko merkatuan 40 inguru... «Salatu nahi dugu bere burua ezkertiartzat duen udalak eskuineko politikak egiten dituela», esan du Gonzalezek.
Joseba Asiron alkatearekin bilera egitea exijitu dute, eta aurpegia emateko eskatu. «Beti bidaltzen ditu zinegotziak, ez du gai honi buruz hitz egin nahi, baina guk alkatearekin hitz egin nahi dugu, hiriarentzat oso gai garrantzitsua baita», azpimarratu du Ganuzak. Gogora ekarri du Errusiak Ukraina inbaditu ondotik bertatik etorri ziren ehunka ukraniarrei babesa emateko sarea antolatu zela. «Halako zerbait egitea nahi dugu, hori baita integraziorako bidea. Ez dute egin nahi afrikarrak direlako? Arrazistak eta klasistak al dira?», galdetu du.
Rachid gaztearen lekukotza
Aranzadiko frontoiaren inguruetan 30 lagun inguru bizi dira, 18 eta 60 urte artekoak. Horietako bat da Rachid, 21 urteko gaztea. Hiru hilabete daramatza bertan bizitzen. Duela hiru urte etorri zen Euskal Herrira. Lorezaintza diploma atera du eta iturgintza ere ikasten ari da. Futbolean ere aritzen da.
Ohe baten gainean, aterpe baten babesean egin nahi luke lo, baina zail zaio gurpil zoro batetik ateratzea. «Laguntza ematen ahal didate logela bat alokatuz gero, baina gela bila hasten naizenean, nongoa naizen esaten dudanean, ezezkoa jasotzen dut beti», azaldu du. Maiz gauetan, babes bila ibili izan da. «Poliziek uste dute ostu nahi dudala baina nik nonbaiten sartu nahi dut lo egiteko».
Elkarteek salatu dutenez, egoera horretatik ateratzeko lehen pausoa litzateke erroldatzea. «Behin erroldatuta gizarte laguntzaile bat lukete, baina ez diete ematen. Auzoetako unitateek agindua dute ez artatzeko erroldatu gabeko jendea. Erakundeek ez diote egoerari aurre egin nahi, haien gaineko ardura hartu beharko luketelako», azaldu du Gonzalezek.
