Arantzadiko agustindarren komentu zaharra hustu, eta han bizi ziren migratzaileak kanporatu egin ditu Iruñeko Udalak. Udaltzaingoa 06:30ean hasi da eraikin abandonatua husten, udalak ingurumarietan egin nahi dituen berrurbanizazio lanei ekin ahal izateko, eta bertan bizi ziren dozenaka pertsonak beste aterpe eta behin-behineko bizitoki batzuetara eramateko lanean dira orain.
Iruñeko Udalak emaniko datuen arabera, 75 pertsona bizi ziren komentuan egunotan, eta horietatik 51ri ostatu eman diete jada hiriburuko aterpetxe eta hoteletan. Gainerakoei dagokienez, honakoa esan dute udal arduradunek: etxegabeetako batzuk Iruñerriko beste udalerri batzuetan erroldatuta daudela eta hara bidali dituztela laguntza jasotzera; beste batzuek laguntza publikoak jasotzen dituztela eta, hortaz, alokairu sozialeko alternatiba bat eskaini dietela; zortzi pertsonak nahiago izan dutela senide edo ezagun baten etxean gelditu; eta beste bost pertsonak uko egin diotela inolako laguntza jasotzeari.
Adinekoentzako zentro bat
Etxegabeen esku jarritako baliabideen berri eman dute Hiri Bizigarri eta Etxebizitza alorreko zinegotzi Joxe Abaurreak (EH Bildu) eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Txema Mauleonek (Zurekin Nafarroa), gaur goizean egin duten agerraldian. Esplikatu dutenez, udala aspalditik ari zen agustindarren komentua zaharberritu nahian: «2011. urteaz geroztik abandonatua zegoen eraikina, erabilerarik gabe, eta kalteak agerikoak ziren: ez ditu betetzen gutxieneko higiene eta segurtasun baldintzak. Ezinbestekoa zen tokia zaharberritzea, dagoeneko bi istripu larri gertatu direlako bertan, eta teknikariek esana ziguten eraikina berehala berritu ezean eraitsi egin beharko genuela», azaldu du Abaurreak.
Zinegotziaren arabera, udalak iazko uztailean egin zituen lizitazioa eta esleipena, eta orain dira hastekoak obrak: «Adinekoentzako egoitza bat eta tutoretzapeko apartamentuak eraikiko ditugu bertan, eta, horrez gain, errehabilitaziorako klinika bat. Hortaz, proiektuak izaera soziala izanen du erabat». Proiektua gauzatu ahal izateko, 7,5 milioi euroren inbertsioa iragarri du Iruñeko Udalak, baina Abaurreak zehaztu du lan guztiak aintzat hartuta inbertsioa «hamar milioi ingurukoa» izanen dela. Izan ere, komentuaren aldamenean dagoen lursail bat ere birgaitu nahi dute, bertan gizarteratze programetarako baratzeak egiteko.
Arantzadin bizi ziren migratzaileei dagokienez, Mauleonek esan du udalak ez diola errealitate horri bizkarra eman: «Ez da izan egun batetik bestera prestatu dugun zerbait. Azken asteetan tokiak eta baliabideak egokitzen aritu gara etxegabeei behin-behineko aterpea eta arta emateko. Udaltzainek hustearen berri eman diete han zirenei, lagundu diete beren gauza guztiak biltzen, eta jantoki sozialeraino lagundu dituzte, han zentralizatu baitugu operazio osoa». Abaurreak gaineratu du udal jantokian otordu bat eskaini dietela Arantzaditik kanporatutako guztiei, eta bizitoki alternatibak aztertu dituztela kasuan-kasuan: «Esku hartzea egokia ez, eskisitoa izan da», esan du.
Eta gero, zer?
Iruñeko Udalaren protokoloaren arabera, etxerik ez dutenek hiru egun ematen ahal dituzte gehienez ere udal aterpetxeetan. Hortik aurrera, kale gorrian geratzen dira horietako asko. Arazoa «egiturazkoa» dela eta «udalaren baliabideak eta gaitasunak» gainditzen dituela uste du Mauleonek: «Oro har, baliabideak falta dira errealitate lazgarri honi aurre egiteko. Ezinbestekoa da administrazio guztien arteko lankidetza: Nafarroako Gobernuarena, Espainiako Gobernuarena eta udal guztiona. Oso onuragarria izanen litzateke, esate baterako, atzerritarren legea baliogabetzea eta etortzen direnei aukera ematea beren egoera erregularizatzeko, besteak beste, lan bat lor dezaten».
Iragan astean, udalak atzera bota zuen 30 bat migratzaileren erroldatze eskaera. Horretaz galdetuta, Mauleonek esan du Iruñeak ez diola inori «errolda ukatzen» horretarako eskubidea baldin badu: «Erroldatze soziala eskatzeko, baldintza bakarra da udalerrian hiru hilabetez bizitzea, eta behin hori beteta, aukera ematen dugu auzo unitateetan erroldatzeko, eskatzaileak ez badu bizitoki propiorik. Kasu honetan, prozedura ez zen egokia izan, baina lanean ari gara informazioa ahalik eta hobekien emateko. Gida bat prestatzen ari gara hainbat hizkuntzatan, eskatzaile guztiek argi izan ditzaten jarraibideak».
Eragileen erantzuna
Elkarri Laguntza elkarteak kritika gogorra egin dio udal gobernuari, iritzita pobreziaren eta etxegabeen auzian politika «krudelak» aplikatzen dituela. Talde horrek salatu duenez, dozenaka pertsona kanporatu dituzte Arantzadiko komentu zaharretik, kalean euria ari zuela eta tenperatura 6 gradukoa zela: «Egoera ezin zaurgarriagoan dira pertsona horiek, oinarrizkoena ere ez dute, errolda eta paperak lortzeko prozesuetan murgilduta daude gehienak. Eta udalak kale gorrian utzi ditu aurretik abisurik eman gabe eta alternatibarik eskaini gabe».
Udalaren jokabidea txarretsi du Negu Gorriak plataformak ere: «Arantzadin bizi zirenetako batzuek konfirmatu digute eskaini dieten alternatiba bakarra autobus billete bat izan dela, Iruñetik alde egin dezaten. Gainera, ustezko bizitoki alternatiba horiek erabili ahal izateko pasaporteak eman behar dituztela esan diete gizarte zerbitzuek. Erregularizazio prozesua hasteko aste gutxiren faltan, neurri hori, absurdoa izateaz gain, krudela da erabat».
Plataformak salatu duenez, gainera, etxegabeetako batzuek beren burua zauritu dute protesta gisara, eta udaltzainek zenbait pertsona atxilotu dituzte. Alta, udal arduradunek adierazi dute oraingoz ez dutela gertakari horien berririk. Negu Gorriak-en arabera, udalaren jokabidea «PPk Badalonan [Herrialde Katalanak] eta EAJk Donostian eta Bilbon» izandako bera da. «Gidoia berdin-berdina da: seinalatze mediatikoa, migratzaileen bizilekuak kriminalitatearekin lotuz; esku hartze polizialak, gero eta ugariagoak eta bortitzagoak; eta azkenik, etxegabetzea, babes neurri gisa aurkeztua».
Hain zuzen, Negu Gorriak plataformak protestara deitu du Arantzadiko komentuaren hustea salatzeko. Elkarretaratzea eginen dute gaur, 19:00etan, Iruñeko udaletxearen parean. Bihar, berriz, hustutzea salatu duten kolektiboak Nafarroako Gobernuaren egoitza aurrean elkarretaratuko dira, 19:00etan. Horretaz gain, iragarri dute manifestazio bat ere antolatzen ari direla hurrengo larunbaterako.