Ararteko kargua hartu du Mikel Manzisidorrek

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran hartu dio lekukoa Manu Lezertuari. Adierazi du ez dela sartuko hizkuntza eskakizunaren inguruan egondako polemikan, eta erakundeak aurretik izan dituen hizkuntza estandarrei eutsiko diela esan du.

Mikel Manzisidor, gaur goizean, ararteko karguari zin egin ostean. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
Mikel Manzisidor, gaur goizean, ararteko karguari zin egin ostean. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
Edurne Begiristain-Maddi Iturriotz
Gasteiz
2026ko otsailaren 5a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel Manzisidor Ararteko karguaz jabetu da gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, hurrengo bost urteetarako. Manuel Lezertuari hartu dio lekukoa —hamar urtez egon da postuan—. EAJk eta PSE-EEk proposatu zuten hautagaia, iaz, eta legebiltzarrak abenduaren 18an izendatu zuen kargurako: EAJk, PSE-EEk eta PPk Manzisidorrenen hautagaitzaren alde bozkatu zuten, EH Bilduk aurka, eta Sumar abstenitu egin zen. 

Oso laburra izan da gaurko saioa; minutu eskas batzuk iraun du. Kargua hartu ostean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari eta Mahaiko kideei eskua eman die Manzisidorrek, baita Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari ere. Aurretik izan diren arartekoak ere saioan izan dira —Manu Lezertua, Iñigo Lamarka, Mercedes Agundez eta Julia Hernandez Valles—, eta haiekin argazkia atera du gero.

Izendapenak, hala ere, polemika handia sortu du, batez ere hizkuntzaren inguruan. EH Bilduk salatu du Manzisidor ez dela euskalduna, eta horrek zalantzan jartzen duela euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak behar bezala defendatzeko gaitasuna. Koalizioaren ustez, Ararteko kargua betetzeko ezinbestekoa da euskaraz jakitea, herritarrek bi hizkuntza ofizialetan artatuak izateko duten eskubidea bermatzeko. Koalizioak, gainera, salatu du hautagaiak ez duela behar adinako independentzia politikorik, eta horrek kolokan jar dezakeela karguaren «neutraltasuna».

Aldiz, izendapena babestu duten alderdiek azpimarratu dute Manzisidorrek ibilbide profesional luzea duela giza eskubideen arloan, eta haren prestakuntza juridikoak eta nazioarteko esperientziak «bermea» ematen dutela kargua egoki betetzeko. Haien esanetan, Arartekoaren lana hizkuntza gaitasunetik harago doa, eta «eskubideen defentsarako konpromisoan» oinarritzen da.

Aurkako argudioei erantzunez

Legebiltzarreko areto nagusian zin egin ostean, hedabideen aurreko lehen agerraldia egin du Ararteko berriak. Kargu berriaren erantzukizunaz eta arduraz mintzatu da, eta eskerrak eman dizkie bere alde agertutako parlamentari guztiei. Oposizioak haren neutraltasunik eza salatu izanaren harira, adierazi du «ulertzen eta errespetatzen» dituela politikaren logikak, baina bera «guztien» arartekoa izango dela. Eta gauza bera adierazi du Arartekoaren ondokoari buruz: «Legeak dioen moduan, datorren astean proposatuko diot nire lantaldea Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, eta ordura arte ez dut aurrerapenik egingo. Halere, ziurtatzen dut erakundearen parte izango direla, eta ez inongo alderdiren parte».

Euskara maila izan da gaur arte Manzisidorren izendapenaren inguruan polemika handiena eragin duena. Gaurko agerraldian, adierazpenak euskaraz eta gaztelaniaz egin ditu, eta azpimarratu du ez dela sartuko bere hizkuntza eskakizunaren inguruan egondako polemikan: «Ez naiz nire euskara mailaren inguruko polemiketan sartuko. Horren inguruan gauza bakarra esango dut: arartekoak orain arte izan dituen hizkuntza estandarrak ez dira apalduko, ez herritarren harreran, ezta nire ekitaldi publikoetan ere». Adierazpen horiek soilik euskaraz egin ditu. 

Ertzaintzak atxilotuen jatorriari buruzko datuak plazaratzearen inguruan galdetuta, erantzun du Bingen Zupiria Segurtasun Sailburuarekin biltzekoa dela datorren astean, eta bilera horren ostean, eta bere lantaldearekin eztabaidatu ondoren, arartekoak egingo dituela beharrezkoak liratekeen adierazpenak. Bitartean, ziurtatu du «ez direla inoren eskubideak urratuko».

Legelaria

Bilbokoa da Manzisidor, Zuzenbidean lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean, eta Nazioarteko Harremanetako doktorea Genevako Diplomazia Eskolan. 2004tik 2014ra Unesco etxearen zuzendari izan zen. 2013an, Giza Eskubideen Aldeko Ligaren mendeurrenean, Giza Eskubideen Urrezko Domina eman zioten, eta 2020an Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria, «giza eskubideen arloan duen proiekzio eta eragin globala» argudiatuta. Epealdi horretan, 2013tik 2024ra, Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kide izan da, baita Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.