Mikel Manzisidor izendatu dute EAEko ararteko, EAJren, PSEren eta PPren babesarekin

EH Bilduk aurka bozkatu du, argudiatuta Manzisidorrek ez duela «karguak eskatzen duen euskara maila». EAJk, ordea, defendatu du ararteko berriak «profil egokia» duela lan horretarako.

Mikel Manzisidor, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Manzisidor, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
14789412 kepa
Gasteiz
2025eko abenduaren 18a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hurrengo bost urteetan Mikel Manzisidor arituko da Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko gisa. Eusko Legebiltzarrak gaurko osoko bilkuran izendatu du kargurako, eta Bilboko legelariak Manuel Lezertuaren lekua hartuko du. Bozketan ez da ezustekorik egon: EAJk eta PSE-EEk proposatutako hautagaia babestu baitu PPk ere, iragarri bezala. Sumar, berriz, abstenitu egin da; eta EH Bilduk aurka bozkatu du. Manzisidorrek euskara ez menperatzea euskaldunen eskubideen kalterako dela uste du koalizio subiranistak. Erabaki horrek, ordea, eztabaida gogorra eragin du taldeen artean: besteak beste «giza eskubideen aurka» aritzea aurpegiratu diote EH Bilduri, eta berriro ere indarkeriarekin lotzen saiatu.

Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu duenez, Manzisidor «ez da arartekoa izateko hautagai egokia, ez baitu karguak eskatzen duen euskara maila». «Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko ezinbesteko baldintza da hori», gehitu du.

Era berean, «karguak eskatzen duen neutraltasuna eta independentzia politikoa» ez dituela bermatuko uste du Rodriguezek, komunikabidetan zutabegile aritu denean «ezkerreko independentismoaren aurka agertu baita». EAJri ere mintzatu zaio EH Bildukoa: Manzisidorren aukeraketa PPrekin, hau da, «autogobernua, erakundeak eta euskal hizkuntza eta nortasuna akabatu nahi dituztenekin» adostea leporatu die jeltzaleei.

Aitzitik, Xabier Barandiaran EAJko legebiltzarkideak zera adierazi du: «Ararteko berriak profil egokia du lan honetarako, eta maila handiko prestakuntza eta ibilbide profesional aitortua ere bai. Gainera, pertsona zintzoa, zentzuduna eta leiala da».

Erakunde horrek «herritarren eskubideen babeserako» duen eginkizun «garrantzitsua» nabarmendu ondoren, «herrialdearen ikuspegia alderdiaren ikuspegiaren gainetik jartzeko» eskatu du Barandiaranek. «Herri hau plurala da, baina, aniztasun hori irmotasunez garatzeko, ados jarri behar dugu; arartekoaren izendapenak eskatzen duen adostasuna, alegia».

Giza eskubideak eztabaidagai

Ekain Rico PSE-EEren legebiltzarreko bozeramaileak argudiatu duenez, Mikel Manzisidorrek «egiaztatutako curriculuma du giza eskubideen defentsan, eta horrek justifikatzen du arartekoa izateko legebiltzarraren gehiengoa jasotzea».

Bitartean, EH Bilduri «beste behin ere giza eskubideen gainetik hizkuntza eskubideak jartzea» egotzi dio PSE-EEkoak. «Euskaraz hitz egin ez baina bere herrikideen giza eskubideak defendatzen ari den euskal gizartearen zati handi baten aurka ari zarete», aurpegiratu die. Are gehiago, Manzisidor EH Bilduren botorik gabe aukeratu izana «giza eskubideen defentsaren bermetzat» jo du Ricok.

Javier de Andres EAEko PPko presidenteak, berriz, «giza eskubideen inguruan» EAJrekin eta PSE-EErekin lortutako akordioa goraipatu du. Hark besteek baino hitz gogorragoak izan ditu EH Bildurentzat: «Adorea behar da gero, akordioak PP zuritzen duela esateko, kontuan hartuta haien burua pertsona bahitu batekin errusiar erruletan jolasten ibili zela», Arnaldo Otegiri erreferentzia eginez. EH Bilduko idazkari nagusiari «torturatzaile» deitu dio De Andresek, eta indar politiko gisa lehenago edo beranduago «suntsitzea» desio duela esan dio koalizioari.

Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak azaldu duenez, «arartekoaren aukeraketak ahalik eta adostasun handiena izan behar du». Haren iritziz, Manzisidor proposatu duten taldeek ez dute adostasun zabal bat lortzeko lanketarik egin.

Legelaria

Bilbokoa da Manzisidor, Zuzenbideko lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta Nazioarteko Harremanetako doktorea Genevako Diplomazia Eskolan. 2004tik 2014ra Unesco etxearen zuzendari izan zen. 2020an Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria eman zioten, «giza eskubideen arloan duen proiekzio eta eragin globala» argudiatuta.

kontseilua: «agerikoa da euskararen ezagutza behar duela»

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldi bat egin du goizean, eta Manzisidorren izendapenari buruz galdetuta, Idurre Eskisabel idazkari nagusiak esan du Kontseiluko zuzendaritzak ez duela oraindik gaia aztertu. Hala ere, adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluko kideen artean «partekatutako pentsamendua eta eskaera» dela kargu publikoek eta gizartean funtzio batzuk bete behar dutenek euskara jakitea ezinbestekoa izatea, lan hori behar bezala egin ahal izateko: «Esango nuke arartekoaren kasuan oso auzi sensibleak ebazteko pertsona den heinean agerikoa dela euskararen ezagutza, dudarik gabe, behar duela auzi horien aurrean behar den kokapena egiteko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.