Arartekoak egiaztatu du Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitaleak uko egiten diola eutanasia aplikatzeari

Nafarroako ospitaleetako zaintza aringarri ia guztiak itunpeko erietxe horrek ematen ditu, baina, hiltzeko laguntza ukatuta, pazienteak behartzen ditu Nafarroako Ospitale Unibertsitariora lekualdatzera. Legearen aurkakoa dela gogorarazi du Arartekoak.

Eutanasia kasu bat, artxiboko irudi batean. BIEL ALIÑO / EFE
Eutanasia kasu bat, artxiboko irudi batean. BIEL ALIÑO / EFE
Ion Orzaiz.
2026ko urriaren 2a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zurian beltz jasota dago eutanasia arautzeko Espainiako lege organikoan: gaixotasun larri eta sendaezin bat dutenei edo sufrimendu jasanezina pairatzen dutenei aukera bermatu behar zaie, arauan jasotako bideen eta baldintzen arabera, heriotza eragiteko edo hiltzen lagunduak izateko. Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitaleak, baina, ez du halako prozedurarik baimentzen, Osasunbidearen itunpeko zentro bat izan arren. Are: esplizituki uko egiten dio eutanasia emateari eta ez du baimenik ematen halakorik egiteko, ez langile eta baliabide propioekin, ez kanpoko lantalde baten bidez.

Patxi Vera Nafarroako arartekoak eman du horren berri, eta zera gomendatu dio Nafarroako Gobernuari: bidea eman dezala zaintza aringarriak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan hartzeko, sistema publikoak ez dezan izan «itunpeko zentroarekiko halako mendekotasunik».

Osasun Departamentuari irailaren 22an igorritako ebazpenean, arartekoak adierazi du paziente askoren familiek salatu dutela «muturreko egoerak» izan dituztela San Joan Jainkoarena ospitalean: «Batzuetan hasia zuten laguntza eskatzeko prozesua, baina ezin izan zen prozedura gauzatu zentroak ez zuelako baimentzen bere instalazioetan eutanasiarik ematea, ez eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko kanpoko talde batek ematea ere».

Salaketa horiek ikertu eta informazioa bildu ostean, arartekoak egiaztatu ahal izan du «praktika hori ez dela salbuespenezkoa», eta paziente askori eragiten diela: «Izatez, Nafarroako ospitaleetako zaintza aringarri ia guztiak San Joan Jainkoarena ospitaleak ematen ditu, Osasunbidearen itunpeko zentroa baita. Ondorioz, zentro horretan ospitaleratuta dauden eta hiltzeko laguntza eskatzen duten pazienteak Nafarroako Ospitale Unibertsitariora lekualdatu behar izaten dituzte haien azken orduetan».

Hil hurren diren pazienteak lekualdatzeak sufrimendu erantsia dakarrela gehitu du Verak: «Inork ez luke beharrezkoa ez den lekualdatzerik izan beharko bere bizitzako azken orduetan antolaketa arrazoi soilengatik, eta are gutxiago legea ez betetzeagatik».

Bi gomendio gobernuari

Arartekoak gogorarazi du, gainera, Nafarroan hiltzeko laguntza bermatzeko eta ebaluatzeko batzordeak ere arazo horren berri emana ziola Osasun Departamentuari, aurtengo otsailean argitaratutako txosten batean. Batzorde horrek ondorioztatu zuen eutanasia aplikatzeari uko egitea legearen aurkakoa dela, eta pazienteak Nafarroako Unibertsitate Ospitalera lekualdatzeak «laguntzaren kalitateari kalte egiten diola, sufrimendua areagotzen duela eta, kasu batzuetan, profesionalek beraiek aipatutako kontraindikazio medikoa eragiten duela».

Horiek horrela, bi gomendio egin dizkio Nafarroako Gobernuari: lehenengoa, beharrezko neurriak har ditzala, ospitaleko zaintza aringarriak Nafarroako Unibertsitate Ospitalean hartu ahal izateko. Hartara, Nafarroako osasun sistemak ez du itunpeko zentroekiko mendekotasunik izanen: «Ezinbesteko zerbitzu publiko baten bermeak baldintzatu ditzake horrek».

Bigarren gomendioa da baldintzak jartzea halakoak berriro gerta ez daitezen: «Esaterako, itunpeko zentroari formalki eskatzea ezezko hori bertan behera uzteko eta zentroan bertan laguntza hori jaso ahal izateko protokoloa ezartzea, bermatuz objektoreak izango ez diren profesionalek esku hartuko dutela edo kanpo talde bat sartuko dela».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA