Biktimak

Arartekoak esan dio Jaurlaritzari «bitarteko guztiak» jar ditzala torturaren biktimen eskaerak ebazteko

Egiari Zor fundazioak Arartekora jo du iruditzen zaiolako, «beste biktima batzuekin alderatuta, torturaren biktimei tratu diskriminatzailea» ematen zaiela.

Egiari Zor Fundazioaren agerraldi bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
xabier martin
2023ko azaroaren 3a
12:40
Entzun

Egiari Zor fundazioak azaldu duenez, elkarteko ordezkari batzuek Arartekora jo zuten duela hilabete batzuk adierazteko asmoz, «beste biktima batzuekin alderatuta, torturaren biktimei tratu diskriminatzailea» ematen zaiela. Eskatu zuten «ez dadila gehiago naturaliza giza eskubideen urraketa». Era berean, Arartekoaren aurrean salatu zuten «ezein araudik ez duela garatu 12/2016 Legea», uztailaren 28koa, EAEn, 1978 eta 1999 bitartean izandako «motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei» errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa. Tramitazio arazoak eta atzerapenak nabarmendu zituzten.

Egintza horiek ikusirik, Arartekoak txosten bat egin du tortura delituaren nazioarteko testuinguruaren eta legez babesteko tresnen gainean, eta Eusko Jaurlaritzako agintariekin harremanak izan ditu, Egiari Zorrek gogoratu duenez, bere kezkak eta gogoetak helarazteko. Hala, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunean, ekainaren 26an, Arartekoak erakunde adierazpen bat igorri zuen, «non argi adierazi baitzuen, jendaurrean, torturaren biktimen alde duen konpromisoa».

Lege hori garatzeko araudirik ez garatu izanaz Egiari Zorrek egindako salaketa dela eta, Arartekoak dio Jaurlaritzako arduradunei esan diela legearen aplikazioari heltzeko, eta kezka agertu diela «biktimak errekonozitzeko eskaerak izapidetzean atzerapena gertatzen ari delako eta atzerapen horrek biktimengan eragina duelako».

Torturatzaileak eta gorespena

Ebazpen horren bidez, Arartekoak eskatu dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari «bere esku dauden bitarteko guztiak jar ditzala biktima guztien eskaerak, izapidetzen ari direnak, epe barruan ebazteko», 12/2016 Legearen arabera. Egia Zor fundazioak jakitera eman duenez, Arartekoak lege horren aplikazioa zertan den aztertzen jarraituko du. Izan ere, eskaera horiek ebazteko epea beste 24 hilabetez luzatu da, «modu egokian eta ahalik eta eperik laburrenean ebatz daitezen».

Egiari Zor fundazioak kasu jakin bat salatu du Arartekora jotzean: «Jaurlaritzaren 2017ko txosten baten arabera, Arturo Espejo guardia zibilak izapidetutako operazio batean, torturaren biktima izan zen Mikel Zabalza». Kasu horri buruz, Arartekoak argi adierazi du «bateraezinak» direla «tortura goretsi edo justifikatzea eta hain egintza gaitzesgarriak ez errepikatzeko bermea». Are gehiago, indultuak, ohore publikoak edo sustapen profesionalak ematea «modu frogagarrian torturatzat jotako ekintzengatik kondenatuak izan direnei» . Arartekoak argi dio gizarteak «zigorgabetasun pertzepzioa izateak edo gizon-emakumeen kontzientziari nazka ematen dioten krimenak zuritzeak» zuzenbideko estatu demokratikoaren oinarriei kalte handia egiten diotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.